NAIZ

Iturrietako zentral eolikoaren proiektua bertan behera uztea eskatu du EH Bilduk

Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek alegazioak aurkeztu dizkiote Iturrietako zentral eolikoari, proiektua bertan behera uzteko. Energia berriztagarrien «hedapen arduratsua» eskatu du koalizio subiranistak.

Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek alegazioak aurkeztu dizkiote Iturrietako zentral eolikoaren proiektuari.
Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek alegazioak aurkeztu dizkiote Iturrietako zentral eolikoaren proiektuari.

Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek Gobernu espainolaren Ordezkaritzan erregistratu dituzte gaur Iturrietako mendietan proiektatutako zentral eolikoaren Ingurumen Inpaktuko adierazpenaren aurkako alegazioak. Koalizio subiranistak azaldu duenez, EAJri alegazioa elkarrekin egiteko deia egin zion bi udalerrietan, baina bietan uko egin dio.

Arraia-Maeztuko alkateak oraindik ez diola erantzun eta Agurainen, berriz, udal Gobernuak udalerrian aurreikusten diren hiru errotak herriko beste leku batean jartzeko prestutasuna agertu duela dio EH Bilduk.

«Zoritxarrez, ez dugu ikusi prozesu horretan laguntzeko inolako borondaterik. Esan genuen elkarrekin indartsuagoak izango ginela zentzugabekeria horren aurka, eta hori berresten dugu», esan dute Raul Lopez de Uraldek eta Ruth Ibisatek, EH Bilduren Aguraingo eta Arraia-Maeztuko bozeramaileek, hurrenez hurren.

Aixeindar enpresak aurkeztutako eskaeran ziurtatzen da parke hori ingurumena babesteko eremuetatik kanpo dagoela, edo paisaiak edo bestelako ingurumen balioak murrizteko guneetatik kanpo. Baina hori «erabat faltsua» dela salatu du EH Bilduk.

Izan ere, Iturrietako Mendiak Europako Natura 2000 Sarean sartutako Kontserbazio Bereziko Eremu batean daudela eta interes handiko 49 espezietan eragina izango lukeela azpimarratu du koalizio subiranistak.

«Gainera, Babes Bereziko Eremua da hegazti nekrofagoentzat eta haien elikadurarako. Handik 900 metrora, Arabako bi Muladarretako bat dago, Analamediko Muladarra hain zuzen. Horrez gain, paisaia aldetik interesa duen eremua da eta mendizaletasuna eta turismo potentziala ditu. Hortik, GR-282 artzaintzako bidea igarotzen da eta monumentu megalitikoak eta ehiza aprobetxamenduak ditu. Gainera, lurzoru ezegonkor batean kokatuko litzatekeela detektatu da», azaldu du.

EH Bilduk energia berriztagarrien «hedapen arduratsua» defendatu du eta Lakuako Gobernuari «plan argi bat» eskatu dio, «helburuak eta epeak ezarriko dituena eta bazterketa eremuak zein izango diren zehaztuko duena».

Arkamoko zentral eolikoa

Bestalde, Kuartango eta Erribera Goitiako udal taldeek ere alegazioak aurkeztu dizkiote Arkamon beste zentral eoliko bat eraikitzeko Aixeindarrek planteatu duen proiektuari.

«Kasu honetan ere, Natura 2000 Sarean sartuta dago, bereziki zaindu beharreko eremu gisa. Halaber, 2002an onartutako Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorial zaharkituan, kokaleku hori Eusko Jaurlaritzak bere garaian proposatutakoen artean ingurumenaren gaineko eragin handiena zuena zen, 100etik 73 eskalan», azaldu du EH Bilduk.