Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Izar Hernando
Ernai

«Bitarteko gehiago behar ditugu gure errealitatearen gainean erabakitzeko»

Pandemiak gazteen egoera drastikoki okertu du. Baina, Ernairen esanetan, ez da ausazko egoera: egiturazko errealitate bati erantzuten dio. Biharko mobilizazioak deitu ditu gazte antolakundeak, egoera iraultzeko formula eraldaketa soziala eta burujabetza direla aldarrikatzeko asmoz.

(Jon URBE/FOKU)
(Jon URBE/FOKU)

Zer irakurketa egiten du Ernaik covid-19aren osasun krisialdiaren inguruan?
Covidaren ondorioak ez dira kasualitatea, lehenagotik bizitzen ari ginen krisi eta joera batzuen azkartzea eta sakontzea baizik. Beste behin ere, sektore zapalduenak izan gara pandemia honetan kaltetuenak eta krisialdi honetatik ateratzeko ardura langileon eta orokorrean herritarron gain jarri da, neurriak soilik eremu pribatura eramanda eta sistemaren produktibitatea etetea une oro saihestuz.

Gazteen esparruan kokatu dituzue biharko mobilizazioak. Hain gaizki al gaude gazteok?
16.196 gazte gaude langabezian Hego Euskal Herrian. Etxebizitzaren gaia ere gordina da oso: emantzipatu ezin diren gazteak %45 eta %56 artean dira, eta emantzipatzea lortzen duen hori prekaritatera kondenatuta dago. Askotan, prekaritateaz ari garenean, baliabide materialekin lotuta dauden lerroei bakarrik begiratzen diegu, baina pandemia honek ez die soilik gure poltsikoei eragin, gure buruei ere eragin die. Gazteok gara psikologikoki kaltetuenak: pandemia garaian bost pertsonatik batek antsietatea, depresioa, estresa sufritu du, eta gazteen artean datu hori bikoiztu egiten da. Argazki horrekin, ezin dugu esan gazteok ez gaudela larrialdi egoeran. Edo egoera aldatzen dugu edo geldituko zaigu belaunaldi bat ez bakarrik baliabide material oso eskasekin, baizik eta ondorio psikologiko eta sozial oso larriekin.

Egoera iraultzeko bidea zein da zuen ustez?
Sistema honen baitan ez dago etorkizunik, osasun krisiarekin batera, larrialdi klimatikoa, zaintza krisia... ditugu. Munduak ez du erritmo hau jasaterik. Egungo egoera aldatu behar da, eta badakit hitz potoloak direla eta trantsizio plan bat behar dugula. Baina plan horrek eduki bat izan behar du oinarri: interesak kapitalaren mesedetan jartzen dituen eredu ekonomiko batetik bizitzak eta planeta erdigunean jartzera pasa behar dugu. Uste dugu eraldaketa sozial hori burujabetzatik pasatzen dela eta erantzuten diola Euskal Herrian helburu eta ideia aurrerakoiak dituen edonoren zentzu onari.

Hortaz, burujabetzari heldu beharra dago.
Eraldaketa sozialak bai ala bai burujabetzaren aldarrikapenen eskutik joan behar du. Etxebizi- tzaren esparruan, adibidez, Nafarroan eta EAEn azken urteetan egin diren saiakerek, nahiko mugatuak izan arren, trabak jaso dituzte Madriletik. Bitarteko gehiago behar dira Euskal Herrian gure errealitatearen gainean erabakitzeko.

Enpleguaren problematikak Ernairen eta LABen arteko aliantza birpentsatzera eraman zaituzte. Horren emaitza da «Gazteontzako lan eskubi- deen Gida». Zertarako aukera emango du elkarlan horrek?
Birpentsatu beharrekoa ez zen soilik tresna zehatz hori. Aitzakia ere bada sindikalismoa gazteongana hurbiltzeko. Sinisten dugu borroka sindikalean, baina uste dugu auziari buelta bat eman behar zaiola. Era berean, sindikalismotik iritsitako proposamen horiekiko jarrera positiboa izan behar dugu gazteok.

Gazteak sindikatuetatik aldentzen ari al dira?
Joera orokor baten baitan dago hori. Izan ere, gazteak ez dira soilik sindikalismotik urruntzen ari. Sistemak indibidualismora bultzatzen gaitu oro har, ditugun arazoak norbanakoaren arduratik konpontzen saiatzera. Egoera horren baitan, borroka sindikalaren lana eta eraginkortasuna ukaezina da. Sindikatuak tresna erabilgarriak dira herri mugimendu indartsu batek dituen aldarrikapenak kalera ateratzen dituenean, plan instituzional bat duenenan... herri prozesu oso baten baitan kokatzen badira.

Hainbat txokotan aurkeztu duzue gida. Zer balorazio egiten duzue?
Lan arloan eskubide gehiagoren alde borrokatzeko beharrezkoa da jakitea orain zein eskubide dauzkagun, zer egin dezakegun eta zer ezin duten egin gurekin. Beraz, horrelako ariketak egitea beharrezkoa da guztiz. Udan beste buelta bat egitea da gure asmoa, ulertuta hilabete horietan gazteen enplkegu prekarioa bereziki pilatzen dela.