NAIZ

‘Euskara Antzokira’ ekimena antolatu du maiatzaren 15ean Sortzen elkarteak

Covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, Euskal Eskola Publikoen aldeko jaia ezingo dela ospatu adierazi du Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak, baina «hezkuntza komunitatea biltzeko beharra ikusita», ‘Euskara Antzokira’ ekimena antolatu du maiatzaren 15ean.

Sortzenek aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu du Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Sortzenek aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu du Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Maiatzaren 15ean ‘Euskara Antzokira’ ekimena antolatu du Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak. Ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, ezin izango du Euskal Eskola Publikoen aldeko jaia ospatu, baina «hezkuntza komunitatea biltzeko beharra ikusita» ekimen berri honi ekin diote.

‘Euskara Antzokira’ ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta «aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea» dela azaldu dute Sortzeneko ordezkariek. Horretarako, Ezkaba, Sanduzelai, Hegoalde, Amaiur eta San Frantziskoko eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eta Antsoaingo antzokiko agertokian aurkeztuko dituzte. Egun honi soinu banda jartzeko Pleura taldekoek ‘Aniztasunez Sortzen’ izeneko abestia konposatu dute.

Denetarik egonen da: antzerkiak, rap-ak, dantzak eta kantak. Emanaldiak bertsolariekin girotuta egongo dira eta eguna amaitzeko Pleurak kontzertu txiki bat eskainiko du.

Aforo murriztua dela eta, bi saio egongo dira, bat goizeko 12.00etan eta bestea arratsaldeko 17.00etan. Sarrerak bihar jarriko dira salmentan 5 euroan, Antsoaingo udalaren web orrian. Streaming bidez jarraitzeko aukera ere eskainiko da.

«Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea dugu xede. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu nahi dugu», azpimarratu dute agerraldian.

‘Nik + Zuk x Guk= Etorkizuna euskaraz!’

‘Nik + Zuk x Guk= Etorkizuna euskaraz!’ leloarekin Nafarroako aurrematrikulazioa euskaraz egiteko deia luzatu du Sortzenek.

Kalitatezko hezkuntza aldarrikatu du, eta hori balio hauetan oinarritzen dela nabarmendu du: «Belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza».

«Egun, Nafarroa osoan D eredua zabaltzea posible bada ere, oraindik ere sasiz betetako bidea da daukaguna, oso baliabide gutxi esleitzen zaio aukera horri. Hala ere, ilusioz eta gogoz begiratu behar diogu etorkizunari. Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskola dugu helburu, eta bide horretan aukerarik onena D eredua da», adierazi du Sortzenek.