NAIZ

Quino Colom joko-antolatzailea fitxatu du Baskoniak azken txanpan Vildoza ordezkatzeko

Quino Colom joko-antolatzailea fitxatu du Baskoniak denboraldia bukatzeko geratzen diren azken bost jardunaldietarako. Andorrako jokalaria Belgradoko Izar Gorria taldetik dator, Vildoza joko-antolatzailearen hutsunea betetze asmoz. 

Quino Colom Pierria Henry geratu nahian, Baskoniaren aurkako neurketan pasa den denboraldian. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Quino Colom Pierria Henry geratu nahian, Baskoniaren aurkako neurketan pasa den denboraldian. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

ACB liga bukatzeko bost jardunaldiren faltan, Baskoniak Quino Colom joko-antolatzailea fitxatu du. Datozen orduetan iritsiko da Gasteizera mediku-azterketa egin eta ondoren, Dusko Ivanovicen aginduetara jarriko da Andorrako jokalaria. 

Belgradoko Izar Gorria taldetik dator Colom eta esperientzia handidun jokalari honek Baskoniaren jokoa antolatu eta «indartzeko» ardura hartuko du, klub gasteiztarrak adierazi legez. Asteon iragarri dute ofizialki Luca Vildoza joko-antolatzaile argentinarrak talde arabarra utziko duela NBAra joateko. New Yorkeko Knikcs taldean jokatuko du. 

Colomek aurtengo denboraldian Serbiako taldearekin Euroligan jokatu du. Guztira, zortzi neurketetan hartu du parte 1,88 metro neurtzen dituen jokalariak. Batez beste, 6,6 puntu eta 2,5 pase eman ditu zortzi partida horietan. 

33 urteko Andorrako joko-antolatzaile hau Espainiako selekzioarekin Munduko txapeldun izan zen 2019. Urte bat lehenago Eurocup-eko boskote onenaren parte izan zen eta Baskoniak zehaztu duenez, ACB liga ere ondo ezagutzen du, 241 neurketa jokatu baititu. CAI Zaragoza, Fuenlabrada, Estudiantes, Bilbao Basket eta Valentzia Basketen aritu zen. 

Behin mediku-azterketak gainditu ostean, Dusko Ivanovicen aginduetara jarriko bada ere, gogoratu behar da asteburu honetan Baskoniak Joventuten aurka jokatu beharreko neurketa atzeratu egin dela, covid-19 kasu positibo gehiago antzeman baitituzte talde gasteiztarrean.