1936ko gerran kamerarekin lehen lerroan aritu ziren hamarnaka emakume

Gerda Taro argazkiak egiten aritu zen 36ko gerran. 26 urte zituela etorri zen eta 27 bete baino egun pare bat lehenago hil zen tanke batek azpian harrapatuta. Ez zen emakume argazkilari bakarra izan. Bera bezala, beste asko dira 1936ko gerran lehen lerroan kamerarekin lanean aritutakoak.

Margaret Michaelis.
Margaret Michaelisen irudia.

Maria de los Santos Garcia Felguera Artearen Historian doktorea da, unibertsitateko irakaslea, ikertzailea eta hamaika argazki erakusketaren komisarioa. Duela aste batzuk Donostiako San Telmo Museoan izan zen eta nahiko ezezaguna den errealitate bat jarri zuen mahai gainean: 1936ko gerran argazkilari lanetan aritu ziren emakumeak. Sorpresa interesgarria.

«Ezustekoa da denentzat, baita niretzat ere. Badaude nahiko sonatuak diren izen batzuk, Gerda Taro kasu. Argazkilaritzaz gehixeago dakien jendeak jakin dezake, era berean, Margaret Michaelis, Kati Horna edo Margaret Bourke-White ere aritu zirela 36ko gerran argazkiak egiten. Bourke-White oso ezaguna da nazien kontzentrazio esparruetako argazkiak egin zituelako. AEBetako armadarekin sartu zen bertan eta argazkiak egin zituen. Baina pixka bat arakatzen hasiz gero, askoz izen gehiago agertzen dira: Vera Elkan, Ruth von Wild, Ana Maria Martinez Sagi... Horiez gain, argazkilari profesionalak ez ziren emakumeak ere aritu ziren argazkiak egiten. Adibidez, Remedios Raholak oso argazki esanguratsua egin zuen bere etxeko balkoitik. Claudek ere aritu zen argazkiak ateratzen, armada frankistaren ondoan. Euskal Herriko irudi asko jaso zituen; Durangon, Eibarren edo Gernikan adibidez. Bai, 36ko gerran argazkiak ateratzen hainbeste emakume aritu zirela jakitea ezusteko ederra da. Era berean, tamaina bereko ezustekoa da nola oraindik ez den inor jarri gai hau oso modu serioan ikertzen», esan du Garcia Felguerak.

Historialariak garbi dauka, «emakumeak betidanik aritu dira argazki kamerak maneiatzen, 1840ko hamarkadatik bertatik. Batzuk modu profesionalean aritu dira eta beste batzuk zaletasunagatik, baina emakume argazkilariak betidanik egon dira».

Margaret Michaelis, Margaret Bourke-White, Claudek, Ana Maria Martinez Sagi, Vera Elkan, Gerda Taro, Kati Horna eta Ruth Von Wild 1936ko gerran aritu ziren lanean, lehen lerroan kamera aldean hartuta. Emakume gazteak ziren, 24-34 urte bitartekoak eta kontzientzia politiko sakona zeukaten. Gehienak ezkerreko ideiak zituzten. Baina tartean zegoen Claudek ere, armada frankistaren alboan aritu zena argazkiak ateratzen.

Emakume gazteak

Margaret Michaelis austriarrak 34 urte zituen Espainiara iritsi zenean. Familia burges batean hazia, Argazkilaritza ikasketak egin zituen eta estudio propioa zeukan Pragan. Gerra hasi aurretik etorri zen Bartzelonara. Arkitektura argazkilaritzan espezializatu zen eta puntako arkitektura aldizkarientzat lan egiten zuen.

Margaret Bourke-Whitek 32 urte zituen eta dagoeneko ibilbide garrantzitsua egina zuen argazkilaritzan. 1929ko Amerikako Depresio Handian aritu zen argazkiak egiten eta ondoren Europara etorri zen, iraultza jasotzera.

Claudek ezizena erabiltzen zuen Claude-Marguerite de Kinnoull britainiarrak. Tabakoaren ekoizpenetik sortutako ondasun garrantzitsuaren jabea zen, kondesa titulua zuen eta 36ko irailean iritsi zen Estatu espainolera. Armada frankistarekin aritu zen argazkiak egiten eta Euskal Herrian jaso zituen irudi horietako asko.

Ana Maria Martinez Sagi katalana zen, 29 urte zituen, familia burgesekoa zen eta puntako kirolaria. Sekulako lana egin zuen emakumeei kirola egiteko aukera emateko. Bera izan zen Bartzelona Futbol Klubeko zuzendaritzako lehen emakumea. Ez zen familiaren mende bizi, mekanografo lana egiten zuen udaletxean eta Bartzelonako parte zaharrean bizi zen. Bertan piztu zitzaion kontzientzia politikoa eta Durrutiren zutabearekin joan zen gerra osoan, argazkiak eginez eta kronikak idatziz.

Vera Elkan hegoafrikarra zen eta 24 urte zituen 1936an. Londresen Argazkilaritza ikasketak egin zituen eta Estatu espainolera iritsi zen Errepublikaren Laguntzarako Batzorde Medikoarekin. Film dokumental mutu bat grabatu zuen bertan. 1937ko urtarrilean utzi zuen Espainia, osasun arazoak tarteko.

Gerda Tarok 26 urte zituen eta 27 bete baino egun pare bat lehenago hil zen, Burleteko gudutik erretiratzen ari zirenean tanke batek azpian harrapatuta. Robert Caparekin batera aritu zen askotan eta hark erakutsi zion ofizioa.

Kati Hornak 24 urte zituen eta Hungariakoa zen. Argazkilaritza laborategi batean laguntzaile aritua, Argazkilaritza ikasketak zituen. Mugimendu anarkistaren oso gertukoa zen eta 1937ko urtarrilean marrazkilari batekin ezkondu zen. Anarkisten kazetari ofiziala izan zen Horna eta aldizkari sonatuetan argitaratu zituen bere lanak.

Ruth Von Wild Bartzelonan jaioa zen eta 24 urte zituen gerra lehertu zenean. “Ayuda Suiza” elkartean aritu zen lanean, haur errefuxiatuak artatzen. Alde batekoei eta bestekoei laguntza eskaintzen zien elkarte horrek, baina Von Wild Errepublikak kontrolatzen zituen guneetan aritu zen batez ere.

Eta aipatzekoa da Tina Modottiren kasua ere. Argazkilari oso ezaguna zen, baina 36ko gerran Sokorru Gorrian aritu zen lanean, ez zen argazkilari bezala aritu.

Argazkilari horietako gehienak baikortasun giro batean iritsi ziren Estatu espainolera. «Gerda Taro iraultzari argazkiak ateratzen hasi zen eta gerrari argazkiak ateratzen amaitu zuen». Eta gainontzekoak, berdintsu. «Iraultza bertatik bertara ikustera etorri ziren. Anarkismoaren giroan pentsatu zen iraultza horrek jendearen bizitzak alda zitzakeela eta, batez ere, emakumeen bizitzak alda zitzakeela. Margaret Michaelisek, Kati Hornak edo Ana Maria Martinez Sagik hori jaso zuten lehen unean. Bide beretik, intelektual asko etorri ziren urte askoan proposatu zituzten ideiak praktikan nola jartzen ziren bertatik bertara ikustera. Adibidez, lurraren kolektibizazioa Aragoin eta Katalunian. Denen artean lantzen ziren lurrak eta uztak denen artean banatzen ziren. Baikortasun garai horrek nahi baino gutxiago iraun zuen; iraultzaren edo gerra irabaztearen artean, gerra irabazi beharrak hartu zuen lehentasuna eta iraultza bigarren lerrora pasatu zen. Nazioarteko begirale askok alde egin behar izan zuten eta emakumeek lehen lerroan egoteari utzi zioten orokorrean, agintzen zutenek ulertu zutelako emakumeek etxeko lanetan aritu behar zutela, zaintzan», azaldu du Garcia Felguerak.

Izan ere, gerraren lehen unean emakumeek garrantzia izan zuten eta lehen lerroan aritu ziren; miliziano joan ziren, ardurak hartu zituzten... horregatik daude hasiera batean emakume milizianoen hainbeste argazki.

Historia nork kontatzen duen eta nola. Gako garrantzitsua da hori. «Adibidez, Gerda Taro Caparen emaztea, Caparen bikotekidea, Caparekin zihoana bezala aurkezten da beti eta bera bere kasa ere aritu zen eta oso ibilbide interesgarria osatu zuen argazkilari bezala. Aipatu ditudan emakume guztiak bezala. Denak aritu ziren lanean gerran», esan du Garcia Felguerak.

Emakume modernoak ziren. Ikasketak zituzten, burua eta begirada zabala, mundua ikusteko gogoa, bide propioak abiatzeko grina... «Emakume kirolariak ziren kasu askotan. Ikasketak zituzten, batzuek argazkilaritza ikasi zuten eta beste batzuek ez. Gehienak burgesiaren parte ziren eta goi mailako hezkuntza jaso zuten. Eta askok beren azalean bertan probatu zuten nazismoa boterera iristeak zekarren errealitatea. Hartara, sinisten zituzten ideiak defendatzeko asmoz etorri ziren. Orokorrean denak Errepublikaren aldekoak ziren, eta gero bakoitzak bere ñabardurak zituen; Gerda Taro komunismotik gertu zegoen, Margaret Michaelis eta Kati Horna, aldiz, pentsamendu anarkistatik gertuago zeuden. Claudeken kasua ere hor dago, armada frankistaren ideiekin bat egiten zuena. Franco babestu zuen, baita ekonomikoki ere».

Apenas iritsi da gaurdaino emakume argazkilari hauen berri, ez orokortasun ez ñabardura. «Sekulako pena da, oraindik emakumeen inguruan ezagutzeko eta ikertzeko daukagun guztiaren seinale da zalantzarik gabe», bukatu du Garcia Felguerak.