Maitane Aldanondo

Leihoak, etxe barruko erosotasunaren lehen osagaiak

Etxean erosotasuna lortzeko bide errentagarri eta azkarrenetako bat leihoak ordezkatzea da. Izan ere, konforta eskuratzeaz gain, energia aurrezten ere laguntzen du, bero galerak ekidinez. Aldea nabarmena da, beroaren %20-%30 inguruk egiten baitu zirrikituetatik ihes.

Leihoak kanpoaldearen eta barrualdearen arteko zubia dira.
Leihoak kanpoaldearen eta barrualdearen arteko zubia dira.

Pandemiak etxean goxo eta gustura egoteak duen garrantzia irakatsi digu. Ordu gehiago bertan igarotzera behartuta, jabetu gara eroso egoteko norberaren bizitokiak dituen gabeziez. Etxebizitza hobetzeko bide asko daude: barnean dagoena molda daiteke, elementuak berrituta edo berrantolatuta, edo kanpoaldetik etxea babesten duen geruzari erreparatu. Leihoak bi aldeen arteko zubia dira. Haietatik sartuta, argi naturalak betetzen du gela; baina egokiak ez badira, zaratak, kutsadurak zein zikinkeriak ere barrura egingo du beroak ihes egiteko erabiltzen duen zirrikituetatik.

Leihoak aukeratzea erabaki garrantzitsua da, horregatik, komeni da informazioa biltzea eta profesionalengana jotzea irtenbide egokiena aurkitzeko. Kontuan hartu beharrekoen berri izan eta materialen inguruan gehixeago jakin asmoz, Itziarko Ibarplas enpresaren atea jo du GARAk. 1991n abiarazitako familia enpresa da, bigarren belaunaldiak gidatzen duena. «Lanez lepo» dabiltza azken hilabeteotan, enkarguz enkargu. «Bidaietan eta halakoetan gastatzerik ez dagoenez, jendea etxean inbertitzen ari da asko», dio bertako arduradun Maider Ibarrolak, egoerarekin pozik.

PVC aroztegia da eta halakoetan berezitu dira. Saltzen dituzten leihoen %98 material horretakoak dira, nahiz eta aluminiozkoekin eta mistoekin ere lan egin. Aukera aproposena zein den galdetuta, erantzun errazik ez dela dirudi. Ez daude bi eraikin berdin eta etxe bakoitza mundu bat da, bezeroak bezalaxe. «Ez dago neurri estandarrik, oso zaila da halakoak enkajatzea». Hori horrela, zerbitzua bezeroen neurrira egitearen garrantzia nabarmendu du Ibarrolak. Haien deia jasotzean, lantaldeak lana banatzen du: etxera joan, neurriak hartu eta aurrekontu bat egiten dute, «gero sorpresarik ez egoteko».

Kasu bakoitzean kontuan hartzen dute batetik, eraikinaren kokalekua, hau da, esaterako, mendi puntan, kostaldean edo etxe artean dagoen; erantzun hobea zein materialek emango duen ikusteko. Bestetik, bezeroaren beharrak, «batek beroari emango dio garrantzia, beste batek, zaratari, eta, hirugarren batek, biei».

Osagaiak beharrei egokitu

Eskakizunak ahalik eta egokien nola ase erabakitzerakoan, leihoa osatzen dute elementuekin jokatzen dute. Profilaz gain, jarritako beiraren arabera, asko hobe daiteke errentagarritasuna eta isolamendua; eta horretan ere eragiten du aukeratutako itxiera motak.

Markoari dagokionez, material ohikoenak aipatu PVCa, aluminioa, egurra edo mistoak dira. PVCa material isolatzaile ona da, ez baita eroale termikoa, hau da, ez dio beroari sartzen edo irteten uzten. Hala, berogailuan edota aire egokituan aurrez daiteke. Aluminioa, berriz, oso arina eta erresistentea da, baina, bero eroalea denez, zubi termikoen haustura duten leihoetan erabili behar da, eragin hori murriztu eta isolatze maila hobetzeko. Biak ala biak «oso onak» dira hermetikoki, akustikoki eta efizientzia aldetik.

Hala ere, antzeko kalitatean, aluminioa garestiago da eta kostaldean edo klima hezeagoetan PVCak «errendimendu hobea du, metalik ez duenez, gutxiago sufritzen duelako». Ibarplasen kasuan, aluminiozkoak ere jartzen dituzte, nahiz eta «oso-oso arraroa» den norbaitek eskatzea, «urtean bost bat etxe izaten dira», zehaztu du Ibarrolak. Mistoekin ere antzera da. Garai batean boladan izan baziren ere, pasatu da.

Egurra material berriztagarria da, ugaria eta isolatzaile ona. Kontrakotasunik ere badu, ordea. «Nahiz eta egurra naturalagoa den, jendeak erosotasuna nahiago du, eta egurrak mantenua behar du».

Beiraren garrantzia

Beirak ere berebiziko garrantzia du, izan ere, leihoaren zati handiena hartzen du, %70 inguru. Bakarra edo bikoitza jar daiteke, eta lodierak zein motak eragina dute. Bikoitza denean, elkarren arteko tarteak isolamendua areagotzen du. Edonola, konposizioa onekoak izan behar dute, beraien funtzioa ondo betetzeko; bestela, bikoitza izanda ere, beroak eta hotzak ihes egingo dute. Ibarrolaren esanetan, gaur egun, isuri baxukoak dira nagusi, etxe barruko tenperatura luzeagoan mantentzen dutenak.

Elementuok aldatzeak obra txiki bat dakar, baina egun gutxitako kontua izan ohi da. Adibide gisa, etxe batean sei-zazpi leiho ordeztu behar badira, bizpahiru eguneko lana da. Hala ere, Ibarrolaren esanetan, bien bitartean bezeroek bizitza normala egin dezakete. «Gaur kendutako leihoa gauerako jarrita daukazu. Zikinak molestatuko dizu, baina obra nahiko garbia da».

«Dirutza» gastatuko dutela uste dutenei profesionalak argitu nahi izan die lehen unetik bertatik nabarituko dutela aldea eta inbertsioa epe-labur ertainera berreskuratuko dutela, energia aurreztuta. Gainera, ordaintzeko erraztasunak eta laguntzak ere badira. Hortaz, honakoa da Maider Ibarrolaren azken aholkua: «Galde dezatela beldur gabe».