Karmele Jaio, GARA-ren begi eta eskuak 2001eko Euroligako finalean

Astelehen honetan bete dira 20 urte Tau Baskoniak Euroligako finaleko desenpatea Kinder Bolonia ahalguztidunaren aurka galdu zuela. Bolonian zen Karmele Jaio egun hartan, berarenak baitziren GARAren eskuak eta begiak, gasteiztarren balentria hura kontatzeko erabiliak.

Karmele Jaio, 2001eko Euroliga bere begien eta eskuen bitartez irakurri genuen GARAn. (Raul BOGAJO / FOKU)
Karmele Jaio, 2001eko Euroliga bere begien eta eskuen bitartez irakurri genuen GARAn. (Raul BOGAJO / FOKU)

Karmele Jaio ez da Emakundeko prentsa arduraduna soilik; ez da idazlea bakarrik, edota 2020ko Euskadi Literatura sariaren irabazlea, «Aitaren Etxea» eleberriagatik. Ibilbide luze eta oparoaren jabe da idazle eta kazetari gasteiztarra; tartean kirol kazetaritzari lotua. Eta kirol kazetaritzaren esperientzia horri lotuta, berak kontatu zigun 2000/01 denboraldian Tau Baskonia hura Euroliga sortu berrian txapeldunorde nola izan zen, bereak baitziren GARAren begiak, eta bereak eskuak kronika haiek kontatzeko.

Hogei urte igaro dira dagoeneko eta Karmele jaioren bizitzak beste ibilbide batzuk jorratu ditu denbora honetan zehar. Erronka berriak, zeregin berriak eta atzera begiratzeko tarte handirik ez. «‘Orain dela 20 urte hemen nengoen, kronika hauek egiten!’, etorri zait gogora garaiko kronikak irakurtzen. Horiek begiratu arte, oso urrun sentitzen nituen gertakari horiek, eta, gainera, nire ibilbidea beste bide batzuetatik joan da. Hogei urtetan gauza asko pasa dira eta ahaztuta neuzkan. Baina egia da kronika horiek berriro irakurtzean berriro etorri zaizkidala gogora garai hartako Oberto, Scola, Bennett...», aitortu du, hemerotekako pieza zaharren aurrean. «Baina era berean, oso gertuko egin zaizkit», aitortu du.

«Errelato» bat azken orduan

Ahaztuta dago, neurri handi batean, garai hartan sortu zela Euroliga, FIBArekin zituen harremanak hautsita; ahaztuta, garai hartan «Mills kasua» izeneko sententzia Baskoniaren alde egokitu zela, zeinak komunitariotzat hartzen zituen Turkiatik, herrialde baltikoetatik... iritsitako fitxaketak. Sententzia horiek gabe, Baskoniak ezingo zituen Stombergas edo Timinskas bezalako jokalariak beregana ekarri, eta, neurri handi batean,, Dusko Ivanovicen etorrerarekin batera, horiek jorratu zuten egungo Baskonia.

«Entrenatzaileak ditut gogoan. Manel Comas zegoela ez nuen saskibaloi kronikarik idazten, baina Sergio Scariolo gogoratzen dut, Salva Maldonado ere bai, nahiz eta honek ez zuen asko iraun Baskonian. Ezta Julio Lamas argentinarrak ere», akordatzen da Jaio. «Eta Dusko Ivanovic, noski», dio oroimenean irribarrea dariola.

Oso urrun sentitzen nituen gertakari horiek, eta, gainera, nire ibilbidea beste bide batzuetatik joan da. Hogei urtetan gauza asko pasa dira eta ahaztuta neuzkan. Baina egia da kronika horiek berriro irakurtzean berriro etorri zaizkidala gogora garai hartako Oberto, Scola, Bennett...

«Kultura sekzioan lan egiten nuen nik, eta, neurri batean, kasualitatez iritsi nintzen saskibaloira. Baskoniaren kronikak egiteko norbait behar zen, Gasteizen gainera, eta bat-batean galdetu zidaten: ‘Karmele, zuk jokatu duzu saskibaloian eta gustatzen zaizu!’. Egia da urte askoan federatuta jokatu nuela eta utzi ondoren ere, nagusiagotan, berriz ere jokatzeari ekin niola. Eta egia da ere gaztetatik Baskoniari jarraitu diodala eta bazkide ere banaizela... Hori dena aintzat hartuta hasi nintzen kronika horiek egiten».

Euroligan aurrera egin ahala, inork uste baino emaitza hobeak iristen hasi ziren, kanporaketak gainditzen. Aurreneko fasea, Peristeri final-zortzirenetan gailentzea. Dino Radjaren Olympiacos final-laurdenetan atzean lagatzea eta Atenasko AEKren aurkako lau partidak, Radic epailearen lapurreta eta Stombergasen 39 puntuak bigarren aldiz jokatu zen aurreneko partida... «Baskonia indartsu sartu da Europako erreinuan». «Olympiacos, dena irabazteko diseinaturiko aurkaria». «Historia egiteko modu distiratsua». «Epaileen lapurreta lotsagarria Atenasen». «Amorruzko erantzuna engainuaren kantxan». «Injustiziak indartsuago egin zituen». «Aurkezpen eskutitz ezin hobea».

Horra Karmele Jaioren titular zenbait, orrialde bakar batetik bi eta hiru orrialdeetara luzatzen hasi ziren kroniketan, eta sekzio aperturako orria hartzen hasiz, beti sinadura berarekin. Eta horrekin batera, kirol kazetaritzan hain ohikoa den azken orduko presa eta urduritasun hori; batez ere, 2001. urtean internet ez zelako gaur egun dena, ezta gutxiago ere.

«Kirol kazetari hark gehiago zuen literatura egiten zuenaren oihartzuna, batekoz bestera baino; ordurako idazten nuen eta partiden kroniketan bai saiatzen nintzen ikuspuntu estetiko batetik errelato on bat bilatzen –Saskibaloi kroniketan eta Gasteizko Jazzaldiko kroniketan bilatzen nuen nik, batez ere, buelta estetiko hori–», gogoratu du.

«Kirol kazetaritzaren langintzak gainontzeko kazetaritza lanarekiko oso ezberdina da. Batetik, idatzi behar den guztiagatik; espazio asko dauka, askotan albisterik gabe; azken orduan eta zein egoeratan! Pabiloian ia ni bakarrik geratzen nintzen ordenagailuarekin, urduri orduagatik, berogailua itzaltzen zuten eta sekulako hotza sentitzen zenuen bat-batean... Oso azkar idazteko ahalmena garatzen duzu eta baldintza oso estuetan; ez zaude etxean eroso eta erredakziotik deika gogoratzen dut ea noiz bidali behar dituzun kronikak», gaineratu du.

Literatura ez da apaingarri bat

Saski Baskoniaren aurkaria Boloniako Virtus –Kinder etxeak babestuta– izan zen, Europan inoiz izan den talderik indartsuenetako bat, zalantzarik gabe. Ettore Messinaren gidaritzapean, Manu Ginobili, Antoine Rigaudeau, Matjaz Smodis, Marko Jaric, David Andersen eta Rashard Griffith zituen.

Urte horietan, FIBAk «Suproliga» zeritzon lehia alternatibo bat antolatu zuen, zeinean Moskuko CSKA, Maccabi, Efes edo Panathinaikos ziren nagusi, eta Suproligako Final Fourra errepikatu beharrean, bost partidako play-off bat jokatu zuten talde biek.

Aurreneko partida, 65-78, eta laugarrena, 96-79, irabazi zituzten gasteiztarrek, eta Bolonian hasi zen final hark Bolonian amaitu behar izan zuen desenpatean, duela 20 urte hain justu ere. Azkenean, logika gailendu zen, eta 82-74 irabazi zuten italiarrek. Saski Baskoniaren Europako odisea Andre Maria Zuriaren plazan amaituko zen; plaza jendez gainezka etxeko taldearen balentria zoriontzeko, inork uste baino askoz urrunago iritsi baitzen Baskonia, eta behin eta betiko, baita hogei urte beranduago ere, Baskonia eta Gasteiz Europako saskibaloiaren elitera iltzatuta geratu ziren.

Bolonian eta Andre Maria Zuriaren plazan izan zen Karmele Jaio, kirol balentria hari bere begirada eta eskuen idatzia ezartzeko.

Nik uste saskibaloiak badituela beste balio batzuk azpimarratzeko modukoak, eta ez epika maskulino hori, zeinean askotan irabaztean duenak bestea ‘zapaltzen’ duen, guda bat bailitzan, eta niri hori ez zait gustatzen

«Garai hartako kroniketan eta Boloniako giroaren berri emateko, nola bizi izan zen saskibaloia memento hartan Bolonian; Fortitudo eta Virtus lako bi talde erraldoirekin. Hori guztia adierazteko, esan dezakezu ‘hemen saskibaloia da garrantzitsua’, besterik gabe, baina literaturara jotzea ez da gauza bat adornatzea. Literaturara edo nahi estetiko horretara hurbiltzea testua oraindik eta eraginkorrago egiteko modu bat da. Ez da bakarrik esatea ‘begira ze polita den ematen dizudan hau’, baizik eta tresna hauek, dela hitzena, egiturazkoak... dira zuk sentitzeko irakurtzen duzun horrek zugan gehiago eragiten duela, askoz sakonago sartzen dela irakurlearen barruan».

«Badakigu kirola lehia dela eta lehia horrek epika berarekin dakar; are gehiago, Baskonia handienen artean hiri txiki bateko taldea izanik. Baina nik uste saskibaloiak badituela beste balio batzuk azpimarratzeko modukoak, eta ez epika maskulino hori, zeinean askotan irabaztean duenak bestea ‘zapaltzen’ duen, guda bat bailitzan, eta niri hori ez zait gustatzen», hausnartu du Jaiok.

«Kirolak badu partida bukatu eta aurkariari eskua eman edo besarkatzeko ohitura ere; kirol kazetaritzak kronika ‘beliko’ bat egitea aukera dezake, baina beste era bateko balioak ere agerian utz ditzake».

«Emakumeoi ez zaigu mediokritaterik baimentzen nonahi azaldu ahal izateko»

Duela 20 urte Karmele Jaio Tau Baskoniaren kronikak idazten zituen ia emakume kazetari bakarra zen, eta ikus-entzunezko hedabideetan ere ez zeuden askoz gehiago.

Esan gabe doa 2001. urtean Araski oraindik ez zela existitzen, 2010ean sortu baitzen, nahiz eta saskibaloian federatuta jokatzen zuten emakumeak bazeuden, Karmele Jaio bera tartean.

«Emakumeek beren burua justifikatu behar dute arlo askotan. Hainbatetan baimentzen zaie, baldin eta oso-oso-oso onak badira. Ez zaigu mediokritaterik baimentzen. Leku guztietan, ez kirolean bakarrik, maila guztietako jendea dago, baina emakumeen kasuan, ez-dakit-non agertzeko bikaina izan behar du. Kasu askotan askoz gehiago eskatzen zaigu, eta kirolean, berez oso maskulinoa den eredu batean, askoz gehiago».

«Inork ere ez dizu zuzenean ‘zertan zabiltza hemen’ esango, baina badira zeharka esateko moduak, eta norberak ere sentitzen du, txikitatik ikasi duzunaren araberakoa ere bai baita. Orduan, ikasi duzun eremu horretatik kanpo zaudenean, oso gustura egon arren, arrotz sentitzen zara, gizarteak ez zaituelako hor kokatzen».

«Arrakala hori bereziki handia da kirolean. Egia da bisibilitateari dagokionez aurreratu dela; nire alabak badaki futbola egiten duten neskak badaudela eta emakume kirol erreferenteak ere izan ditzake, baina ematen zaion balioan, denboran eta dirutan, arrakala oso handia da».

«Kirolari gizartean eskaintzen zaion tarte hori kulturak ez ohi du izan»

Kirolari dagokionez, 2001. urtea ez zen besteak bezalakoa izan zen gasteiztarrentzat, kirolzale izan ala ez izan. Tau Baskoniak Euroliga sortu berriko finala jokatu zuen, eta Alavesek UEFAko final gogoangarria galdu zuen Dormundten Liverpoolen aurka.

«Zeinahi kiroletako talde batek edozer lortzen duenean, bistan da atzetik dakarren hiri baten, herrialde baten... oihartzun hori nabarmena dela. Gogoratzen dut Alavesekin eta Baskoniarekin zer-nolako entusiasmoz bizi zuen jendeak. Harrotasun momentu bat izan zen hura, urrezko garai bat... Jendeak behar ditu halako poztasun batzuk eta urte hartan kirolak eman zizkigun.

Kirolaren oihartzun sozial horrek, bestalde, badu bere ifrentzua; batez ere, futbolari lotuta eta gainerako gaiekin konparatuz gero.

«Gure gizartean, ikusi besterik ez dago ‘Teleberri’ baten kirolak zenbat denbora duen eta zenbat kulturak edo beste guztiak, edo egunkarietan ikusi besterik ez dago ze espazio uzten zaion batari edo besteari –eta askotan kirola deitzen zaio edozer gauzari–. Dimentsio handia dauka gizartean eta horrek jendeak denbora guztian jakin nahi izatea eragiten du», ohartarazi du Jaiok.

«Ni neu ez naiz futbolzalea, baina entrenatzaileak ezagutzen ditut, egunero ikusten ditut... Jarraitu gabe, nahi gabe, hortxe agertzen zaizkit nire bizitzan... Kulturarekin ez da hori gertatzen», laburbildu du azkenean.