Maite Ubiria

Covid-19aren aurreko maskara aitzindaria ekoiztuko dute Lapurdin

Bi enpresaren arteko elkarlanaren emaitza izanen da Lapurdin ekoizturiko musukoa. Jatsun kokatzen den Somocap enpresak, alde batetik, eta Uztaritzen plantatua den Olaberria Scop-ek, bestetik, segurtasuna, berrerabilpena eta erosotasuna hobetsi dituzte lan mundura zuzenduriko maskara sortzerakoan.

«Respi» maskararen aurkezpen bideotik ateratako pantaila-argazkia. (NAIZ)
«Respi» maskararen aurkezpen bideotik ateratako pantaila-argazkia. (NAIZ)

Damien Saumureau eta Antoine Harpages eko-disenatzaileen laguntzaz, hurrenez hurren Jatsun eta Uztaritzen kokatzen diren Somocap eta Olaberria enpresek segurtasuna, berrerabilpena eta erosotasuna hobetsiko dituen musukoa ekoizteari ekinen diote heldu den uztailetik aitzin.

Bi diseinatzaile hendaiarrek Decathlon saltegian lan egin zuten badira urte batzuk eta gehienbat itsas kiroletan erabiltzeko tresnak garatzeko orduan hartu zuten eskarmentua zinez lagungarria egin zaie «Respi» (Réusable Silicone Protection Initiative) izena hartuko duen maskara sortzeko orduan.

Mundu mailan neurtzen den pandemiari aurre egiteari begira herritarrentzat ezinbestekoa bilakatu den tresna berritzeko, alegia lan eremuan baliatzeko pentsatuta dagoen maskara «aitzindaria» sortzeko, enpresa txiki eta ertainen kategorian sartzen diren bi lantegiek indarrak bateratzea erabaki zuten.

Egitasmoaren abiapuntua hauxe izan zen: pandemiaren testuinguruan erabili ondoren zakarrontzira botatzen ditugun musukoek hondakin kopuru itzela sortzeaz gain baliabideen xahuketa ekartzen dute.

Garbitu ondoren berriz baliatu ditzakegun maskaren kasuan «lehenengo gaien kopuru handia behar da babes tresna horiek sortzeko, gehienetan oihalez eginak baitira, eta gainera segurtasun maila apala eskaintzeko».

Silikonaren gainean hainbat azterketa eta oinarrizko diseinua egin ondoren ekainaren hondarrean lehenengo maskarak ekoiztuko dituzte Fabrice eta Nathalie Sourhouetek kudeatzen duten Somocap enpresak Jatsun duen atelierrean.

40 bat lagunek lan egiten dute kautxoa, termoplastikoa eta konposita bezalako materialak baliatuz piezak ekoizten dituen enpresan. Dagoeneko lehenengo konfinamenduaren garaian covid-19aren hedatzea mugatzeko baliatzen diren beste hainbat produktu garatu zituzten Somocap enpresan.

Jatsuarrek eskualde berean kokatzen den Olaberria Scop izanen dute bidelagun «Respi» musukoa sortzeko proiektuan.

20 bat behargin ari dira Mikel Curutcharry zuzendari duen ekoizpenerako kooperatiba elkarte horretan. Olaberriak bere webean azaltzen duenez, «plastikoa eta silikona likidoaren injektatzeko moldeen fabrikatzean espezializatuta dago».

Ingurumena eta lan mundua

Erabili ondoren botatzen ditugun maskarek ingurumenari egiten dioten kaltea mugatzearekin batera gehienbat lan jardueretan erabiltzeko aproposak izanen diren musukoak ekoiztea zuten xede.

Hasieratik argi izan zuten musuko berriak ezaugarri zehatz batzuk behar zituela bete. Eguneroko lanaldia ardatz hartuta, musukoak babes altua behar zuen bermatu, bide batez sendotasun, iraunkortasun eta erosotasun maila egokiak eskainiz.

Hala, premiazkoa jo zuten musukoak aurpegian ondo atxikitzeko gaitasuna bermatzea, baita «betaurrekoak erabiltzen dituzten lagunengan lurrun sortzeari loturiko traba gainditzea ere».

Kirol jarduerei begira lan egiteko ohitura zuten disenatzaileek ezagupen horiek lan munduak dituen behar bereziei erantzuteko egokitu behar izan zituzten lehenengo prototipoak sortzeko.

Silikonaren moldea baliatzen duen «Respi» maskarak itxidura egokia bermatzeaz gain luzaroan aurpegian eramateko baitazpadakoa den erosotasuna eskaintzen du, azalaren aireztatzea ahalbideratzen baitu.

Erabili ondoren gordetzen den molde horren barruan sartzeko «partikula tipien aurrean %90ean eraginkorrak diren filtroak» garatu dituzte.

Hala maskararekin batera hogei aldiz gehienez garbitu ahal diren filtroak merkaturatuko dituzte.

Fabrice Sorhouet Somocapeko kudeatzaileak FranceBleu irratiari emandako azalpenen arabera produktu berriak «lehenik eta behin babesa baina baita erosotasuna ere» xekatzen duten profesionalei zuzentzen da.

Bistan da, lantegietara gerturatuko dira «Respi» musukoa proposatzeko, baita jende anitz hartzen duten saltegietara ere. Oro har langile kopuru aski handia duten enpresetara bideratuko da mozkin berria, beste komertzio motak edo jende harrera bermatzeko jarduerak baztertu gabe.

«Respi» maskararen sortzaileek orotara ehun aldiz erabili ahalko den silikonako moldea eta filtroetaz osaturiko «pack» bat merkaturatzea aurreikusten dute. 30 euro inguruan salduko dute produktu berria.