Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Patri Pinedo
Eskubaloi jokalari ohia

«Finalak irabazi ahal izateko jokatu egin behar dira; denborarekin gehiago baloratzen duzu»

Duela hamar urte Itxako Txapeldunen Ligako finala jokatzen zegoen Iruñeko Katedralean. Egun batzuk lehenago Patri Pinedok (Amurrio, 1981) adierazi zuen «finalak irabazteko daudela», hamarkada bat beranduago beste perspektiba batekin baloratzen du balentria, NAIZi adierazi legez. 

Patri Pinedo, finala jokatu aurretik eginiko elkarrizketa batean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Patri Pinedo, finala jokatu aurretik eginiko elkarrizketa batean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

«Ez zen izan gure neurketarik onena, hori gogoan dut, eta baita kaleratze asko eduki genituela ere, hori akorduan daukat», dio Patri Pinedok, duela hamar urte Itxakok jokatu zuen Txapeldunen Ligako finaleko itzulerako neurketa gogoratzeko ariketa egin berritan. 

Partidaren hasiera kaskarra egin ondotik, itzulerako neurketa baldintzatua egon zelakoan dago: «Bagenekien Txapeldunen Ligan gol bat gora edo behera zeresana daukala,. Kanpoko partida galdu egin genuen. Eta etxean gol batengatik ez genuen lortu markagailua iraultzea. Bizitza guztian egongo gara horri bueltaka, zergatik joaneko partidan ez genuen beste markagailu bat egin…».

Norvegiako Larvik indartsuren aurka lehiatu ziren finalean eta itzulerako neurketan «Anaitasunaren pabiloia bete egin zen. Oso oroitzapen politak ditut, nahiz eta galdu, amaierara arte aukera eduki baikenuen», kontatzen dio NAIZi Amurrioko jokalari ohiak. Txapeldunen Ligako finala jokatu eta  urtebete beranduago erretiroa hartu zuen eta orduan, bazekien «zaila izango zela horrelako beste final batera iristea». 

Orduan, gainera, behin finalera iritsita «finalak irabazteko daude» adierazpenak ere egin zituen eta hamar urte beranduago, adiera horrekin ados baldin badago ere, ñabardura bat erantsi dio: «Irabazi ahal izateko jokatu egin behar dira. Denborarekin gehiago baloratzen duzu; Txapeldunen Ligako final bat jokatzea, kirol-munduan izan daiteke, Joku Olinpikoekin batera, mundu guztiak nahiko lukeen zerbait».   

Uste du partida hobea eginez gero, irabazteko moduan egongo liratekeela. Bera bi aldiz kaleratu zuten, Andrea Barno hiru aldiz, minutu asko egon ziren bat gutxiagorekin jokatzen «eta Larvik moduko talde baten aurka ordaindu egiten da». «Partida hasiera giltzarria izan zen. Partida hasi eta hamargarren minutuan hutsartea eskatu zuen Ambrosek, ez ginelako ondo hasi. Eta ez zen izan ez geundelako motibatuta. Beharbada, gehiegi? Izan zitekeen. Batzuetan gehiegi motibatzea ere ez da ona, oreka bilatu behar da». 

Nolabaiteko oreka bilatu zuten eta iritsi ziren neurketa berdintzera –«hor ibili ginen neurketa osoa, berdindu, gol bat aurretik, gol bat atzetik…»–. Oraindik ere partida hasiera «grabatuta» daukala onartzen du amurrioarrak, hala nola Loke pibotearekin eduki zuen lehia estua ere. «Argi daukat kaleratu ninduten azken aldiz ez zela izan bidezkoa; berak oso ondo egiten zuen lurrera bota zen… Esperientzia handiko jokalaria da eta ondo egin zuen eta kalera bota ninduten», azaltzen du barre artean.

Taldea Txapeldunan Liga irabazteko diseinatua zegoela ere onartzen du. Ligan aise irabazten zuten edo tira, «arazo gehiegirik gabe eta Txapeldunen Ligan maila emateko osatu zen taldea, apostu egin zen Europa mailan goian geratzeko». Apostu egin eta hurrengo urtean arazoak sortu ziren klubean: «Urte batetik bestera izan zen, pasatu ginen Txapeldunen Ligako finala jokatzetik eta egunean kobratzetik, Txapeldunen Ligan jokatzera baina kobratu gabe». 

Azken urteetan ordainketa arazoekin ibili ziren. Pinedok 2012ko udaran utzi zuen taldea eta azpimarratu du pena izan zela taldearen gainbehera ikustea, «herriko talde bat izaterakoan, Lizarrakoa, jarraitzaile pila bat zituelako, jendea oso inbolukratuta zegoen». «Gu jokalariok ez ginen arduratzen kudeaketaz, zuzendaritza talde bat zegoen eta beraiek jakingo dute zer demontre egin zuten ekonomikoki hain gaizki ibiltzeko», dio tinkotasunez.