Arnaitz Gorriti

Goran Huskic gabe, Bilbao Basketek Fuenlabradari nolabait irabazi beharko dio

Fuenlabradaren aurka jokatu aurretik Leonardo Totè aurkeztu du talde bilbotarrak eta pibot serbiarrak beltzezko gizonekin segiko ez duela ere konfirmatu du klubak. Balvinek jokatzeko aukera txikiren bat izan lezake.

Goran Huskicek ez du jokatuko Fuenlabradaren aurka. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Goran Huskicek ez du jokatuko Fuenlabradaren aurka. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

RETAbet Bilbao Basketek zapatu gauean, 20.45etan hasita, Fuenlabradaren aurka jokatu beharko du Miribillan. Birritan atzeratu behar izan da neurketa hau, covid-19a dela-eta. Aurreneko aldian, Fuenlabradako jokalariak zebiltzan koronabirusaren olatuak zeharkatuta, eta bigarren atzerapena, berriz, Bilbao Basketeko jokalariek. Hirugarrenean, bada, partida jokatu ahal izango da.

Neurketa honetan ez da Goran Huskic pibota izango beltzezko gizonen artean. Denboraldia hasi eta gero, joan den azaroaren 11an, Burgosek utzita ekarritako jokalari serbiarrak ez du bizkaitarren artean segiko, klubak eta jokalariak bien arteko lotura eteteko akordioa izenpetu ostean.

Ez du espero adinako emaitzarik eman Goran Huskicek. Hala, partidako 14 minutu bakarrik jokatu ditu batez beste eta 5,2 puntu eta 2,4 errebote lortu ditu.

Bestetik, Fuenlabradaren aurkako partida hau jokatzeko Ondrej Balvin itzuli daiteke. «Ez dakigu ondo zer egin. Aukerarik baldin badugu, minuturik izan lezake, baina azkenera arte itxaron beharko dugu», adierazi du Alex Mumbru entrenatzaileak partida aurreko prentsaurrean.

Koronabirusak jota, ezin izan zuen pibot txekiarrak Kanaria Handiaren aurkako partida jokatu, eta ahulgune hori nabarmena izan zen. Felipe Dos Anjos ez zen behar bezain azkar mugitu Kanaria Handiko pibotak geratzeko eta Miniotas eta Kulboka, ostera, biak ala biak covid-19a pasa berritan, oso ahul aritu ziren.

Hori guztia aintzat hartuta, Bilbao Basketek Leonardo Totè pibot italiarra fitxatu du eta ostiral honetan bertan aurkeztu du talde bilbotarrak Fortitudo Boloniak lagata datorren jokalaria: 23 urte eta 2,11 metrokoa.

«Eskola zaharreko pibota da bera: gogorra eta erreboteatzaile fina», adierazi du Alex Mumbru fitxaketari buruz. «Kanaria Handiaren aurka ez zuen jokatu oraindik taldekideen izenik ere ez zekielako! Entrenamendu pare bat egin ditu orain eta lagunduko digun itxaropena daukat», gaineratu du bilbotarren entrenatzaileak.

Irabazi ala irabazi

Duela pare bat aste Fuenlabrada Bilbao Basketen arerio zuzena zen maila mantentzeko borrokan. Baina Josep Maria Raventos entrenatzaile berria iritsi ostean –denboraldiko hirugarrena–, Fuenlabradak graontz egin du sailkapenean eta egun, 11 garaipen lortuta, beste urtebetez ACB Ligan ariko da Madrilgo taldea.

Hori ez da albiste onegia bilbotarrentzat. Fuenlabradan irabazi egin zuen joaneko itzulian Bilbao Basketek eta «basket averagea» aldeko izan zezakeen sailkapenean berdinduz gero. Baina kontu horiek amaitu ziren eta joan den asteazkenean Kanaria Handiaren aurka 71-92 galdu ostean, batez ere aurreneko erdi oso txarra egin eta gero, zapatuko partida irabaztea ezinbestekoa da.

Fuenlabradak bere etxeko lanak bete baditu, badu Bilbao Basketek ere bereak betetzen joateko sasoia. «Galtzen duzunean sekula ez zaude ondo, baina ez daukagu gogo txarrez egoteko astirik ere, berehala Fuenlabradaren aurka jokatu behar baitugu. Beraien aurka gutxienez haiek jartzen duten energia hori berdindu behar dugu. Ez da erraza hiru egunetik behin jokatu beharra, baina gauzak datozen bezala hartu behar ditugu, eta kitto», onartu du Alex Mumbruk.

Massenat, laguntzeko prest

Gasteizen, berriz, Franz Massenat eskolta aurkeztu dute ostiral honetan, bezperan Illunben debuta egin ostean. Saski Baskoniara iritsi izana «harro egoteko modukoa» dela onartu du Haitiko hiritartasuna duen jokalari estatubatuarrak.

«Ezagutzen dut Saski Baskonia, Europan zehar talde ezaguna baita. Harro nago hemen egoteagatik eta entrenatzaileak eskatzen didan hori betetzeko gertu nago», adierazi du bere aurkezpen prentsaurrekoan.

Harro egoteaz gain, ulertu du Massenatek, itxura baten, ez dela Gasteiza denbora-pasa etorri. «Klubaren neurria aintzat hartu behar dut eta balio dudan hori erakutsi behar dut orain. Entrenatzaileak erreboteak behar baldin baditu, lauzpabost bada ere hartuko ditut», gaineratu du, adibidez.