Hiru euskal taldeek Madrilen bilatuko dituzte euren helburuak

Athleticek Atletico bisitatuko du larunbat honetan (12.00) eta Realak Rayoren kontra jokatuko du (18.30). Igandean, Real Madrid-Eibar partidaren txanda helduko da (12.00).

Lau garaipen jarraian ospatu ondoren, azkena Realaren kontra, Atlético bisitatuko du Athleticek bihar. (Aritz Loiola/Foku)
Lau garaipen jarraian ospatu ondoren, azkena Realaren kontra, Atlético bisitatuko du Athleticek bihar. (Aritz Loiola/Foku)

Antzeko bidaia egingo dute asteburu honetan hiru euskal taldeek, helburu berberaren bila. Athletic bere bolada onarekin jarraitzen saiatuko da larunbat honetan Atletico Madrili egingo dion bisitan (12.00), Realak derbiko kolpea ahaztu nahi du Rayoren zelaian (18.30, Gol) eta, igandean, Eibarrek 30. jardunaldiko ustekabea bilatuko du Real Madrilen kontra (12.00, TDP).

Natalia Arroyok hainbat jokalari berreskuratu ditu Rayo bisitatzeko (18.30, Gol) baina Adriana Nanclares, Tejada, Nuria Rabano eta Franssi ez daude oraindik deialdian sartzeko prest. Alde horretatik taldea joan den astean baino hobe badago, animikoki bultzakadatxo bat beharko du derbian jasotako kolpeari buelta emateko. «Aste gogorra izan da», onartu du Natalia Arroyok. «Nola» mingarria izan zen, baita «non» ere eta, noski, porrotaren ondorioekin gauza bera gertatzen da.

Matematikoki posible dute oraindik zuri-urdinek Europarako sailkatzea, are gehiago kontuan hartuta atzeratutako partida bat jokatu behar dutela eta denboraldiko azken txanpa honetan Real Madrilen aurkako neurketa ere badutelako, baina argi dago azken hilabeteotan «izan dugun ilusioa urrunago» dagoela.

Baina horrek ez du esan nahi denboraldia amaitu denik edo «dezepzionatuta sentitu behar garenik». Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzea «ez da inoiz betebehar bat izan, taldearen lan onaren ondorio bat baizik», azpimarratu du Realeko entrenatzaileak. «Hirugarren postua urrunago daukagu orain baina laugarrena postu txarra denik ezin dut pentsatu. Urtetik urtera goruntz doa taldea, hazten ari da. Asko? Gutxi? Bakoitzak bere iritzia izango du baina gure asmoa gauzak ondo egiten jarraitzea da, amaierara arte, eta ikusiko dugu noraino heltzen garen».

Eta helburu horrekin doaz gipuzkoarrak Vallecasera. «Gure esku dago gauzak ondo egiten jarraitzea eta Realak historian izan duen postu onenean amaitzea. Rayoren aurka hiru puntuak eskuratzea garrantzitsua da horretarako, laugarren postuari eusteko eta, beharbada, desabantailak txikitzeko. Ondo egiten jarraitzen dugun gauza guztiak garrantzitsuak izango dira denboraldi amaierarako, datorren urterako eta etorkizunerako. Ezin dugu, ilusioa urrunago ikusten dugulako, urte osoan zehar egin duguna ahaztu eta ez saiatu horrela jarraitzen».

Aste gogorra Athleticentzat

Sailkapenean dezente beherago dagoen arren, askoz une hobean dago Athletic egun. Jaitsieraren arriskua guztiz ahaztuta, zuri-gorriek lau garaipen jarraian eskuratu dituzte eta, zelai gainean «hain fin» ibili ez diren partidetan, Realaren kontrakoan esaterako, «taldea lehiakorra izan da eta gol aukerak sortu ditu. Puntu horretan gaude», azpimarratu du Iraia Iturregik. Ondo etorriko zaio, denboraldia amaitzeko zein nolako egutegia duen kontutan hartuta. Hurrengo zortzi egunetan, izan ere, Atletico de Madril (larunbatean, 12.00), Bartzelona (asteazkena) eta Real Madril (hurrengo igandea) izango ditu aurkari. «Taldeak lehiakortasun maila horri eusten badio, puntuak lortuko ditugu», aurreratu du bere entrenatzaileak.

Lehen hitzorduari begira, Atleticori aurten «erregulartasuna» falta izan zaiola azaldu du Iturregik. Baina horrek ez du esan nahi aurkari erreza izango denik. «Kalitate handiko jokalariak ditu, diferentzia markatzen duten jokalariak. Zelai-erdian oso futbolari trebeak baloiarekin eta, batez ere, aurrean oso jokalari azkarrak ditu. Zer esan daiteke Ludmilari buruz, azkarra izateaz gain golegilea ere bada». Azken urteotan «oso partida lehiatuak izan» direla talde bien artekoak, gogorarazi du entrenatzaile bizkaitarrak «eta horrelako bat espero dut oraingoan ere, partida zaila edukiko dugu. Baina gure mailari eusten badiogu eta azken partidan baino hobe bagaude baloiarekin, aukerak izango ditugu».

Ane Azkonak arazo fisikoak gainditu eta taldekideekin bidaiatuko du Madrilera. Nekane Diez, Garazi Murua eta Erika Vazquez, berriz, etxean geratu beharko dira.

Eibar, ustekabearen bila

Igandean helduko da, azkenik, Eibarren txanda (12.00, Teledeporte). Real Madril bisitatuko du, behin betiko bultzakada emango lioken ustekabearen bila, azken emaitzen ondoren jeitisera postuekiko sei puntutako aldea pilatu ondoren.

Azken partida horiek, gainera, ez dizkio bakarrik puntuak eman. «Taldea konfiantza handiarekin dago –azpimarratu du Iker Dorronsorok–. Granadillaren aurkako partidan gure nortasuna berreskuratu genuen eta Betisen aurka ere berriro ere erakutsi genuen. Lau puntuek konfiantza eta lasaitasuna eman digute».

Horregatik, baikortasunez bidaiatuko dute armaginek, Real Madril oso aurkari indartsua dela jakin badakite arren. «Partida on bat egin eta zerbait lortu dezakegu. Azken neurketetan egin duguna egiten badugu, hau da, defentsiboki taldea sendo badago eta elkartuta bagaude, aurkariari kosta egiten zaio min egitea», azaldu du. Punturen bat eskuratzeko gakoa, beraz, «lan defentsibo sendoan» egon daiteke.

Hirugarren jardunaldiz jarraian, Thembik ezin izango du jokatu, orkatilan sufritu zuen bihurridurarengatik. Jujuba, berriz, zalantzan dago, orkatilan dituen arazoengatik.

Alaves igandean igo daiteke

Datorren denboraldian beste euskal talde bat ere lehiatuko da Lehen mailan. Zalantza bakarra, zein eta igoera noiz lortuko duen. Alaves eta Osasunaren artean dago baina, aurreko asteburuan gorritxoek berdindu ondoren, gasteiztarrek euren abantaila handitu dute eta azken urratsaren faltan daude. Amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean, hiru puntu behar dituzte igoera gauzatzeko. Lehen aukera igandean izango dute Ibaian (12.00), Oviedo Modernoren aurkako norgehiagokan.