Maddi Txintxurreta

Lehen diskoa kaleratu du AMAK taldeak, amatasunaren eta emakumearen izatea ardatz

Ostiral honetan aurkeztu du Baga Biga ekoiztetxearekin batera lehenengo diskoa AMAK  laukote gipuzkoarrak, taldearen izen bereko lana. Anitza da melodiaz eta letraz, baina helduleku bitan topo egiten dute kantuek zein taldekideek: amatasuna eta emakume izaera.

AMAK taldeko laukotea, diskoaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)
AMAK taldeko laukotea, diskoaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Panderoa eta trikitiarekin, baina trikitia entzuteko beste modu bat proposatzen dute AMAKeko kideek izen bereko diskoko zortzi kantuen bitartez. Ez da oximorona: trikitixa eserita entzun daiteke, eta hori bilatu dute Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solanok.

«Kantu guztiak ez dira dantzagarriak, gure kontzertuetan jendea eserita egoten da, ez egoerak agintzen duelako, guk hala nahi izan genuen. Beti erlazionatzen da trikitixa feriekin, festarekin, txirrindulari lasterketekin, baina Trikitixa lasai-lasai entzun daitekeen musika ere bada», argitu du Telletxeak ostiralean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean egindako aurkezpenean.

Ausaz elkartu zen laukote gipuzkoarra, halako proiekturik bilatu gabe, orain bi urte Oñatiko trikitixa jaialdi batean batera jotzeko deitu zituztenean. Eta ausaz edo patuz sortu zuten AMAK, taldeko kideen izenen lehen hizkiekin osatuz proiektuaren izena; eta izana, laurak baitira ama.

Musikan esperientziadunak dira taldea osatzen duten emakumeak, aurretik beste talde batzuetan sakabanatuta ibili baitira: Alaitz Telletxea Alaitz eta Maider-en, Maixa Lizarribar Maixa ta Ixiar-ekin, eta Amaia Oreja eta Kristina Solano batera aritu ziren Kristina eta Amaia eta M-n Ezten taldeetan.

Hala, AMAKekoek orain arte eman dituzten zuzenekoetan, aurretik eginak zituzten kantuak hartu eta horiek bertsionatzen zituzten, haien «gustuko kantak hartu eta zuzenean eman», Telletxeak esan bezala. Gero Baga Bigaren proposamena jaso zuten, eta hala sortu zen diskoa, lau gipuzkoarren «enegarren alaba».

Diskoa Xabi Solanok ekoiztu du, eta hainbat kolaborazio izan dituzte diskoan, Karmele Jaio, Onintza Enbeita eta Olaran elkartearena, kasurako.

Kantuetan askotariko gaiak jorratu dituzte, kasurako, bada bat «Gerra Zibilean fusilatutakoen omenez» egina, beste bat, Onintza Enbeitaren letra duena, amorruaren inguruan hitz egiten duena eta, ‘Gona Gorria’ kantak, taldearen lehen single-ak, adierazpen askatasuna du hizpide.

Baina badira bi ezaugarri bereizten dituztenak: amatasuna eta emakume izatea. Hala, Karmele Jaiok idatzitako ‘Bai Ama’ ama guztiei eskaini diote eta ‘Egiaren Arnasa’ «baztertuta egon den eta urtetan lanean izan den baserriko emakumeari», Telletxeak azaldu duenez.

AMAKen soinuek beti dute alboan soinua eta panderoa, eta ahots polifonikoekin dotoretzen eta osatzen dute melodia bakoitza. Trikitixa dantzagarria, kalejirak eta arin-arina badaude, baina badira, baita ere, baladak, vals-a, pausatuago entzuteko doinuak.

Erakarpena

Haien lehen proiektua izanik ere, taldeak badu atzetik ibilbide bat egina, 2020an, kulturak une gordinenak dituen urtean, 20 zuzeneko eskaini baititu. Eta, gutxienez, beste hainbeste hitzordu finkatu dituzte datozen hilabeteetarako. «Erakarpena» deitu dio Baga Biga ekoiztetxeko Ritxi Aizpuruk fenomeno honi: «Iman bat bezala erakarri dute jendea».

Larunbatean izango da AMAKen diskoa aurkeztu ondorengo lehenbiziko kontzertua, Bergarako Seminarixoan, baina sarrera guztiak agortu direla esan dute taldekideek, aipatu erakarpenaren seinale.

Datozen hitzorduak (Aia, Urnieta, Errezil, Zumarraga eta beste) AMAK taldearen webgunean daude ikusgai.