Asier Aiestaran

Beñat Rezusta eta Iñaki Artola Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetan izango dira

Bergarako atzelariak 14-22 menderatu du Oinatz Bengoetxea, eta Danel Elezkano izango da bere aurkaria final-laurdenetan. Alegiako aurrelariak, berriz, 22-18 irabazi du Asier Agirreren kontra eta Mikel Urrutikoetxea du zain hurrengo fasean. Neurketa parekatuak eta gogorrak izan dira biak.

Beñat Rezusta eta Oinatz Bengoetxea, neurketa amaieran elkar agurtzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Beñat Rezusta eta Oinatz Bengoetxea, neurketa amaieran elkar agurtzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Beñat Rezusta eta Iñaki Artola Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetan izango dira gaur Bilbon jokatu dituzten kanporaketetan nagusitu ostean. Bergarako atzelariak Oinatz Bengoetxea 14-22 menderatu du eta Danel Elezkano izango da bere hurrengo aurkaria; Alegiako aurrelariak 22-18 irabazi du Asier Agirreren kontra eta Mikel Urrutikoetxea du zain hurrengo fasean.

Ostiraleko eta larunbateko neurketak ez bezala, gaurko biak oso gogorra izan dira, pilotakada asko eta erritmo handikoak. Rezustak eta Bengoetxeak 257 pilotakada jo dituzte 59 minutuan, eta Artolak eta Agirrek 328 ia 70 minutuko partida gogorrean.

Atzelariak, aurrera

Bi atzelarik jokatzen dute aurtengo Buruz Buruko Txapelketa, eta biek final-laurdenetarako sailkapena lortu dute. Larunbatean Jose Javier Zabaleta izan bazen Labriten sekulako erakustaldia eman zuena, gaur Beñat Rezusta izan da Bilbon neurketa bikaina jokatu duena.

Bergarrak 14-22 menderatu du Oinatz Bengoetxea, bi aldiz txapeldun izandako leitzarra. Nahiz eta zuzenean tanto askorik ez lortu –bakarra–, sakearekin min handia egin dio atzelariak aurrelariari, eta hortik abiatuta nagusi izan da kantxa gainean.

Piloteoan aldea nabarmena izan da, baina aurrean ere jokaldi asko eta ederrak sinatu ditu Rezustak. Dejadaz egindako zazpi tanto apuntatu dizkiogu, horietatik batzuk txapela kentzeko modukoak, eta ormabikoarekin beste bi ere egin ditu. Asko arriskatu du eta asmatu egin du.

Oinatzek, aldiz, izan dituen aukeretan ez du gehiegi asmatu. Rezusta kolpez gehiago izango zela gauza jakina zen, baina leitzarrak jokoa nahastuz aurrean bere aukerak izatea espero zuen. Aukera gutxi izan ditu eta saiatu den horietan ez du bere helburua lortu.

Bengoetxea 4-1 eta 7-4 aurretik egon den arren, batez ere sakez egindako tantoei esker, Rezustak azkar irauli du markagailua. Sei tanto segidan eginda 7-11 aurreratu da eta garaipena bideratzen hasi da. Bengoetxeak deman sartuta jarraitu du denbora batez (9-11 eta 10-12), baina bost tantoko beste partzial batek norgehiagoka hautsi egin du (10-17). Oinatzek ez du inoiz amore eman, baina Rezustaren garaipena ez da arriskuan ikusi.

«Oso pozik nago. Niretzat Oinatz bezalako pilotari bati buruz buru irabaztea gauza polita da», onartu du Beñat Rezustak partida amaieran. «Hasieran bera hobeto hasi da, baina lana eginez ni ere hobetzen joan naiz. Banekien aurrean arriskatu beharra neukala, jotzen bakarrik ez nuelako lortuko Oinatzi min egitea. Asmatu egin dut eta horrek konfiantza eman dit», gaineratu du.

Rezustak atzelarien aldeko aldarrikapena ere egin nahi izan du: «Nik uste polita dela, eta atzelarien izenean pozgarria. Zabaleta, Albisu… gutxi izan gara Buruz Burukoan aritu garenok, zaila da guretzat, baina erakutsi dugu buruz buru ere jokatu dezakegula».

Pilotakadak: 257. Partidaren iraupena: 58 minutu eta 44 segundo. Markagailua: 3-0, 3-1, 4-1, 4-4, 7-4, 7-11, 9-11, 9-12, 10-12, 10-17, 13-17, 13-19, 14-19 eta 14-22. Sakez: 3 Bengoetxea VI.ak eta 1 Rezustak. Jokoan eginak: 7 Bengoetxea VI.ak eta 20 Rezustak. Galdutakoak: 1 Bengoetxea VI.ak eta 4 Rezustak. Gertaerak: Bilboko Bizkaia pilotalekua, ateak itxita. Asier Garcia izan zen Bengoetxearen botileroa eta Jokin Etxaniz Rezustarena. Lehen sakea, gorri.

Oraindik eta gogorragoa

Rezusta eta Bengoetxearen artekoa gogorra izan bada, zer esan Iñaki Artolak eta Asier Agirrek jokatu dutenaren inguruan. Espero zen bezala, Artolak gehiago agindu du piloteoan, baina Agirrek ongi asmatu du tantoak aurrean nahastu eta alegiarrari min egiten.

Artola aurretik hasi da markagailuan (6-2 eta 10-6). Oso serio jokatuz eta pilota ongi atzeratuz, Agirreri bizkarra erakutsi dio ia beti eta aurrean jokaldia egiten ere oso fin ibili da lehen zati horretan.

Baina Agirrek bere pilotarekin egoerari buelta ematea lortu du. Jarraian zazpi tanto eginda 10-6tik 10-13ra igaro da nafarra, sakearekin asmatuz eta sake-bueltan ere tanto ederrak eginez.

11-13koa dejadarekin egin du Artolak beste tanto oso gogor batean, eta hortik aurrera neurketa estu-estua joan da bukaerara arte. Artola gehiago zen piloteoan baina Agirrek izan dituen aukera ia denak baliatu ditu tantoa bere alde amaitzeko.

Gakoa arlo fisikoan egon zitekeen, Iñaki Artola astean zehar gaixo egona zelako, baina alegiarrak bikain eutsi dio erronkari eta bere kolpea ez da batere jaitsi azken tantoetan. Agirrek ezin izan du erauntsia jasan eta azkenean garaipena gipuzkoarrarentzat izan da 22-18.

«Oso gogorra izan da, aspaldian jokatu dudan gogorrena. Baneukan beldurra fisikoki nola erantzungo zidan gorputzak, baina zorionez ongi aurkitu naiz, kantxan ere eroso aurkitu naiz, eta oso pozik amaitu dut», aztertu du datorren igandean Mikel Urrutikoetxearen aurka berriz ere Bilbon jokatuko duen pilotariak.

Pilotakadak: 328. Partidaren iraupena: 69 minutu eta 33 segundo. Markagailua: 2-0, 2-2, 6-2, 6-6, 10-6, 10-13, 13-13, 13-15, 16-15, 16-16, 18-17, 21-17, 21-18 eta 22-18. Sakez: 5 Artolak eta 5 Agirrek. Jokoan eginak: 12 Artolak eta 10 Agirrek. Galdutakoak: 5 Artolak eta 5 Agirrek. Gertaerak: Bilboko Bizkaia pilotalekua, ateak itxita. Mikel Artola izan zen bere anaia Iñakiren botileroa eta Aitor Alduntzin pilotari afizionatua Asier Agirrerena. Lehen sakea, gorri.