M.A.

Eskola jazarpena areagotu egin zen 2019-2020 ikasturtean zehar

Berdindu Eskolek ikasguneetan sexu aniztasunaren errealitatea ezagutu eta normalizatzea dute xede. Izan ere, eskola jazarpena azken hamarkadotan handitzen eta gordintzen ari da, zoritxarrez, EAEko eta Nafarroako ikastetxe askotan eta askotan.

Jazarpen kasuen %25 sareen bidez egiten dira.    Gorka RUBIO | FOKU
Jazarpen kasuen %25 sareen bidez egiten dira. Gorka RUBIO | FOKU

Hezkuntza Ikuskaritzak berriki aditzera emaniko datuen arabera, 2019-2020 ikasturtean zehar 100 jazarpen kasu jazo ziren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan. Modu horretan, kasuak igo egin direla baieztatu daiteke, 2018-2019 ikasturteko datuekin alderatzen baditugu, behinik behin. Gainera, aipatzekoa da jazotako jazarpenen %25 sare sozialen bidez egin direla, baita 2018tik gaurdaino mota horretako erasoek nabarmen egin dutela gora ere. Identifikatu dituzten kasuen gehiengoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izan dira, %63, hain justu ere. Esan beharra dago, bestalde, jazarpenen ehuneko handi bat Internet, sare sozial edota bestelako baliabide digitalen bitartez egin direla.

Maite Ruiz Hezkuntzako ikuskari nagusiaren arabera, sareen bitartez egiten den jazarpena areagotuz doa, «ikusezinagoa» eta «errazagoa» delako. Ildo horretan, Ruizen ustez praktika horiei aurre egiteko modu bakarra ikasleei prestakuntza etikoa ematea da, eta esparru hori modu intentsiboagoan landu behar duen hezkuntza-curriculuma izango omen da hori lortzeko tresnetako bat.

Azkenik, aipatu beharra dago tratu txarrak jasaten dituzten haur, nerabe eta gazte gehienek gertuko lagunei kontatzen dietela pairatzen dutena. Eskolako tutore eta irakasleek ez dute hain sarritan esku hartzen biktimen jasandako arazoetan, askotan informazio nahikoa izaten ez dutelako.