NAIZ

ELAk greba deitu du maiatzaren 26rako EAEko eskola-jantokietan «enpleguaren alde»

ELAk EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta itunpeko jantokietako langileak deitu ditu maiatzaren 26rako «enpleguaren eta lan-baldintzen alde» deitutako grebarekin bat egiteko.

Jangelako langileen protesta bat Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Jangelako langileen protesta bat Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Sindikatuaren esanetan 2020/21 ikasturtearen hasieran Lakuak «kolektibo desberdinekin –guraso-elkarteak, ikastetxeetako zuzendaritzak eta sindikatuak– protokolo eta neurri sorta adosteari uko egin dionez, jantokietako 17.000 erabiltzaile galdu dira, aldi baterako 1.000 lanpostu suntsitu dira eta covid-19 errefortzu-kontratu berri deiturikoei esleitutako aldizkako 1.000 lanpostu finkorako baldintzak aldatu dira».

ELAk, «gauzak horrela, ikastetxe publikoen egungo ratioak berrikustea» eskatu du, bai eta «ikastetxe itundu eta pribatuentzat ratio berdina nahitaez aplikatzea ere, familia guztiei eskaintza egingo zaiela eta sektore horretako enplegua eta lan-baldintzak berreskuratu eta mantenduko direla bermatzeko».

Sindikatuak azpimarratu duenez, «eskaintza familia guztiei bermatzen ez zaien bitartean, bigarren hezkuntzako tarteak barne, eta ikastetxe publikoetako egungo ratioa berrikusten ez den bitartean, ezingo dira 17.000 erabiltzaile berreskuratu, eta, horrekin batera, lanpostu guztien errekuperazioa eta baldintzak».

Itunpeko ikastetxeei eta ikastetxe pribatuei dagokienez, ELAk dio «ikastetxe publikoetan dagoen ratio bera ez izateak areagotu egiten du kontratazioaren eta baldintzen egoera, eta eragin zuzena du lan-kargetan eta zerbitzuen segurtasun- eta kalitate-gabezian».

Era berean, salatu dute ikasturtea amaitzeko hilabete gutxi falta direnean «oraindik ez dakitela 2021/22 ikasturteari begira Hezkuntzaren aurreikuspena zein den, eta beren asmoa inposatzea eta ez negoziatzea izango den».