NAIZ

Ikusle berriak erakartzeko proiekzio programa bat abiatuko du EZAE zinema aretoen elkarteak

2020an zinema aretoetako ikusle kopurua %65 murriztu zela ikusita, Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak (EZAE) ikusle berriak erakartzeko Zinemazale Berriak programa abiatu du. Asteburuetan, zenbait film 2,90 euren truke ikusi ahalko dira, goizeko ordutegian.

Zinemazale Berriak programaren aurkezpena, Bilbon. (NAIZ)
Zinemazale Berriak programaren aurkezpena, Bilbon. (NAIZ)

Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak (EZAE) Zinemazale Berriak programa jarriko du martxan maiatzaren 23an, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin, zinema aretoetara ikusle berriak erakartzeko asmoz. Guztira, 18 euskal zinema aretok hartuko dute parte ekimenean, gehienak EZAEren baitakoak, baina baita ekimenarekin bat egin nahi izan duten beste batzuk ere.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Alfonso Benegas EZAEko presidenteak aurkeztu dute programa asteazken honetan, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako prentsaurreko batean, Bilbon.

Azaldu dutenez, 2020. urtea gogorra izan da zinema aretoentzat eta horrelako ekimenekin konpentsatu nahi da. Iaz, hamar milioi euroko galerak izan zituzten, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Izan ere, 2020an zinemara joan ziren ikusleen kopurua %65 baino gehiago murriztu zen 2019ko datuekin alderatuta.

Programa bat dator EZAEren helburuekin, hau da, kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea. Aldi berean, euskal zinema aretoak leku erabat seguruak direla eta osasun eskakizun guztiak zehazki betetzen direla dioen mezua indartzeko balioko du kanpainak.

Goizeko saioak 2,90 euroan

Horrela, egungo zinema aretoen eskaintza osatzeko eta aretoetara ikusleak erakartzeko, asteburuetan goizeko saioak 2,90 euroan eskaintzea erabaki da. Estreinaldiak euskaratzea bultzatzen duen Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programaren barruan daude 2021ean proiektatuko diren 12 filmak.

Guztira, 18 zinema aretok parte hartuko dute Zinemazale Berriak programan: bederatzi Gipuzkoan (Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen); zazpi Bizkaian (Multicines Bilbao, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia, Muskiz); eta bi Araban (Gorbeia eta Florida).