NAIZ

Ceutako adingabeak hartzeko prest dago Euskal Herria; momentuz zortzi baino ez dira izango

Gasteiz eta Iruñeko gobernuak prest dira Ceutara bakarrik iritsi diren adingabeen harreran parte hartzeko. Espainiako Gobernuak 200 adingabe banatu nahi ditu erkidegoen artean. Antza denez, zortzi baino ez dira EAEra iritsiko, momentuz behintzat.

Ceutara iritsi den adin txikikoetako bat. (Antonio Senpere | Europa Press)
Ceutara iritsi den adin txikikoetako bat. (Antonio Senpere | Europa Press)

Lakuako Gobernua prest dago Ceutara bakarrik iritsi diren etorkin adingabeen harreran parte hartzeko. Hala adierazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, asteazken honetan Lurralde arteko Gizarte Zerbitzuen Batzordean parte hartu duenak. Ez hain garbi, baina Share egitasmoaren alde mintzo da ere Patricia Ruiz de Irizar Nafar Gobernuko Migrazio Politikarako arduraduna.

Beatriz Artolazabal sailburuak ostegun goizean zehaztu duenez, lehenengo une honetan zortzi baino ez lirateke Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian harrera izango luketen adin txikikoek.

Asteazkeneko bilera amaitu ondoren, Lide Amilibia Lakuako Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, EAEko ordezkariak Ceutara «bakarrik iritsi diren adingabeei harrera humanitarioa» egiteko prest agertu dira Ione Belarra Eskubide Sozialetarako ministroak deitu duen bileran.

«Espainiako Gobernuak bere garaian Eusko Jaurlaritzak proposatu zion Share proposamenean oinarritutako banaketa proposatu du; erkidegoen arteko banaketa erantzunkidea proposatzen duena», azpimarratu du Amilibiak.

Share prozedurarekiko aldekotasuna agertu du ere Patricia Ruiz de Irizar Nafarroako Gobernuko ordezkariak. Baina une honetan funtsezkoa Estatu mailako Biltzar Sektoriala deitzea dela erantsi du, autonomi elkarte guztien artean adostasuna lortze aldera.

Lankidetzarako borondatea eta kritika

Astelehenetik 1.500 adin txikiko inguruk zeharkatu dute Maroko eta Ceuta arteko muga, eta beren egoera konpontzeko borondatea erakutsi du Beatriz Artolazabal EAEko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Gaur goizean Artolabalek elkarlanean aritzeko borondatea nabarmendu du, Espainiako Gobernuaren migrazio politika kritikatu ondoren. Izan ere, bere uste, «partxeak» jarri ditu «egiturazko» arazo bati erantzuteko. 

200 adingabe banatu nahi dituzte

Espainiako Gobernuak 200 adingabe banatu nahi ditu erkidegoen artean. Ez lirateke izango egun hauetan Ceutara heldu diren etorkinak, erakundeetako arreta jasotzen ari diren nerabeak eraman nahi dituzte penintsulara.

Andaluzia ideia horren kontra agertu da, baina Hego Euskal Herriko eta Kataluniako erakundeak, beste batzuen artean, prest daude adingabeak hartzeko.