Haritz Larrañaga

«Euskal Herria ez da salgai!» aldarrikatu dute Donibane Lohizuneko herritarrek

Donibane Lohizuneko kostaldean egitekoa den ‘Carlos Lafitenia Beach Club’ proeiktuaren kontrako elkarretaratzea egin dute 150 lagunek. Luxuzko taberna baten eta etxebizitzen eraikitzea salatu eta etxetik bota nahi duten bizilagun bati sostengua erakutsi diote.

Egun itxia den Lafiteniako kanpinaren aitzinean egin da elkarretaratzea. (NAIZ)
Egun itxia den Lafiteniako kanpinaren aitzinean egin da elkarretaratzea. (NAIZ)

BAM (Baiona, Angelu, Miarritze) Taldea eta Donibane Lohizuneko Akotz auzoko bizilagunak Lafitenian elkartu dira ‘Carlos Lafitenia Beach Club’ egitasmoaren kontra daudela adierazteko. Maiatzaren 13an Biarrizko itsasargia hautatu zuen BAM Taldeak pankarta handi baten bitartez «Euskal Herria ez da salgai!» aldarria zabaltzeko; gaur, ostera, Donibane Lohizuneko auzokideekin elkartu dira, «lurraldearen errealitatearekin bat egiten ez duen proiektua salatzeko».

Ez da edonor luxuzko taberna eta etxebizitzak eraikitzeko Lafiteniako kanping zaharra erauzi nahi duen pertsona. Alexandra François-Cuxac da Euskal Herriko kostaldean den eremu ederrenetako bat guztiz eraldatzeko egitasmoaren atzean dagoena. Hau da, Higiezinen promotoreen federazioko lehendakaria eta Biarrizko Euskaldunen Hondartzan lehen lerroan dagoen ‘Carlos’ jatetxearen jabea.

Aitzitik, dirudunentzako proiektuak egiten diren bitartean bertako gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasunak salatu dituzte BAM Taldeko kideek eta aldi berean sostengua erakutsi diete Lafiteniako bizilagunei. Haietako batek, Baptiste Dalemanek, bere testigantza eman du eta etxetik bota nahi duten erosle berrien aldetik «mehatxuak» salatu ditu.

Duela bost urtetik alokairuan bizi den Dalemanen esanetan, «egurra lapurtu zidaten neguan eta nik ez dut berogailurik, gero elektrizitatea moztu zuten eta jarraian sarrera blokeatu zidaten». Ez zen hor amaitu ordea, Dalemanek kontatu duenez, «Lazkaon izan nintzen euskara ikasteko barnetegi batean eta itzuli nintzenean apartamendua itxita zegoen, hiru astez kalean egon nintzen eta epaitegietara jo nuen».

Maiatzaren 17an itzuli ahal izan zuen etxera Lafiteniako bizilagunak eta jabeekin hitz egiteko aukera izan zuen. Elkarretaratzearen ostean prentsa gonbidatu du bere etxera lekukotza zuzena emateko eta aditzera eman duenez, jabeek «gauzak lasai egotea» nahi dutela adierazi diote.