Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Kultur sorkuntza eta herritarrak erdian jarri dituen topalekua zabalik da Errenterian

Errenteriako kultur amaraun biziaren bihotza izateko bokazioa du Lekuona Fabrikak: ekosistema antolatzeko tresna izan nahi du, baita herritarren beharren aurrean sentikorra den gunea ere. Egiteko moduetan ausardiaz jokatuko du.

Ostegun honetan zabaldu ditu ateak Errenteriako Lekuona Fabrikak (Ugarritza hiribidea, 1). Oiartzun ibaiaren ertzean dagoen fabrikak leku berezia du herritarren memoria emozionalean. Lehen ogia egiten zen eta asko gaztetan gaupasen ondoren bertara joaten ziren croissantak jatera. Lantegia itxi zenean urte luzez hutsik gelditu zen eraikina. Kultur proiektu baterako gune izatea erabaki zenean, oztopo handiak izan zituen bidean, desadostasun politikoengatik batetik eta, bestetik, bi sute eta pandemia bat tokatu zaizkiolako. Orain, mugimendu handia dabil kanpotik zein barrenetik ikusgarri jarri duten eraikin honetan, fabrika berriz ere martxan hasi den seinale.

Liburutegiko funtsak kokatzen ibili dira langileak, espazioei azken ukituak ematen, eginkizun berrietarako prestatzen eta, era berean, egitasmoa bera edukiz hornitzen. Bisita gidatuak ere egin dituzte egunero proiektua eragile zein herritarrei erakusteko eta «feedback oso positiboa» jaso dute.

Ainara Gurrutxaga gidaritza taldeko kideak sumatzen du «ilusioz eta kuriositatez» hartu duela jendeak. «Paradigma aldaketa baten ikurra» da berarentzat, «urrats bat herri industrial batetik kultur sorkuntza erdian jartzen duen herri baterako bidean».

Kudeaketa ereduan bertan txertatu nahi izan dute jendearen parte-hartzea eta horren erakusle da gidaritza taldea, EH Bildu eta Elkarrekin/Podemos-IUren Udaleko eta Dejabu eta Kukai konpainia egoiliarretako kideek osatua. Hori da egitasmoaren berritasun nabarmenetako bat, Gurrutxagaren ustez. «Ez da ohikoa instituzio batek irekitasun hori agertzea. Administrazioaren eta komunitatearen arteko hierarkia hausteko asmoa duelako Lekuonak», nabarmendu du Urko Redondo eta Miren Alcalarekin Dejabu konpainia osatzen duen zuzendari artistikoak.

«Inguruan halako ereduak urriak dira tamalez. Beraz, eguneroko praktikan deskubritu beharko dugu uztarketa nola eraiki. Mundu ezberdinak nola elkar aberastu asmatzeko aukera paregabea da».

Besteak beste, Iñaki Queralt Liburutegiko zinegotzia du lankide gidaritza taldean. Honek kontatu duenez, hilabete batzuk daramate adostasunez erabakitzen eta gidaritza horren arkitekturak nolakoa izan behar duen irudikatzen. «Esperimentu bat da. Politikoki egiten dugun apustua».

Herritar Plaza

Herritarren parte-hartzea zabaldu eta antolatzeko bideak proposatzen ari dira. Oraingoz eszena sortzaileen herri mahai bat eratu da. Kulturarekin lotutako ehundik gora eragile eta elkarte dituzte identifikatuta Errenterian, denetarikoak, eta horien ordezkariekin erabaki taldeak sortzear daude Herritar Plazan.

Herritar Plaza da, udal biblioteka zerbitzuarekin eta arte bizien egonaldi eta mediazio programarekin batera, fabrikaren lan ildo nagusietako bat. Queraltek adierazi duenez, fabrikaren berrikuntzarik handiena da. «Bertan, eragileek proposatu, lantaldeak sortu eta programazioaren parte bat erabakiko dute».

Ez hori bakarrik: interes antzekoak dituzten herritarren taldeak osatzeko bidea izango da eta deialdi bidez hautatuko dituzten jendearen beharrei erantzuteko proiektuak bultzatuko dira.

Eraikinean zehar dauden lanerako espazioek ere “plaza” izena dute: Plaza Luzea, Plaza Txikia… Koloretako plazak ere badira, gortinaz inguratutako espazio mugikorrak. «Guztietan gertatuko dira gauzak».

Espazio berean dago udal liburutegia, eraikinak dituen hiru solairu nagusietan banatuta. Irakurleen eta liburuen arteko topaketari ez ezik, komunitatearen eta belaunaldi ezberdinen ezagutza partekatuei egin nahi die bidea.

Horregatik, ez dituzte ume eta helduen lekuak banandu. Eta «jarduera bat aurki dezakezu atzo eserita ikasten egon zinen lekuan. Lehen espazio itxietan antolatzen ziren ekintzak ikusgarriagoak izango dira hala». Espazioa oso zabala eta malgua da eta altzariak mugi daitezke. Lanerako edo ikasteko txoko isil edo bilduagoa behar dutenek ere toki aproposa dute.

Sorlekua

Gurrutxagak esplikatu duenez, jada Niessenen dagoen tokiari gehitzen zaion azpiegitura da. «Errenterian historikoki arte eszenikoek indar handia izan dute eta, ondorioz, mugimendu handia dago arlo honetan. Espazio berri honek bai herrian eta bai Euskal Herri mailan zein kanpoan eszena sortzaileek dituzten beharrei erantzun nahi die».

Hiru espazio moldagarri eskaintzen ditu. Paretak bilduz, tokia zabaltzeko aukera ematen dute. Auditorium gisa erabiliko da dimentsio handiko ikuskizunak programatu nahi direnean –eserita ia 700 lagunentzako lekua du; zutik, 1.500entzat–, baina ez da hori izango lehentasuna.

«Urte batzuetan lehorte handia egon bazen ere, batez ere kultur baliabideak ia pribatizatzera iritsi zirelako, duela hamar bat urtetik Udalak kultur instalazioak zabaltzeko nahia izan zuen. Ordutik, gutxika-gutxika, erresidentziak antolatu dira Niessen kulturgunean, baita mediazioak ere. Orain errealitate horri gorputza eman nahi zaio», azaldu du Dejabuko antzezle eta zuzendariak.

«Guretzat garrantzitsua da sortzaileei lanerako lekua eskaintzea, egitura oso hauskorrak izaten baititugu gehienetan, prekaritate handiarekin. Kultur sortzaileek egiten duten lanari errekonozimendu bat egitea ere bada, gizartearen ehuntze horretan ezinbesteko pieza baitira. Bultzada handia emango digu sortzaileei. Erresidentzia programak eta mediazioek (artea eta herritarrak elkar aberasteko sortzen diren zubiak, terminoa hobeto ulertzeko) herritarrengan inpaktu oso positiboa izango dute seguru».

Bi sail batera

Errenteriako Udaleko bi sail txertatuko dira Lekuona Fabrikan: Kultura eta Liburutegia. «Elkarlanak finkatuko ditugu, eta proiektu berdinetan lan egin. Oso interesgarria izango da», adierazi du Queraltek. «Administrazio publikoan halako bideak egitea konplexua izaten da, ez dugu ohiturarik. Guk ariketa egingo dugu».

Orain elkar ezagutzen eta lantalde mistoak sortzen ari dira. Langileekin formakuntza sakon bat egiten ere bai. «Oso prozesu polita izaten ari da. Hutsuneak identifikatu ditugu, langileen kezka eta beldurrak, deserosotasunak… konfort egoeratik atera eta halako erronka bati heltzea ez delako erraza. Langileria egiten ari den esfortzua oso handia da eta eskertzekoa da duten jarrera proaktiboa».

Eraldatzeko tresna

«Oso erronka potoloa da, aldi berean oso polita, eta ilusioz beteta gaude», agertu du Iñaki Queraltek. Kultura beste modu batean ikusteko aukera da, «benetako parte-hartzea bermatuta». «Topaleku atsegin bat» da berarentzat Lekuona, herritarrek bizi behar dutena. Baliabideak eskainiko ditu komunitatearen etengabeko ikaskuntzarako, kultura jendartea «eraldatzeko tresna» izan daitekeelako. Kritikoagoak izateko, besteak beste. Ekonomian ere estrategikotzat jotzen dute. «Sormen prozesuak izango dira ardatza. Horietan pertsonak aberastu eta ezagutza partekatuko dute».

Ainara Gurrutxagarentzat «espazio ireki bat» da fabrika berria, «garaikidea, sorkuntzarako eta elkarbizitzarako gunea. Baina, batez ere, egokitu zaigun testuinguru gogorrean arnasgune bat, elkar elikatzeko eta zaintzeko».