NAIZ

‘Hondalea’ eskulturako obrako hondakinei su eman dietela salatu dute

Donostiako Santa Clara uhartean Cristina Iglesiasen ‘Hondalea’ interbentzioko hondakinei su eman dietela salatu du Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak, ugaltze garaian dauden hegaztiei kalteak eraginez.

Santa Clara uharteko sutea. (PARKEA BIZIRIK KUKULUNBERA)
Santa Clara uharteko sutea. (PARKEA BIZIRIK KUKULUNBERA)

Donostiako Santa Clara uhartean Cristina Iglesias eskultorea atontzen ari den ‘Hondalea’ interbentzio artistikoko hondakinei su eman diotela salatu du Parkea Bizirik Kukulunbera elkartea. Suteak, nabarmendu dutenez, eragina izan dezake ugaltze garaian dauden eta bizitokia uhartearen bueltan duen itsas hegazti koloniarengan.

Argudiatu dutenez, Santa Clara uhartea hegaztientzat «paradisua» da, hiriko «185.000 herritarrok natura errespetatzen dugulako eta bakean uzten ditugulako» urteko sasoi gehienetan, eta eklosioak orain, maiatzean, gertatzen direla ekarri dute gogora.

«Hondakinez, gomaz, plastikoz eta zaborrez» osatutako pila eraiki eta «gasolinaz busti eta su eman» diotela salatu dute, «dena Cristina Iglesiasen obra-proiektua gauzatzearen ondoriozko hondakinekin». Ondorioz, itsas hegaztien kolonia «izutu, uxatu eta asaldatu» egin dela nabarmendu dute eta horrek eragina izan dezakeela ugalketan.

Ez dela uhartean sua pizten den lehen aldia ere gaineratu dute. «Urtarrilen, udal gobernuak langileek eskuak berotzeko sua zela adierazi zuen», ekarri dute gogora, eta sua «makina bat aldiz» egin dutela deitoratu dute.

«Donostiarrok ergeltzat hartu gaituzte. Iglesiasek hiriari egindako oparia zela esan zuten, baina eskulturaren proiektuagatik diru-kutxa publikotik 4 milioi euro baino gehiago gastatu dituzte, osasun krisialdian zehar, denda txiki asko hondoratu direnean», salatu dute. Itsasargia «turismo-industriaren mesedetan hautsi» dutela eta proiektua «hiritik hobeto ikus dadin zuhaitzak bota» dituztela ere salatu dute, proiektuak naturari ekarri dizkion «kalteak» nabarmentzeaz batera.