Andoni Arabaolaza

Maputxeen kulturak tokia hartu du Patagoniako horma ezkutu batean

Nicolas Gutierrez, Sebastian Rojas, Hernan Rodriguez eta Pancho Herrerak Cerro Huinay-ren iparraldeko murruaren lehen igoera egindute. Big-wall horretan zabaldutako 1.300 metroko bideari «Futa Chao» deitu diote. 5.12 eta A2+ zailtasunak gainditu zituzten.

«‘Futa Chao’ izena jarri diogu Cerro Huinay-n zabaldutako bideari. ‘Aita nagusia’ esan nahi du bertako maputxeen hizkuntzan (mapudungun); hots, ‘gizabanakoen kreatzailea’. Hemen, Txilen, maiz munduko beste inguruekin alderatzen dugu geure burua. Yosemite, Kanadako Mendi Harritsuak, Alaskako mendilerroa... ‘Andes Indomables’ izeneko proiektu baten barne egin dugu espedizio hau, eta kanpainaren helburuak gogorarazten digu naturagune ederrak ditugula. Gai horretan, bederen, gure herrialdea oso aberatsa da. Gustatuko litzaiguke aipatu ditugun alderaketa horiek baztertu, hau da, Txile eta munduko beste bazter batzuen artekoa. Gure xedea ez da soilik eskalatzea. Gure betebeharra da Txile hain berezia egiten duten alderdiak eta kulturak ohoratzea».

Horixe adierazi dute Nicolas Gutierrez, Sebastian Rojas, Hernan Rodriguez eta Pancho Herrera txiletarrek otsailaren 11tik 15era Cerro Huinayren iparraldeko horman eginiko jardueraren inguruan. Aurreratu dugun bezala, laukote horrek “Fatu Chao” bidea ireki zuen Txileko Patagonian erabat ezezaguna (eta oso ezkutua) den granitozko hormatzar horretan.

Irudian ikusten den bezala, murru ikusgarria da oso. Los Lagos eskualdean dagoen Cumau fiordotik gertu dago, eta aurreratu behar dugu Cerro Huinayren pareta horrek lehen igoera jaso duela. Denera, 1.300 metroko proposamen (25 luze) ireki ahal izateko, lan eskerga egin behar izan zuten; izan ere, paretaren makina bat zatik landaretza zuten. Horrez gain, ukitu gabe dagoen alderdi horretan hurbilketa bidea helikopteroz egin zuten eta euri asko egin zien.

Iragan otsailean eginiko eskalada horren inguruan, protagonistek adierazi dute Txileko hormatzar handienetarikoa dela, eta oraindik marra berriak zabaltzeko aukera zabala dagoela. Hurrengo lerrootan eskalatzaile txiletarrek zehatz-mehatz kontatuko dizkigute espedizio horren nondik norakoak.

Cerro Huinay

«Jarduera honen historia duela hamarraldi bat hasi zen. Garai haietan, Guy Wenborne argazkilariak Huinayko San Ignacio Fundazioaren lursailetan hainbat irudi atera zituen. Argazki horietan granitozko hormatzar ikusgarri bat agertzen zen; ukitu gabe zegoen alderdi batean. Beraz, informazio bakarra kokapen geografikoa zen.

»Wenborne fundazio horretarako esploratu gabe zegoen alderdi horretan dauden alertzeen inguruko liburu bat prestatzen ari zen. Esplorazioa zen, eta leku horretara heltzeko eskalatzaileak behar zituen. Osatu zen talde horretan honako hiru eskalatzaileek parte hartu zuten: Erick Vigouroux, Claudio Acuña eta Pancho Herrera.

»Helikopteroz hurbildu ziren, eta hiru eskalatzaileok horma horretan sartu ziren. Lehen ekinaldian, luze gutxi batzuk igo ondoren, atzera egin zuten. Bigarren saio bat egin eta hormatzarraren ipar-ekialdeko aurpegian 700 metro eskalatzeko aukera izan zuten. Hots, gailurretik 300 metrora geratu ziren. Etxera itzuli ziren, eta horma hori hamar urtez isil-isilean egon zen. Alabaina, inspirazioa txertatuta geratu zen.

»Patagoniako iparraldeko basoan erabat ezkutatua dagoen murru horren lehen irudiak Hernanek ‘Escalando’ aldizkarian ikusi zituen. Basatia zen. Aniztasun handia duen haran baten erdian. Milioika urteko eboluzioa izan du eta soilik gizabanako gutxi batzuek izan dute haran hori ezagutzeko pribilegioa. Nicolas eta Hernan artikulu horrekin erabat harrapatuta geratu ziren. Iparraldeko hormak igoerarik ez zuenez, xede horren aldeko apustu sendoa egin genuen. Horretarako, lehenik eta behin Panchorekin hartu-emanetan jarri ginen. Bere motibazioa bere horretan mantentzen zuen. Ez zuen zalantzarik izan, eta espediziora batu zen.

»Kontserbaziorako eta ikerketa zientifikorako eremua (30.000 hektarea) denez, alderdi hori erabat basati mantendu da. Hurbilketa bidea oinez egin nahi bada, aurreratu behar dugu, oso zaila izateaz gain, hilabete bat eskatzen duela. Beraz, aukera hori ez zen batere errealista. Helikopteroz joatea zen aukera agerikoena, eta, horrela, indarrak soilik eskaladan zentratzeko aukera izango genuen.

»Autoz egun bat, beste lau ibai batean nabigatzen... Eta, azkenean, Huinday herrira heldu ginen. Biharamunean helikopteroa iritsi zen. Oso txikia zenez, bost bidaia egin behar izan zituen gure tresneria osoa garraiatzeko: hilabete baterako janaria, bi hamaka, 500 metro soka, 80 parabolt... Onartu behar dugu helikopterotik ikuspegi ederrak zeudela; aukeratutako pareta, berriz, oso txikia ikusten zen. Murruaren oinarrira iritsi eta gure lehen kezka inguru hartako klima zen; izan ere, egunero euria egiten zuen. Leiho on bat izango ote genuen? Erantzuna oso argia zen: ez.

«Hormaren dimentsioei dagokienez, onartu behar dugu erabat aztoratu gintuela. Erraldoia da; headwall ikusgarri batekin. Igo behar genuen marra ondo baino hobeto aztertu genuen. Bost eguneko eguraldi ona iragarri ziguten; ondoren, euria iritsiko zen. Beraz, denbora galdu gabe lanean jarri ginen. Lehen hamar luzeak bereziak izan ziren oso, bazirudien ‘lorezaintza bertikal’ batean geundela. Lan handia eskatu zigun, batez ere garbiketa ez zen batere erosoa izan. Nahiz eta landaretza asko izan, granitoaren kalitateak ezusteko ederra eman zigun: oso sendoa zen.

»Bost egunez egoera horretan lan egin eta gero, pareta garbitu eta 500 metroko garaierara hamakak antolatu genituen. Lanaren erdia patrikan genuen, baina euria heldu zen, eta oinarrizko kanpalekura jaitsi ginen. Ez zuen atertzen, eta euripean zortzi egun igaro genituen. Horma guztia erabat bustita zegoen. Baina barealdia iritsi zen. Eta horrekin gure azken aukera bide berri hori biribildu ahal izateko.

»Geratzen zitzaigun azken sekzio luzean sartu ginen. Granito zuri, sendo eta bikaina eskalatzeko. Gailurra egiteko pare bat luze falta zirenean, geure erritmoa erabat jaitsi zen. Oso deshidratatuta geunden, eta, gainera, apenas genuen urik. Gure itxaropen bakarra behar genuen ur hori tontorrean aurkitzea zen. Bederen, han goian elurra zegoen.

»Azken 60 metroak eskalatzen ari ginela, bat-batean, erlaitz batean hainbat buru ikusi genituen. Gure mugimenduak jarraitzen lau tximu zeuden. Kristoren zarata ateratzen zuten, eta guregana hurbiltzen saiatu ziren. Ondoren, beste bi buru ikusi genituen. Ez ziren berdinak. Zientzialariei galdetu genien, eta haiek erantzun Patagoniako vizcacha edo untxi baten tamainako saguak zirela. Haiei jarraitu eta gailurrera heldu ginen. Ikuspegi magikoa, ederra... Eta, gainera, ur asko zegoen! Lau ordu rappelatzen jardun ondoren, erlaitzean geunden. Cochamon dagoen El Monstruo izeneko hormarekin batera (1.600 metro, baina dena ez da arroka), Huinaykoa Txileko handiena da. Eta hori eskalatu dugu».