NAIZ

Gero eta baliabide publiko gehiago gastu militarrera bideratzen direla salatu dute

'Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna' dela eta, Argitan eta Kakitzat taldeek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko Ogasun Ordezkaritzaren aurrean, «gastu militarrera bideratutako baliabide publikoen igoera» salatzeko.

Argitan eta Kakitzat-eko protesta gastu militarra salatzeko.
Argitan eta Kakitzat-eko protesta gastu militarra salatzeko.

'Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna' dela eta, Argitan emakumearen aholkularitza-zentroak eta Kakitzat koordinatzaile antimilitaristak elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Barakaldoko Ogasun Ordezkaritzaren aurrean. Picassoren ‘Guernica’ren tarta handi baten bidez eta hamarnaka bonboi banatuz, Bizkaiko Ogasun Ordezkaritzaren aurrean «gastu militarrera bideratutako baliabide publikoen igoera» salatu dute.

‘Ez armarik, ez bonbarik. Bonboiak hobe’ lelopean, 2021eko gastu militarra pertsonako 700 eurotik gorakoa izango dela ohartarazi dute. «Eta diru hori osasun arloko inbertsio sozialetatik zuzenean aterako dira», erantsi dute.

«Baliabide publikoen desbideratze horrek gabezia ugari ditu gizarte zerbitzuetan. Are gehiago Barakaldo bezalako herri batean, non langabezia, pobrezia eta prekarietate tasa handiak dauden», nabarmendu dute Kakitzat eta Argitaneko kideek.

Gastu militarra eta arma trafikoa amaitzea eskatu dute, baita euskal armagintza enpresak ekoizpen zibilekoak bihurtzea ere.

Gainera, Lakuako Gobernuak industria militarra 100 milioi euro ingururekin laguntzen duela salatu dute, «batez ere sektore aeronautikoari lotutako industriari». Euskal ekoizpen militarraren %80a Saudi Arabiara, AEBetara, Mexikora, Brasilera, Marokora eta Israelera bideratzen dela adierazi dute.

Horrez gain, Hego Euskal Herriko Eragozpen Fiskalaren aldeko plataformaren kanpaina bultzatzearen aldeko apustua egin dute. Plataforma horretan hogei eragile inguruk hartzen dute parte.