Arnaitz Gorriti

Yurena Diaz antolatzaile kanariarra fitxatu du IDK Euskotrenek 2021-22 denboraldirako

Kanaria Handiarekin 16 urterekin debuta egin zuen egun 28 urte dituen jokalariak. Estatu frantseseko Ligan eta Polonian ere eskarmentua duen arren, azken lau denboraldietan Kataluniako Cadi La Seu taldean jokatu du. Buruz buruko joko zuzena eta zorrotza da bere oinarrizko ezaugarri nagusia.

Yurena Diaz, IDK Euskotrenek egin duen laugarren fitxaketa. (IDK)
Yurena Diaz, IDK Euskotrenek egin duen laugarren fitxaketa. (IDK)

Laura Cornelius Herbeheeretako antolatzailea fitxatu ondoren, IDK Euskotrenek Yurena Diaz antolatzaile kanariarra fitxatu berri du, 2021/22 denboraldiari begira jokoaren sormena indartzeko. 1993an sortutako jokalari honek azkenengo lau denboraldiak Cadi La Seu talde kataluniarrean eman ditu eta buruz buruko joko zuzen eta zorrotza du bere ezaugarri nabarmenena.

Oraindik gaztea izan arren, urte asko daramatza Emakumeen Ligan Yurena Diazek, 16 urte zitueela debuta egin baitzuen Kanaria Handiarekin. Kanariar irletan egin zuen denboraldirik onena 2012/13koa izan zen, batez beste 13,3 puntu eta 2,5 asistentzia lortu baitzituen. Maila txukun horri eutsita, 2015/16 denboraldian Estatu frantsesera joan zen, Lyonen jokatzera alegia, eta han urte erdi egin ostean Poloniara abiatu zen.

Kanariar irletako jokalariak 2017. urteaz geroztik Cadi La Seun jokatu du, maila txukunean beti ere, lesioren bat edo beste izanagatik. Pasa berri den denboraldian 10,2 puntu, 2,9 errebote eta eta 2,7 asistentzia lortu zituen batez beste

Yurena Diaz IDK Euskotrenek egin duen laugarren fitxaketa da, Laura Cornelius antolatzailea, Maria España hegalekoa eta Andrijana Cvitkovic hegal-pibot kroaziarraren ondotik.