NAIZ

June Loidi hegalekoak ez du Zuazon jarraituko eta Bera Beratik oso gertu dago

Zubileta Evolution Zuazok astearte honetan aditzera eman duenez, June Loidi hegalekoa, Ligako golegile nagusien artean laugarrena dena, baja izango da datorren denboraldian eta bere hurrengo geltokia Donostia izango da. Maider Barros eta Maddi Aalla atezainak ez dute jarraituko ezta ere.

June Loidi, NAIZerako elkarrizketa baterako argazkiak egiten. (Monika DEL VALLE/FOKU)
June Loidi, NAIZerako elkarrizketa baterako argazkiak egiten. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Zubileta Evolution Zuazok bere sare sozialak erabili ditu June Loidi, Maider Barros eta Maddi Aallaren bajen berri emateko. Hegaleko elgoibartarrak ez du Barakaldoko taldean jarraituko datorren denboraldian eta zenbait iturrik diotenez, Ligako txapeldun den Super Amara Bera Berarekin fitxatuko du Pizzoren ordez jokatzeko. Ofiziala egitea besterik ez da falta.

Loidi (Elgoibar, 2000-4-25), zeinak NAIZi elkarrizketa bat eskaini zion iragan otsailean, duela hiru denboraldi iritsi zen Barakaldoko taldera San Lorenzo Eskubaloi Kirol Taldetik eta segituan erakutsi zituen bere dohaiak. Espainiako selekzioarekin ere aritu da gipuzkoarra eta aurtengo Ligako lehenengo fasean golegile nagusien artean laugarrena izan da, 58 golekin. Bere aurretik, Paulina Perez Atletico Guardeseko jokalaria (84), Gabriela Pessoa Cicar Lanzarotekoa (78) eta Adriana Cardoso Bera Berakoa (73) egon dira.

Maider Barros hegalekoak ez du ezta ere jarraituko Zuazon. Jubenil mailatik Ohorezko Mailaraino igo zuen taldea eta azken bi denboraldi hauetan bere maila erakutsi du. Pentsa, duela gutxi bigarren faseko zazpigarren jardunaldiko MVP izendatu zuten.

Maddi Aalla atezain internazionalaren kasuan, klubak esker onak ditu beretzat. «Zuazotarra jubeniletik eta zazpi denboraldi daramatza lana, erregulartasuna eta seguritatea ematen», azpimarratu du Zuazok.

Loidi, Barros eta Aallaren irteerekin bat, taldeko kapitainetako batena ere sufrituko du Zuazok datorren denboraldian. 2019ko Japoniako Mundialean zilar domina irabazi zuen Ainhoa Hernandezek helburu berriak bilatuko ditu Errumaniko Dinamo Bucaresten.

Bestalde, Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak beste urtebeterako berritu du kontratua berriki. Bizkaitarra 2018-29 denboraldian iritsi zen taldera, eta urte guztietan ikusi da bere zigilua. Aurten, esaterako, salbazioa lortu du Zuazok eta gertu izan du bigarren faseko taldeko lidertza.

Azkenik, klubak asteazken honetan prentsaurreko «garrantzitsu» bat eskainiko du Bilbon, Joseba Rodriguez, Ainhoa Hernandez eta Maddi Aalla bertan izango direla. Ikusi beharko da zer duen esateko Zuazoko entrenatzaile zein kapitainek.