Jon Ormazabal

Gailurrean egin dute berriz ere topo Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak

Iazko udako bikoterik onena osatu zuten alegiarrak eta Bergarakoak, Binakakoan espero zen mailatik behera aritu ziren biak ere, baina Buruz Buruko honetan galdutako konfiantza eta joko guztia berreskuratu dute.

Rezusta eta Artola gaurko material aukeraketan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Rezusta eta Artola gaurko material aukeraketan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Enpresa desberdinetakoak izaki, profesionaletan elkarrekin oso gutxi jokatutakoak ziren Iñaki Artola eta Beñat Rezusta, iazko udan asmatu zuten Mastersa jokatzeko elkarrekin lerrokatu zituztenera arte. 16 astez udako bikoterik sendoena osatu zuten oso egoera berezian jokatutako txapelketan eta merezitako garaipena eskuratu zuten biek. Gauzak, ordea, azkar okertu zitzaizkien biei, aurrelariak, covid-19 eta zuntz haustura baten erruz, ezin izan zuen Buruz Burukoan parte hartu eta atzelaria ere, enpresak jokatzera behartu zuen atarikoan erori zen, Peio Etxeberriaren aurka galduta.

Lau eta Erdikoak eta Binakakoak ere ezer gutxi izan zuten onetik; Artolak bi hilabete eman zituen lesionaturik hasiera batean larria ez zirudien beste lesio baten erruz eta enpresa aldaketak ez zion onik egin Aimar Olaizolarekin bere mailarik eman ezin izan zuen Rezustari. Zalantzaz eta, hasiera batean pretentsio handirik gabe, hasiera batean behintzat, ekin zioten aurtengo Buruz Burukoari eta berriz ere, gailurrean, finaletik urrats bakarrera egin dute berriz topo bi gipuzkoarrek, jokoa eta konfiantza erabat berreskuratu dituztenaren seinale.


«Nire urteko partidarik garrantzitsuena dela esatera nindoan baina nire ibilbideko inportanteenetako bat ere izango da ziurrenik, sari handia da; final bat eta modalitaterik handienean nolabait esateko. Baina saiatu nahi dut partida normal bat bezala hartzen, lasai irteten, irabazi nahi badut hala egin beharko dut eta», azaldu du Iñaki Artolak asteazken goizeko material aukeraketan.

Binaka txapelak jantzitakoa da Beñat Rezusta eta banaka ere finalerdi bat jokatua du, 2017an Iker Irribarriaren aurka. Buruz Burukoan horixe da alegiarraren eta Bergarakoaren arteko desberdintasunik nagusiena, gainontzeko zenbakiak nahiko antzekoak dituzte eta. Orain arte, 11 partida jokatu ditu Artolak 6 garaipenekin eta partida bat gehiago jokatuta, garaipen zenbaki bera du Rezustak.

Inflexio puntua

22ra heltzen denaren ibilbideak, ordea, sekulako buelta emango du larunbatean. «Artola orain arte izan ditudanekin alderatuta, aurkari desberdina izango da. Oinatz eta Danel lehen aukera airearen bila joaten diren pilotariak dira, baina Iñakik kolpe handiagoa dauka, sotamanoz asko sartzen da eta abiadura handia sartzen dio pilotari. Baina nik orain arteko nire estiloari fidela izan beharra daukat», azaldu du Rezustak.


Bergarakoak aurrera egingo balu, finalera aspaldian sartzen den lehen atzelaria litzateke –Abel Barriola izan zen azkena 2008an– eta Zabaletak ere hala egingo balu, 2002tik –Beloki /Barriola- egon ez den atzelarien arteko finala izango genuke. «Duela hilabete batzuk jendeak ezinezkoa dela esango luke, baina orain finalerdietan izanda, aukerak hor daude. Biok partida oso zailak ditugu, baina nik nireari begiratu behar diot, baina emango balitz zerbait berria eta oso polita litzateke, hala balitz, niregatik primeran», gaineratu du bergararrak.

Artolak, bere aldetik, atzelaria izanagatik, bere aurkaria Buruz Buru «espezialista» bat dela nabarmendu du partida aztertzerakoan. «Atzelaria dela esaten da eta hala da, baina aurrelari askok baino ordu gehiago sartu ditu Buruz Buru, nik baino emaitza hobeak lortu ditu eta konfiantzaz dago. Txikitatik ezagutzen dugunok badakigu afizionatuetan gehien jokatzen zuen modalitatea Buruz Burukoa zela».