NAIZ
Azpeitia

Azpeitiko alkateari babesa adierazteko ekitaldia antolatu dute hainbat herritarrek

Corrugados auziaren harira Azpeitiko alkatea jasaten ari den kritiken aurrean Nagore Alkortari babesa adierazteko ekitaldia deitu dute hainbat herriarrek larunbat honetarako. «Gardentasun eta profesionaltasun osoz» jokatu duela defendatu dute. 

Azpeitiko hainbat herritarren agerraldia, Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko.
Azpeitiko hainbat herritarren agerraldia, Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko.

Corrugados auziaren inguruan sortu den «eztabaida politiko eta mediatikoaren» aurrean, eremu desberdinetan lan egiten duten Azpeitiko hainbat herritarrek agerraldia egin dute beren jarrera agertzeko eta Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko.

Azaldu dutenez, «asaldatuta» dauzkate alkateari, herriari eta Udalari buruz «ardura handiko politikariek» egin dituzten adierazpenek. Hedabide handien aldetik «giroa nahasteko, gezurrak esateko eta gurean ilusio faltsuak sortzeko» izan duten «laguntza» gaitzetsi dute, baina horren aurrean argi daukate «errealitatea ez datorrela bat komunikabide handiek eta politikari boteretsuek kontatu digutenarekin».

Hala, Corrugados auzian Nagore Alkorta «gardentasun eta profesionaltasun handiz» aritu dela defendatu dute. «Gardentasunez, herritarrak informatuta izan gaituelako, egon zitezkeen zalantzak argitzen saiatu delako uneoro, eta aurpegia behar den leku guztietan eman duelako. Profesionaltasunez, gaiarekiko ezagutza tekniko eta juridikoa erakutsi duelako, eztabaida eta elkarrizketa guztietan koherentziaz aritu delako eta auziari dagozkion ertzak argi azaldu dituelako».

Eta «kez eginiko gazteluak saltzen» ari direnei zuzendu zaizkie, alkatea «bakean utz dezatela» exijitzeko: «Denak ez du balio. Gezurra eta manipulazioa jarrera itsusiak dira politikan eta bizitzan. Asko eta asko gara Corrugados auzian Nagore Alkorta alkateak hartu duen jarrerarekin bat egiten dugun herritarrak».

Hori dela eta, babes hori helarazteko ekitaldia deitu dute larunbat honetarako, eguerdiko 12.00etan, plazan. Herritarrak bertara joatera gonbidatu dituzte.