Zuzenean

Naiz Irratia

Erantzunik gabeko galdera asko AstraZenecaren lehen dosia jaso zutenen artean

Azken gertakizunak direla eta, kezka eta nahasmena nagusitu da AstraZenecaren lehen dosia jaso zutenen artean. Ez dute ulertzen zergatik sinatu behar duten agiririk edo zergatik jaso behar duten beste txertorik. Horietako batzuekin hitz egin du NAIZ Irratiak; kexu azaldu dira argipen faltagatik.  

Audio_placeholder

Erantzunik gabeko galdera asko AstraZenecaren lehen dosia jaso zutenen artean

Loading player...
Agiri bat sinatu beharko dute bigarren dosia AstraZenecarena hautatzen dutenek. (Miguel RIOPA/AFP)
Agiri bat sinatu beharko dute bigarren dosia AstraZenecarena hautatzen dutenek. (Miguel RIOPA/AFP)

AstraZenecaren inguruan sortu den nahas-mahas guztiaren erdian, Lakuak iragarri berri du txertoaren bigarren dosia hartzeko denbora irizpidea Pfizerrena hartzen dutenei bermatuko diela lehenbizi. AstraZenecarena hautatzen dutenak itxaron-zerrenda batean sartuko dituzte, txertoak iritsi ahala deitzen joateko. Nolanahi ere, datuak eskuartean eta hornidura epeak betetzen badira, Lakuak ez luke arazorik izan behar kanpaina hasi zutenen immunizazioa AstraZenecarekin osatzeko

Edonola, nahasmena eraginda dago. Zein txerto hartzearen inguruko erabakiaren zama herritarren gainean jarri dute, eta hori ez dute begi onez hartu hau egin beharrean daudenek. Hego Euskal Herrian 100.000 lagun baino gehiago dira

NAIZ Irratia horietako batzuekin jarri da harremanetan, eta, oro har, uste dute ez dela bidezkoa AstraZeneca hartzea ebatzi dutenek agiri bat sinatu behar izatea: «Ez da normala, badirudi zerbait susmagarria egiten ari garela», dio irakasle batek.

Osasuneko profesionalek bi dosiak etxe berekoak hartzea lehenetsi dute. Halere, irakasle hau kezkatzen duena ez da bigarren dosia Pfizer etxekoa izatea, baizik eta «gardentasun falta». «Zergatik sinatu behar dugu AstraZeneca hartu nahi dugunok zeozer arriskutsua egiten ariko bagina bezala? Botikariek eta osasungintzako beste profesionalek esandakoa entzunda, harritzen nau agintariek gezur bat eraikitzeko duten joerak eta horrekin egiten ari diren bolak. Zergatik tratatzen gaituzte herritarrok umeak bezala? Horniketa arazo bat badago, esan dezatela».

Erantsi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan txertaketa erritmoa oso motela izan da eta Lakuako Gobernuari hori kritikatu izan zaionean «etengabe azaldu du argudio gisa bigarren dosia ziurtatzeko politikagatik edo erabakiagatik izan dela, bigarrena gorde behar zutelako. Orduan, zergatik ez dago gordeta gure bigarrena? Zergatik dago horniketa arazo bat? Non daude dosi horiek?».

Irakasleari bi kontu horiek iruditzen zaizkio «harrigarriak egia ez esatearen politikaren barruan».

Erabakia hartzeko denbora

Txertaketa prozesua hasi zenean, horren inguruko errezeloa nahiko zabaldua zegoen. Aurrera egin ahala, dudak arintzen joan ziren, baina egoera honek berriz ere itzularazi ditu. Hezkuntzan lan egiten duen beste langile batek kontatu duenez, martxo erdialdean AstraZenecaren lehen dosia hartu zuenean ez zegoen batere seguru. «Alde batetik, goizegi zela pentsatu nuen, ez zegoela nahiko ikerketa, emakume gaztea izanik ez nekizkiela ugalkortasunean izan zitzakeen ondorioak. Bestalde, immunitatea sortu behar zela ikusten nuen». Uste baino lehenago jaso zuen Osakidetzaren deia eta, azkenean, txertatzea erabaki zuen.

Orain berriro sortu zaizkio urduritasuna eta zalantzak: «AstraZeneca hartu nahi badut kontratu bat sinatu behar dut. Bestela, Pfizer hartu. Zein da erabakirik hoberena? Ez dugu informazio fidagarririk», adierazi du.

Ez du ulertzen zergatik sinatu behar den kontratu bat AstraZeneca hartzeko. «Zer dago horren atzean? Zer da, denentzat dosi nahikorik ez dutela eta beldurtuz atzera bota nahi gaituztela?». Susmo txarrak hartuta dago hezkuntza langile hau, bestelako interesak ikusten ditu. «Zenbaki hutsak garela eta gurekin ikertzen ari direla, sentsazio hori dut. Zer da egia? Zer dago honen guztiaren atzean? Nik erabaki bat hartu behar dut eta zalantzaz beteta nago. Igandean deitu zidan Osakidetzako langileari denbora eskatu nion eta baietz esan zidan, ulertzen zuela, baina berriro deituko didate, eta zer erantzungo diet?».

Erantzunik gabeko galderak erruz dituzte egoera horretan direnek eta horiek guztiak argitu bitartean «ez doala txertorik nahastera» esan digu hirugarren lagun batek. «AstraZeneca hartu arte itxarongo dut».

Galderak asko dira eta erantzunak, nahi baino gutxiago.

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa