Euskara futbolean, jokalarien eta entrenatzaileen arteko eztabaidan

Gizonezko futbol profesionaleko, emakumezkoen futboleko eta erakundeetako ordezkariek euskara kirol profesionalean egoerari buruz eztabaidatu dute Durangon egin diren Euskal Futbolaren I. Jardunaldietan.

'Euskera goi mailako kirolean' mahai-inguruaren irudia. (NAIZ)
'Euskera goi mailako kirolean' mahai-inguruaren irudia. (NAIZ)

Euskarak bere lekua izan du Durangoko I. Euskal Futbola Jardunaldietan, ‘Euskera goi mailako kirolean’ izeneko mahai-inguruarekin, eta Ligako zenbait euskal jokalari eta jokalari ohik hartu dute parte. Jose Luis Mendilibar, Jagoba Arrasate eta Braulio Vazquezek eta Gaizka Garitanok emandako hitzaldien ondoren, mahai-inguru honen txanda iritsi da. Athleticeko jokalari ohi eta orain Getafen ari den Xabi Etxeitak; Athleticeko atezain ohi Jone Guarrotxenak; jokalari ohi eta Amorebietako entranatzaile Iñigo Velez de Mendizabalek; Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek; eta Realeko jokalari Luca Sangallik hartu dute parte.

Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkortak gidatu du saioa, eta kirolean euskarak duen presentziari buruzko esperientziak eta gogoetak, horietako batzuk oso desberdinak, partekatu dituzte parte-hartzaileek.

Etxeitak nabarmendu du soziabilizazio-hizkuntza oso garrantzitsua dela, batez ere beheko kategorietan. «Entrenatzailearen hizkuntza jokalariei eransten zaie», nabarmendu du. Hala ere, deitoratu du urteak igaro eta kategoriaz igo ahala, «astiro-astiro erdara inposatzen dela». Guarrotxenak baieztapen horrekin bat egin du, eta azaldu du gauza bera gertatzen dela emakumezkoen futbolaren kasuan: «Jokoa amaitu eta lehiaketa hasten denean, hizkuntza galtzen hasten da».

Jokalari ohiaren ikuspegitik, baina baita egungo entrenatzailearen ikuspegitik ere, Iñigo Velez de Mendizabalek nabarmendu du prestatzaileek garrantzi handia dutela beheragoko kategorietan, baina baita profesionaletan ere. Hala, azaldu du Aretxabaletako etapan dena euskaraz egiteko borondatea zegoela, baina erdaldun baten presentziak taldearen dinamika erabat aldatzen zuela, pertsona horrek ikasteko borondatea izan arren. Gaur egungo taldearen kasuan, Amorebietan –duela gutxi Espainiako Bigarren Mailara igo da– azaldu du plantilla osoa euskalduna dela eta hori harreman pertsonaletan islatzen dela, baina talde-dinamika batzuek ez dutela joera hori mantentzen.

Euskaraz entrenatzeko zailtasunak zailtasun, Velez de Mendizabalek azken hamarkadako euskal teknikarien «leherketa» ospatu du: «Maila profesionalean denbora guztia euskaraz hitz egiten pasatzea oso zaila da; hala ere, jauzi handia izan da, eta orain prentsaurrekoak euskaraz egiten dituzten lehen mailako entrenatzaile asko daude. Duela hamar urte askoz zailagoa zen».

Luca Sangalliren kasuan, lehenengo Sansetik eta gero Realeko lehen taldetik pasatzeak bere euskara maila «praktikatu eta hobetzea» ahalbidetu dio. Bere kideen artean, Sangallik bi kasu nabarmendu ditu: batetik, Mikel Labakarena eta, bestetik, Miguel Angel Moyarena. Lehenengoari buruz azpimarratu du oso «euskalzalea» dela eta atzerriko jokalariak Euskal Herriko hizkuntzatik sartzen dituztela: «Denboraldia amaitzen denean, denek dakite zer esan nahi duen ‘beroketak’».

Mallorcarrari dagokionez, Sangallik esan du hasieratik konpromisoa hartu zuela euskararekin eta gaur egun elkarrizketetan hitz egiteko gai dela. Baina adierazi du «zaila dela atzerriko jokalari bat etortzea eta euskara ikastera animatzea».

Euskaraz gozatzeko aukera

Miren Dobaran sailburuordea bertan egoteak aukera eman du Lakuak beheragoko kategorietan euskara sustatzeko egiten duen lana ezagutzeko. «Etxeko lanak eta mundu akademikoa euskara hutsean dauden bitartean, euskarazko aisialdiaz gozatzeko aukera ere egon behar da», ohartarazi du, adin txikiko askoren kasuan «eskola eta eskolaz kanpoko jarduerak dira euskaraz bizitzeko duten aukera bakarra».

Horregatik guztiagatik, lehen mailako gero eta euskal futbolari gehiagok komunikabideetan euskara erabiltzeko beharra aldarrikatu dute. «Telebistan agertzen garenok ardura bat dugu, euskara erabiltzeko eredu bat garelako», esan du Velez de Mendizabalek. «Haurrek beren idoloen ahotik entzun behar dute euskara, hizkuntzari ‘lotzeko’», amaitu du Dobaranek.