NAIZ

Bi preso etxetik gertuxeago izango dira: Jon Rubenach eta Asier Borrero

Bi lekualdatze iragarri ditu ostiral honetan Espainiako Espetxe Zuzendaritzak: Jon Rubenach eta Asier Borrero Kantabriako Duesora gerturatuko dituzte. Biekin jada 25 euskal preso izango da kartzela honetan.

Iparlako tontorrean, euskal presoen alde maiatzaren hasieran. (Bakegileak)
Iparlako tontorrean, euskal presoen alde maiatzaren hasieran. (Bakegileak)

Presoen hurbilketa prozesuak aurrera egin ahala erritmo motelagoa hartzen du. Duela bi aste ez zen erabakirik hartu eta aurreko ostiralean sei izan baziren ere gaurkoan bi mugimendu baino ez ditu iragarri Gobernu espainolaren menpe den Espetxe Zuzendaritzak.

Bi kasuotan Kantabriako Duesora ekarriko dituzte euskal presoak. Bata Jon Rubenach da, iruindarra, eta gaur egun Leongo Mansillan dute preso. Bestea, Asier Borrero algortarra, Palentziako Dueñasen da. Bistan denez, gertuago egongo dira baina ez da alde handiegia izango, batez ere preso nafarrari dagokionez.

Bi mugimenduak gauzatuko direnean Duesoko hau izango da seguruenik euskal preso politiko gehien biltzen dituen kartzelan. Izan ere, Rubenach eta Borrero jada han daudenekin batuko direnean 25 izan dira jada.

Beste batzuetan gertatu den bezala, AVTk eman du honen berri Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi aurretik, jakina baita Gobernutik aldez aurretik informazioa hartzen duela. Beste behin ere salatu du Pedro Sanchez buru duen Gobernuaren jarrera, benetan gertatu diren mugimenduen datuak puztuz eta oraindik urruti diren presoen kopurua nabarmen murriztuz.

Gaurko maiatzeko azken larunbateko elkarretaratzeetan salbuespen politika hau behingoz amaitu eta hurrengo fase bati ekiteko beharra nabarmenduko da, euskal presoak etxerako bidean jarriz.