NAIZ

Langile asanbladetan CAF enpresako lan hitzarmen berria onartu dute

Beasainen, Irunen eta Madrilen egin dituzte langileen batzarretan onartu egin dute gaur CAFeko lan hitzarmen berria, enpresa batzordeak jakitera eman duenez. Langileen bultzadak enpresak negoziatzera ez esertzeko borondatea gainditu duela nabarmendu du enpresa batzordeak.

CAFen egin duten langileen batzarra. (CAF-EKO ENPRESA BATZORDEA)
CAFen egin duten langileen batzarra. (CAF-EKO ENPRESA BATZORDEA)

Gaur Beasain, Irun eta Madrilgo CAFeko lantokietan lan hitzarmena berritzeko lortutako aurreakordioa onartu da langile asanbladetan. «Enpresa arduradunen hasierako jarrera negoziazio mahaian ez esertzearena izan bazen ere, enpresa batzordearen batasunak eta langileen bultzadak mugitu dute zuzendaritzaren posizioa negoziaketan», nabarmendu du enpresa batzordeak.

3.200 langile ingururi eragiten dion hitzarmena berritu dute. Bi urterako iraupena eta ultraktibidade mugagabea izango duen ituna izango da. Lortu diren hobekuntzen artean 1960 eta 1961 urteetan jaiotako langileei aurre-erretirorako bidea irekitzen zaiela dago.

Honekin batera, telelana CAFen aurrerantzean lan egiteko era iraunkorra izango da eta bigarren mailako kategorian hamabi urte betetzen dituen langile oro automatikoki lehen mailara igoko da.

Honez gain, Informatika sailean lanean diharduten azpikontratatuak CAFeko plantilan barneratuko dira. Beste azpikontrataturiko langile batzuen lan baldintzak ere hobetuko dira, zenbait lizentziatan bezala.

Aldi baterako hamabi langileren lanera buelta jasotzen da (hamar Beasainen eta bi Irunen). Lankide hauek finko izatera pasako dira hitzarmenaren iraunaldian. Ebentual izatea gehienez 30 hilabetez mantendu daitekeenaren klausula berritzen da, behin denbora hori finko izatera pasatuko litzateke langilea, hitzarmenaren arabera. KPIaren gainetik soldatak igoerak jasotzen ditu onarturiko lan hitzarmen berriak.

«Lanuzte eta mobilizazioen bitartez, egoera iraultzeko langileok dugun gaitasuna erakutsi dugu berriro CAFen. Borrokak duen balioa azpimarratu nahi dugu zentzu horretan. Lan kargak sendotu ahala, lankide ebentualen itzulera da aurrerantzean dugun erronka nagusietako bat azpikontratazioaren mugatzearekin batera», adierazi du enpresa batzordeak.

«CAF mundu mailako enpresa multinazionala da gaur egun. Etorkizunean lana eta ondasuna Euskal Herrian sortu eta banatuko dituela bermatzean dugu lana aurrera begira, hori horrela izateko lanean jarraituko dugu», erantsi du.