NAIZ

Azpeitiarrek sostengua adierazi diote plazan Nagore Alkorta alkateari

Corrugados aferan Azpeitiko alkate Nagore Alkortak izan duen jarrera txalotu eta pairatu dituen erasoak salatu dituzte gaur Gipuzkoako herri honetan egin duen elkarretaratzean. Alor desberdinetan aritzen diren azpeitiarrak izan dira mobilizazioren deitzaileak.

Jende ugari elkartu du gaur Azpeitiko plazan Nagore Alkorta alkateari sostengua adierazteko. Gipuzkoako herri honetan alor desberdinetan lan egiten duten lagunak ziren mobilizazioaren deitzaileak eta Alkortak Corrugados aferan izan duen jarrera txalotzeaz gain jaso dituen erasoak salatu nahi izan dute.

Talde honek zabaldu duen dokumentuan adierazten denez, «Corrugados auzia eztabaida politiko eta mediatikoaren erdian kokatu da azken hilabeteetan. Hitz egin dute politikariek, hitz egin dute kazetariek eta hitz egin dute enpresarien patronalek. Uste dugu, herritarroi ere badagokigula hitza hartzea. Zurrunbilo honen erdian, gure jarrera agertu nahi dugu gaurkoan».

«Herrian bizi gara, eta begirada kritikoz jarraitzen dugu hemen gertatzen dena. Horregatik, honako adierazi nahi dugu: Une zail hauetan, gure babesa eta elkartasuna erakutsi nahi dizkiegu Azpeitiko udalari, eta bereziki Nagore Alkorta alkateari», nabarmendu dute.

«Corrugados auzian gure alkatea gardentasun eta profesionaltasun handiz aritu dela defendatu nahi dugu. Gardentasunez, herritarrak informatuta izan gaituelako, egon zitezkeen zalantzak argitzen saiatu delako uneoro, eta aurpegia behar den leku guztietan eman duelako. Profesionaltasunez, gaiarekiko ezagutza tekniko eta juridikoa erakutsi duelako, eztabaida eta elkarrizketa guztietan koherentziaz aritu delako eta auziari dagozkion ertzak argi azaldu dituelako», gaineratu dute.

«Gurean kez eginiko gazteluak saltzen dabiltzan horiei argi esan nahi diegu: denak ez du balio. Gezurra ta manipulazioa jarrera itsusiak dira politikan eta bizitzan. Gure herria, gure alkatea, bakean uzteko eskatzen diegu», erantsi dute.