Ane Urkiri

Bera Berak partidarik galdu gabe bukatu du liga eta Zuazok garaipenarekin itxi du sasoia

Bera Berak oso serio hartu du azken jardunaldia eta Granollers aise garaitu du Donostian jokatutako neurketan. Hala, donostiarrek neurketarik galdu gabe bukatu dute liga denboraldia. Zuazok ere garaipenarekin itxi du ikasturte gorabeheratsua, Tenerife Saluden aurka markagailua irauli ostean.

Bera Bera, liga txapeldunaren garaikur eta dominekin. (Gorka RUBIO / FOKU)
Bera Bera, liga txapeldunaren garaikur eta dominekin. (Gorka RUBIO / FOKU)

Duela hiru jardunaldi ospatu zuen liga garaikurra Bera Berak baina, Kopaz aparte, bazuen beste helburu bat: liga porrotik jaso gabe bukatzea. Eta halaxe lortu dute donostiarrek. Azken jardunaldia ere oso serio hartu dute donostiarrek eta aise garaitu dute Granollers taldea (36-30). 

Lehenengo zatia 18-11ko markagailuarekin bukatu da etxekoen alde. Kataluniarrek erasoan zenbait baloi galdu dituzte (orotara, 24 erasotan egin dituzte hutsegiteak) eta gipuzkoarrek ederki probestu dituzte kontraerasoak (21 kontraeraso egin dituzte), nahiz eta Esther Arrojeria behin eta berriz Nichols atezainarekin topatu den. Bigarren kapitainak huts egin badu, han agertu da lehenengo kapitain Menendez bere 12. denboraldia sasoi betean itxiz. 

Igarri da baita ere, Granollersek ez zeukala ezer jokoan. Asteazkenean Rocasak Elx garaitu ondotik, Europako postuen borrokatik at geratu baitziren. 

Bigarren zatian gehiago parekatu dira indarrak baina lehen zatian eskuratutako aldearekin, kasik ezinezkoa izan da neurketari emozioa jartzea. Hala, Bera Berak balentria berri bat sinatu du: porrotik gabe bukatzea liga denboraldia. Soilik bi neurketetan ez du garaipenik ospatu, Malaga eta Zuazoren aurkako berdinketetan, hain zuzen ere; biak ala biak, lehenengo fasean. 

Manuela Pizzo, Renata Arruda eta Nekane Teresek beraien azken neurketa jokatu dute Bera Berako elastikoarekin eta hunkituta agurtu dira. Oroigarri bana jaso dute klubaren aldetik eta Leire Aramendia jokalari ohiak dantzatutako agurraren bitartez esker ona helarazi zaio Teres piboteari, zeinak goi-mailako eskubaloia utziko duen. 

Zuazok irribarrez itxi du ikasturtea

Zuazok ere garaipenarekin itxi du denboraldia (28-25), lehenengo zatian aurka jarri zaion markagailua iraulita. Ikasturte gorabeheratsua izan da Barakaldoko taldearentzat –arazo ekonomikoen berri eman zuen klubak bigarren fasea hasi eta gutxira– eta behintzat, kirolari dagozkion merituagatik, maila mantentzeko helburua ondo bete du. 

Larunbat honetan Tenerife Salud taldea garaitu du eta horri esker, bigarren postuan bukatu du bigarren fasea. 

Denboraldi berrirako taldearen osaketan buru-belarri jarri beharko dira barakaldarrak, Ainhoa Hernandez, Maddi Aalla, June Loidi eta Maider Barros bezalako pieza garrantzitsuek agur esan baitute larunbat honetan. Alba Sanchez erdiko jokalariak beste urte baterako berritu du. 

Bestalde, Adesal Kordoba, Cicar Lanzarote, Uneatlantico Pereda eta Lanzarote Puerto del Carmen taldeek galdu dute maila.