Maite Ubiria

Hizkuntza gutxituen alde karrikak betetzeko hitzordua, gaur, Baionan

Ipar Euskal Herriko 200 pertsona esanguratsuk frantses Kontseilu Konstituzionalak jomugan hartu dituen hizkuntza gutxituen defentsan Baionako mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu zuten atzo. Bestalde, Scola Corsa eta Seaska elkarteek murgiltzea garatzeko duten engaiamendua berretsi zuten.

Ghjseppu Turchini (Scola Corsa), François Alfonsini eurodiputatua eta Peio Jorajuria (Seaska), atzo Baionan. (Bob EDME)
Ghjseppu Turchini (Scola Corsa), François Alfonsini eurodiputatua eta Peio Jorajuria (Seaska), atzo Baionan. (Bob EDME)

Sostenguak eskatzera joan beharrean sostenguak jasotzea egokitu zaigu oraingoan». Hitz horiekin laburbildu zuen, atzo, Seaskako lehendakariak “Euskarak murgiltzea behar du” lelopean manifestazio deia egin zutenetik hezkuntza alorreko eragileek kudeatu behar izan duten babes uholdea. «Manifestazio handia bezain anitza espero dugu», gaineratu zuen Peio Jorajuriak Korsikatik heldutako delegazio batekin batera Baionan eskaini zuen agerraldian.

Deialdiak hartu duen oihartzunaren seinale, Ipar Euskal Herriko 200 pertsona ezagunek gaur, 16.00etan, Lauga gelatik abiatuko den martxan parte hartzeko deia zabaldu zuten.

Era horretan, gizarte zibileko ordezkariek bat egin zuten aurreko egunetan bertze hainbat eremutatik murgiltze ereduaren defentsan karrikak hartzeko zabalduriko gonbidapenekin. Bi soilik aipatzearren, alde batetik, murgiltze sistema edota sail elebiduna proposatzen duten sare katolikoko 41 ikastetxeetako zuzendariek gutuna zabaldu zuten martxarekin bat eginez. Bestetik, Bretainiako, Kataluniako, Okzitaniako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza erakundeetako arduradunek gutun irekia plazaratu zuten frantziar presidenteari Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko lege-proposamena aurkez dezala eskatzeko. Eskaera bera egin zuten, hain zuzen ere, Bernat Etxepare lizeoan atzo bildu ziren Scola Corsa eta Seaska elkarteko kideek.

Murgiltze eredua abiatuko dute laster Korsikako bi ama eskoletan. Horrendako, gaurko mobilizazio egunaren bezperan hizkuntza gutxituek merezi duten estatusa eskura dezaten elkarlanean jarduteko nahia berretsi zuten. Hizkuntzei buruzko auziak itzala handia hartu du frantses hedabideetan ere. François Alfonsi eurodiputatu korsikarraren ustez, horrek «Molac Legearen aurkako erasoak frantziar gobernuan krisia eragin duela erakusten du».

Ghjiseppu Turchini Scola Corsako lehendakariak, bere aldetik, hizkuntza transmisioa bermatzeko hezkuntza sisteman murgiltze eredua garatzea ezinbestekotzat jo zuen. «Gure herrian kezka handia, haserre handia dago, azkeneko 50 urteotan Seaskak, baina horren ondotik baita sare katolikoak eta sare publikoak ere egin duten lanaren kontra erabaki anakronikoa hartu duelako Kontseilu Konstituzionalak», salatu zuen, bere aldetik, Jorajuriak.

«Konstituzionalak ez gaitu geldituko. Hala, karrikara joko dugu mehatxua behar dela altxatu exijitu eta hezkuntza sare guztiei bermeak eskaintzea eskatzeko», adierazi zuen amaieran Seaskako lehendakariak.