NAIZ

Bilboko epaitegiak aire-konpainia batzuk zigortu ditu, bertan behera utzitako hegaldien harira

Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak aire-konpainia batzuk zigortu ditu, eta kalte-ordainak eman beharko dizkiete koronabirusak sortutako pandemia dela-eta bertan behera utzitako hegaldietako bidaiariei, Erreklamatu elkarteak jakinarazi duenez.

TAP Air Portugal da zigortuetako bat. (Patricia DE MELO MOREIRA | AFP)
TAP Air Portugal da zigortuetako bat. (Patricia DE MELO MOREIRA | AFP)

Erreklamatu elkarteak ohar baten bidez nabarmendu egin du «milaka eta milaka» izan direla mundu osoan bertan behera utzitako hegaldiak. «Aire-konpainiek hainbat estrategia erabili dituzte txartelen dirua ez itzultzeko edo kalte-ordainik ez ordaintzeko. Milioi asko daude jokoan, eta enpresa horiek zerbitzu juridiko ahaltsuak dituzte. Halere, legea argia da eta bidaiariek auzi hauetan irabazteko aukera handia dute kasua espezialisten esku utziz gero», nabarmendu du. Zentzu horretan, Erreklamatuk «kasu guztietan» bezeroen dirua berreskuratzea lortu duela azpimarratu du.

Hegaldia bertan behera utzi eta konpainiak, dirua itzuli beharrean, bidaia bonuen bitartez konpentsatu nahi izan ditu bezeroak. «Trikimailu honekin aire-konpainiek milioika euro aurreztu dituzte, ez dutelako txartelen dirua itzuli, nahiz eta arauek bidaiaria babestu inongo zalantzarik gabe». Honela, bidaiariek txartelaren dirua berreskuratzeko eskubidea «beti» dutela adierazi dute edo, bestela, helmugara eramango dituen garraiobide bat bermatu behar zaiela.

Ohiko beste kasuetako bat agentzia bidez kontratatutako bidaiak dira. «Hori gertatu zitzaien azken Gabonetan Bizkaiko hiru bikoteri; Bilbo – Lisboa – Kanaria Handia hegaldi bat erreserbatu zuten, TAP aire-konpainia portugaldarrarena. Bidaia baino egun batzuk lehenago, konpainiak hegaldiak aldatu zituen eta, hura ikusita, bidaiariek beren planak baztertzea erabaki eta txartelen dirua itzultzea eskatu zuten. TAP konpainiak, ordea, uko egin zion dirua itzultzeari, esanez erreserba Lastminute.com agentziaren bidez egin zela eta aire-konpainiak ez duela inolako loturarik agentziak kobratzen duen komisioarekin», zehazten du Erreklamatuk. Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak, baina, 1.902 euro itzultzera behartu du konpainia «bidaia agentziak txartelen salmentan bitartekari izateak ez duelako baztertzen demandatzailearekin kontratatu zuena aire-konpainia dela».

Bilboko beste bikote baten kasua ere aipatu du ekarteak. 2020ko martxoan Pragara bidaiatzea zuten aurreikusia, baina Brussels Airlines-ek bertan behera utzi zuen, «ohiz kanpoko arrazoiak» aipatuz, kasu honetan koronabirusa. «Aire-konpainiak konpondu ezin ditzakeen ohiz kanpoko inguruabarrengatik gertatu baldin bada, covid-19ak sortutako egoera, adibidez, erabiltzaileek eskubidea dute txartelaren dirua itzultzeko, eta ez, ordea, kalte-ordaina jasotzeko; izan ere, kalte-ordaina soilik ordaindu beharko du hegaldia bertan behera uzteko arrazoiak konpainiari egotzi ahal zaizkionean». Berriki, baina, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak bikoteak arrazoia duela ebatzi du, esanez ezin dela frogatutzat eman hegaldia bertan behera uzteak lotura zuenik pandemiarekin. Hortaz, konpainia zigortu du eta 2.124,92 euro ordaintzera behartu, hau da, txartelen diruaren itzulketa gehi 800 euroko kalte-ordaina bidaiari bakoitzarentzat.