NAIZ

Bihar hasiko da Bizkaiko hondartzen denboraldia, 2020ko neurri berdinekin

Hondartzen okupazio maila handia denean anbar koloreko bandera jarriko da eta megafoniatik egoera horren berri emango dute. Aldundiak iaz martxan jarri zuen BizkaiUP aplikazioan emango da ezagutzera edukiera maila eta hondartzetako ezaugarriekin lotutako bestelako informazioa.

Plentziako hondartza. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Plentziako hondartza. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Astearte honetan, ekainak 1, Bizkaiko 2021eko hondartzen denboraldia hasiko da eta joan den urtean covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurri berdinak aplikatuko dira. Horrela erabaki dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta kostaldeko udalek hondartzen erabileraren eta araubidearen esparru orokorra zehazteko egin dituzten bileretan.

Azaldu dutenez, esparru horretan, iazko udan bezala, kontuan hartu dira hondartza bakoitzaren ezaugarri bereziak, udal bakoitzak bere kontingentzia planetan gehitu baititu ezaugarri horiek guztiak.

Osasun agintaritzek hondartzetan ezarritako segurtasun distantzia mantendu ahal izateko bisitarien etorrerak arautuko dituzte, eta horretarako iazko sistema errepikatuko da. Okupazioari buruzko informazioa hondartzetan bertan emango da megafoniaren bitartez eta, hala dagokionean, anbar koloreko bandera jarriko da erabiltzaileek jakin dezaten edukiera betetzen ari dela eta modu antolatuan hondartzatik irteten hasi daitezen.

Gainera, Bizkaiko Aldundiak iaz martxan jarri zuen BizkaiUP aplikazioan emango dira ezagutzera edukiera maila, hondartzetako ezaugarriekin lotutako bestelako informazioa eta udalek une bakoitzean ezarri ditzaketen neurriak, besteak beste, aparkalekuetako guneen itxiera perimetralak, hondartza dinamikoa ezartzea, sarbideekin lotutako kontuak eta abar.

Hondartzainak eta sorosleak udalekin modu iraunkorrean harremanetan egongo dira edukiera gehienezko uneetan ezarri beharreko neurriak zehazteko. Horrelakoetan, udaltzainek eta ertzainek jardungo dute, osasun agintaritzek ezarritako araudia ezartzeko ardura duten polizia kidegoak diren heinean.

Osasun agintaritzek zehaztuko dute une bakoitzean hondartzetara taldean zenbat pertsona sartu ahal izango diren eta taldeen artean zenbateko distantzia mantendu behar duten, eta pandemiaren bilakaeraren arabera, espazio publikoak erabiltzeko baldintzen gainerako aldaketak zeintzuk diren.

Edonola ere, iaz emandako gomendioa mantendu du Bizkaiko Aldundiak, hau da, hondartzan hiru ordu baino gehiago ez egotea, txandakatzea bermatzeko eta ahalik eta pertsona gehienek hondartzez gozatu ahal izateko. Osasun agintaritzek zehaztuko dute baita une bakoitzean hondartzetan maskara nola erabili beharko den.

5,2 milioi

Bestalde, foru erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero hondartzetan ematen dituen zerbitzu guztiak martxan izango ditu, eta horretarako 5,2 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko langileek lan egingo dute, zehazki, uretako 152 soroslek eta beste 20 langilek (koordinatzaileak, logistikako langileak, patroiak eta laguntzaileak). Egunero lanean egongo dira sei koordinatzaile eta 88 sorosle 24 sorospen postutan banatuta. Zerbitzua 11.00etatik 20.00etara emango dute, hondartzen denboraldiko egun guztietan zehar. Erreskateetarako materiala hondartza bakoitzeko ezaugarrien arabera banatuko da.

Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 113 dutxa, 80 iturri, hankak garbitzeko 80 zona, parriladun 367 plataforma eta egurrezko pasabideko 1.920 metro jarriko dira.

Azkenik, beste urte batez ere, 'Hondartza denontzat' bainatzeko laguntza zerbitzua abiatuko da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra La Arenan, Ereagan, Plentzian, Mundakan, Lekeition eta Ondarroan, 11.15etik 18.45era. Zerbitzu hori ere egungo inguruabarretara egokituta egongo da eta osasun agintaritzek ezarritako prebentzio neurriak aplikatuko dira martxan jartzen den unean.

Gipuzkoan ekainaren 15ean hasiko da hondartzen denboraldia.