Ion Salgado

Gasteizen irekiko den «biktima batzuentzako memorial faraonikoa» kritikatu du EH Bilduk

EH Bilduk salatu duenez, bihar Gasteizen irekiko den zentroa «bunker memorialista bat» da. «Ez du aintzat hartzen herri honetako biktimen zati bati, eta beste pieza bat izan nahi du, alde bateko eztabaida ez inklusiboa eraikitzeko», salatu du Unai Urruzunok.

Unai Urruzuno artxiboko argazki batean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Unai Urruzuno artxiboko argazki batean. (Maialen ANDRES/FOKU)

EH Bilduko ordezkaria den Unai Urruzunok ohartarazi duenez, Gasteizen astearte honetan irekiko den Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak «ez du aintzat hartzen herri honetako biktimen zati bati, eta beste pieza bat izan nahi du, alde bateko eztabaida ez inklusiboa eraikitzeko». «Biktima batzuentzako memorial faraonikoa da; gainerako biktimek, frankismokoek, Estatu terrorismokoek eta giza eskubide urraketa oso larriak pairatutakoek, berriz, ez dute beren egia eta erreparazioa hartzeko lekurik, ahalik eta memoria dolu txikiena egin ahal izateko lekurik txikiena ere ez dute izango», ohartarazi du.

Prentsaurreko batean azaldu duenez, «biktimen kategorizazioa finkatzeko tresna bat da» bihar irekiko den zentroa; «batzuek erakundeen babes osoa izango dute, eta beste askok, berriz, ez dute ezer izango. Batzuk lehen mailakoak izango dira, beste batzuk bigarren mailakoak, hirugarren mailakoak edota laugarren mailakoak. Eta beste batzuei biktima izaera bera ere ukatzen zaie».

«Beraz, bunker memorialista bat da, eta inola ere ez da memoria bizia, dinamikoa, enpatikoa eraikitzeko tresna bat. Bizikidetza eraikitzeko baino gehiago, batzuen aurka erabiltzeko tresna da, euskal gizartean ia atxikimendurik ez duen kontakizun zehatz eta partziala. Horrenbestez, egiaren zati bat ezkutatzeko edo desitxuratzeko prest dagoen memorialari buruz ari gara, baldin eta egia horrek bere interesen alde egiten ez badu».

«Madriletik eta Madrilerako diseinatutako» azpiegitura dela esan du Urruzunok, «Rajoyren garaikoa, politikoki telegidatua euskal lurretan ezartzeko, Gasteizen hain zuzen ere». «Oso esanguratsua da, historiari buruz duen ikuspegi partzial eta interesatuaren erakusgarri, Gasteizen kokatutako memorial batek 1976ko martxoaren 3ko sarraskia kanpoan uztea. Ez da ez normala ez onargarria egun hartan eraildako 5 langileek eta zauritutako ehunka pertsonek zentro horretan inolako lekurik ez izatea», azaldu du.

«Nafatalina usaina duen kontakizuna»

Martxoaren 3ko biktimek ez dute aitortzarik izango zentro horretan, baina, Urruzunok esan duen bezala,«Meliton Manzanas bezalako torturatzaileak eta gure herriari hainbeste kalte eta sufrimendu eragin zioten beste hainbeste ekintzaile frankista kontsakratu nahi dira bertan. Naftalina usaina duen kontakizun bat eraiki nahi da, iraganari begiratzen diona etorkizunari baino gehiago. Alde bateko kontakizun baztertzaile bat eraikitzen da memorialean».

Urruzunok dioenez, horren «erakusle nagusia» da Felipe Borboikoaren bisita inaugurazioan parte hartzeko. «Frankismoak gaur egun Espainiako erakundeetan eta bizitza politikoan jarraitzea legitimatu zuen eta legitimatzen duen erakundea, hain zuzen», esan du, eta biharkoa «arduragabekeriazko ekintza bat dela» azpimarratu du, «gure herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzea hipotekatu nahi baitu». «Ezinezkoa da kontakizun begibakar batekin bakea eta elkarbizitza eraikitzea, ez baitu errealitatea begirada zabal, enpatiko eta, batez ere, inklusibo batetik ikusten eta entzuten. Gatazka konpontzeko parametroetara jo beharrean, guztiz kontrakoak diren eskemetan sakontzen du», gaineratu du.