NAIZ

Season Québec-Pays Basque topaketa, euskal kulturarako leiho bat ozeanoaren beste ertzean

Lakuak azaldu duenez, Season Québec-Pays Basque joan-etorriko egitasmoaren bitartez, «euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekiko zaio», eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana EAEn erakutsiko da.

Zupiriak parte hartu du bilera telematikoan. (IREKIA)
Zupiriak parte hartu du bilera telematikoan. (IREKIA)

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marian Elorza Lakuako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Myriam Larroulet Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Quebeceko Kultura eta Komunikazio ministroarekin eta Montarvilleko Parlamentuko kide den Nathalie Royrekin bildu dira astelehen honetan, bide telematikoz. Isabelle Dessureault Quebeceko Bulegoko zuzendaria izan da ministroarekin batera.

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak nabarmendu duenez, topaketak Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak Quebeceko kultura-administrazioarekin dituzten harremanak «suspertzeko balio izan du», alde biko harremanei eta kultura-trukerako topaketaren antolakuntzari bultzada berri bat emateko. Hala, 2021 honetako bigarren seihilekoan eta 2022an zehar, Season Québec-Pays Basque joan-etorriko egitasmoaren bitartez, «euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekiko zaio, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakutsiko da».

Quebeceko eta EAEko hiri nagusietan burutuko den programa kultural eta artistiko honek bi lan ildo nagusi ditu. Batetik, hainbat kultur eragileren edukien trukaketa eta ekitaldi, jaialdi eta azoketako programazioak zehaztea; bestetik, eragileen arteko lankidetza eta nazioarteko proiektuetan parte hartzea. 

Hala, datozen hilabeteotan Saison Québec-Pays Basque leihoaren bitartez martxan jarriko diren proiektuen artean daude: Itzultzaile Berriak egitasmoa; "La voix des autres-Besteen ahotsa" mintegia; eta Ecole de Danse Montreal-Dantza Sorkuntza egonaldia. Batzuk, osasun egoerak horretarako aukera eskaintzen badu, presentzialak izango dira. Beste batzuk aldiz, online egingo dira.

Harremanek «tradizio finkatua dute»

Zupiriak gogorarazi duenez, «Quebecen eta Euskadiren arteko harreman instituzional eta kulturalek tradizio finkatua dute, eta 2017ko Protokolo d'entente (MOU) delakoan islatu zen. Protokolo hori Unesco Konbentzioak sustatzen duen kultura-adierazpenen aniztasuna sustatzeko sinatu zen bi administrazioen artean, beren hizkuntza-politiketarako interes komuneko gaietan jardunbide egokiak trukatzeko eta gai ekonomikoetan elkarri laguntzeko, nazioarteko partzuergoekin harremanetan eta ezagutzekin lotutako gaietan».

Era berean, Zupiriak nabarmendu du gaurko bileran Quebeceko ministroarekin «lehen harremana izateko» balio izan duela, eta, batez ere, «erantzukizun politiko eta administratiboko gure esparruetatik Quebec-Euskadi 2020-2021 kultura-lankidetzako programaren antolaketari behin betiko bultzada emateko». Sailburuak gaineratu du pandemiaren ondorioz programa hori 2021-2022 ikasturtera ezinbestean atzeratu behar izan dela, baina ohartarazi du «oso garrantzitsua» dela euskal eta Quebeceko sortzaileen arteko «kultura-trukea gauzatzeko».

Gasteizko Gobernuaren eta Etxepare Euskal Institutuaren azken helburua da dagoeneko garatzen ari ziren aldebiko harremanen eta lankidetzaren erritmoa berreskuratzea, aurtengo bigarren seihilekotik aurrera, behin betiko, hainbat emanaldi eta jarduera abian jarri ahal izateko hainbat arlotan, hala nola literaturan, dantzan, antzerkian, ikus-entzunezko ekoizpenean, musikan eta arte plastikoetan, bi komunitateetako erakunde, eragile eta artisten parte-hartzearekin.

Kultur lankidetzak

Etxepare Euskal Institutuak 2019an ekin zion "Euskadi Basque Country" estrategian jasotzen diren lehentasunezko lurraldeekin kultur lankidetzarako marko bart sortu eta kultur programa bat garatzeari. Horren lehen emaitza izan zen 2019 Scotland Goes Basque ekimena: 2019 urtean zehar Euskara eta Euskal kultura Eskozian zabaltzeko asmoz antolatu zen kultur programa.

2020rako jomuga Quebecen jarri zen, 2017an Gssteizko eta Quebeceko gobernuak sinatutako Protocole d’entente MOUari jarriki. Quebec, Eskozia bezala, Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiak estrategikotzat duen lurraldeen artean dago.

Etxepare Institutuak sustatutako egitasmoak kultur eragileen eta sortzaileen arteko lankidetza sustatu nahi du. Izan ere, 30etik gora dira hitzordu ezberdinetan elkarlanean ari diren euskal eta quebectar eragileak. Horien artean daude EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak edo Bitamine Faktoria, euskaldunen artean.