NAIZ
Iruñea

23 kurtso eta jardunaldi antolatuko ditu UEUk Udako Ikastaroen 49. edizioan

Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil, Laudio eta Donostian, ekainaren 25etik uztailaren 16ra, guztira 23 kurtso eta jardunaldi eskainiko ditu UEUk Udako Ikastaroen 49. edizioan. Nafarroako hiriburuan emanen diete hasiera.

UEUren Udako Ikastaroak aurkeztu dituzte Iruñean. (Iñigo URIZ / FOKU)
UEUren Udako Ikastaroak aurkeztu dituzte Iruñean. (Iñigo URIZ / FOKU)

Koronabirusak baldintzatutako egoeran eta iazko bideari jarraiki, UEUk Udako Ikastaroen 49. edizioa aurkeztu dute gaur. Guztira 23 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil, Laudio eta Donostian ekainaren 25etik uztailaren 16ra.

Aurkezpenean Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak, Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Edurne Kochek, UEUko Nafarroako arduradunak parte hartu dute. Nabarmendu dutenez, «guztiek 25 euro edo gutxiagoko prezio sinbolikoa izango dute, pandemia garaian ikastaroetara hurbiltzea errazteko helburuarekin».

«Mari Luz Esteban irakaslearen hitzetan, ‘aurrez aurrekoa politikoa da’ eta UEUk bere egiten du esaldi hori», adierazi du Sarasolak. «Online irakaskuntza oso garrantzitsua da gure proiektuan, baina presentzialtasuna ezin da guztiz ordezkatu. Pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien elkartrukea gertatzen delako; harremanak eta sarea egiteko aurrez aurreko elkarrekintza indartsuagoa delako; udakoetan ikasle eta irakaslearen arteko mugak lausotzen direlako elkarrekintza horretan». Horregatik «eskerrak» eman nahi izan dizkio hau posible egin duen orori.

Iciarrek, aldiz, ikastaroen inguruko xehetasunak eman ditu eta pandemia garaian eskaintza «birmoldatu» egin behar izan dutela azpimarratu. Honela, nahiz eta aurrekoetan baino ikastaro gutxiago izan, iaz baino gehiago eskainiko dituzte. Guztira, 23 jarduera: 18 ikastaro eta bost jardunaldi.

Parte-hartzea sustatzeko, era berean, ikastaroak laburragoak izango dira, egun bakarrekoak gehienak, talde txikietan eta 25 euroko prezio maximoarekin.

Kochek, bere aldetik, nafar Gobernuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroak izan ditu mintzagai. Lau ikastaro eta jardunaldi bat emango dituzte aurten Iruñean, ekainaren azken astean. «Oso pozik gaude UEU azken urte hauetan Nafarroan egiten ari den lanarekin eta batez ere Udala eta Hezkuntza departamenduarekin egiten ari garen elkarlan emankorrarekin».

Aurtengo leloa #ElkarEkin izango da, parte hartzen duten eta posible egin duten guztien ahalegina nabarmenduz.

Eta Iruñean ‘Akademiatik herrigintzara, herrigintzatik akademiara’ jardunaldiak emango dio hasiera aurtengo Udako Ikastaroen edizioari. Dagoeneko matrikula zabalik dago UEUren web atariaren bitartez. Bertan ere ikus daitezke gainontzeko gaiak.