NAIZ

Umeak «mindu gabe babesteko» neurriak proposatu ditu Haurrak Ere Bai familien sareak

Pandemia hasi zenetik denbora luzea igaro ondoren, Haurrak Ere Bai sareak premiazko deritzo haurrei laguntzeko modua bilatzeari, «tratu ona, errespetua eta haien bizi-premiak aintzat hartuta, osasuntsua eta errespetuzkoa izango den gizarte baterantz joateko». Horretarako proposamen bat egin du.

Haurrak Ere Bairen mosaikoa eta giza katea, joan den maiatzean Donostian, 12 urtetik beherako umeei musukoa derrigorrez ez ezartzeko eskatuz. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Haurrak Ere Bairen mosaikoa eta giza katea, joan den maiatzean Donostian, 12 urtetik beherako umeei musukoa derrigorrez ez ezartzeko eskatuz. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Haur eta gazteek eskolara joan gabe bizitako denboraldi luzearen ostean, haien berdinekin harremantzeko izan dituzten zailtasunekin eta ikasturte honetan «pairatu duten eskola protokolo zurrunarekin», emozionalki lagunduak izateko beharra dutela ikusten dute Haurrak Ere Bai sareko familiek. Bide horretan ekarpena egin nahian, 2021/2022 ikasturterako bere hezkuntza proiektua luzatu nahi die eragileei.

Haurrak Ere Baik ez du «ulertzen, ezta onartzen ere, urruntze sozialean, banaketan eta beldurrean oinarritutako hezkuntzarik, inolako testuinguru eta aitzakipean». Haurtzaroa hala tratatzea, «bere eskubide eta oinarrizko beharrizanei eta, ondorioz, gizarteari atentatu argia egitea da» sare honen ustez. Gainera, etapa hauetan helduaroan izango den osasunaren oinarriak eraikitzen dira. Horregatik, «haurtzaroa mindu gabe babesteko neurriak» proposatu ditu.

Musukoa, 12 urtetik aurrera

Honako gogoeta egiten du sareak: «Ia amaituta dagoen ikasturte oso bateko esperientzia kontuan hartuta, Haur Hezkuntzan Lehen Hezkuntzan baino covid positibo gehiago atzeman al dira, kontuan hartuta Haur Hezkuntzako haurrek, beren talde egonkorraren barruan, une oro beren ikastetxeetan maskararik gabe egoteko aukera dutela, eta, aldi berean, beren berdinekin harreman erabat naturala izateko aukera dutela? (…) Kutsakortasuna ez da handiagoa izan, beraz, nola arrazoitzen da aldaketa erradikal hori 6 urte bete dituen haur batenganako tratuan, 3-4-5 urteko haur batekin alderatuta?».

Erantsi duenez, Europako herrialde gehienetan eskola ingurunean musukoen beharrezko erabilera 12 urtetik aurrera aurreikusten da, eta ez 6 urtetik aurrera, OMEk horri buruz emandako gomendioekin bat etorriz.

Gizarte-ongizatearen alde, elkarrekin

Haurrak Ere Baik, «2020ko irailean baino konbentzimendu eta argudiatzeko gaitasun handiagoarekin», zera dio: «Ezin dugu ikastetxeetan metro eta erdiko distantzia soziala onartu, ezta musukoaren derrigorrezko erabilera eta familiak ikastetxeko bizitzatik kanpo uztea ere». «Orain, inoiz baino gehiago, hezkuntza komunitate osoak eta gizarteak elkarrekin lan egin behar dugu, zaintzeko eta isolamendutik eta krisialditik haragoko gizarte-ongizatea bilatzeko», defendatu du.

Bide horretan, neurri murriztaileak saihesten laguntzen duten ekintza batzuk proposatu ditu. Erakunde eta ikastetxeei zuzendutakoen artean, ahal izanez gero ikasleen ratioa erdira jaistea, espazio alternatiboak gehitu eta zabaltzea, irakasleak prestatzeko behar diren baliabideak ematea eta aire zabaleko hezkidetzaren aldeko apustua egitea egoki ikusten du sareak.

Erakunde eta enpresek «orain arte utzikeriaz» jokatu duela salatu dute eta honako neurriak eskatu dizkiete: «Seme-alabak zaintzeko baimen gehigarriko egun mugagabeak, lanaldi murrizketa, eta malgutasuna ordutegietan, lan txandetan eta amatasunerako eta aitatasunerako laguntzetan».

Haurrak Ere Baik gogoetara gonbidatu du jendarte osoa. «Gure ustez, gizarteak duen erronka, batez ere, elkarrekin bizitzeko gaitasuna berreskuratzea da, beldurrik gabe eta bestearen aurkako etengabeko epaiketan erori gabe. Horretarako, biztanleriaren sektore bakoitzarentzat egokiak diren neurriak erabiltzea ezinbestekoa deritzogu, ekitatearen printzipioa aplikatuz eta egoera hau hasi zenetik urtebete baino gehiagoko esperientzia eta sen ona erabiliz».

Era berean, agintariei eskatu die haurrentzat ezarritako neurrien proportzionaltasuna ebaluatzeko. «Koherentziaz joka dezatela gure haurtzaroaren benetako zaintza eta babesari dagokionez, eta, horretarako, ausardiaz, beren bizi-premiak sakon errespeta ditzatela».

Osasuna «osoa» da

Pertsonen benetako osasuna «osoa» dela ulertzen dute eta hor zaintzen ari ez diren funtsezko alderdiak ikusten dituzte: «Fisikoa, mentala, emozionala eta gizarte-ongizatea». Azaldu dutenez, guztion garapenaren eta osasunaren aurka doa beldurrarekin eta beldurrean hezi, zaindu eta laguntzea. Horren ordez, «errespetuan, lankidetzan eta elkartasunean oinarritutako hezkuntzan» sinesten dute.