NAIZ

Gobernuak eta aldundiak enpresa handiek zergak ez ordaintzearen konplize direla salatu du ELAk

Fiskalitatearen kanpainaren baitan, ekitaldia egin du gaur ELAk Bilbon. Besteak beste, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak hartu du hitza, eta salatu du gobernuen eta foru aldundien konplizitateari esker enpresa handiek ez dutela zergarik ordaintzen.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, Bilbon gaur egin duen ekitaldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, Bilbon gaur egin duen ekitaldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Zerga sistema iraultzeko unea da» lelopean, ekitaldia egin du ELA sindikatuak ostegun honetan Bilboko Arriaga antzokiaren alboan, fiskalitatearen inguruko kanpainaren baitan. Bertan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ziurtatu du erreforma fiskala inoiz baino beharrezkoagoa dela, krisiak desberdintasunak eta behar sozialak aregoatu dituelako: «Justizia sozialagatik ez ezik, krisiari irtebidea emateko bidea ere bada».

Izan ere, Lakuntzak dio «ez gaudela denok» krisian, baliabide ekonomikoak izan arren, krisia «betikoak» ordaintzen ari direlako. Izan ere, enpresa handiek apenas ordaintzen dute zergarik: irabazten dituzten 10 euroetatik bat. Eta langileak dira ekarpen handiena egiten dutenak: «Jornalen zuzeneko zergetatik datoz Ogasunak jasotzen dituen lau euroetatik hiru».

Egoera hori hautu politiko baten ondorioa dela azpimarratu du: «Herri honetan zenbat eta gehiago eduki, orduan eta zerga gutxiago ordaintzen da, eta beraiek ordaintzen ez dutena beste batzuek ordaindu behar dugu. Hori Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta aldundien konplizitate politikoarengatik gertatzen da».

Gainera, politika industrialik ez izatea leporatu die erakundeei, eta enpresek alde egin ez dezaten zergak saihestea «zentzugabea» dela dio. Benetako politika industriala behar dela deritzo Lakuntzak, eta zerga sistemaren aldaketaren bidez enplegua sustatzeko baliabideak izango direla. Era berean, enpresa estrategikoak babestuko dituen 2.300 milioi euroko fondoa sortzea ere proposatu du.

Ildo beretik hitz egin du Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak eta Hego Euskal Herriko erakundeek fiskalitate eskumenak enpresen mesedetan eta hiritarren kaltetan erabili dituztela salatu du: «ELA ez dago Kontzertu Ekonomikoaren kontra, hala esan badigute ere, baizik eta errenta handiei, enpresei eta kapitalari halako zerga jaitsiera basatiak egitearen kotra». Horregatik, zergak igotzea ezinbestekoa dela defendatu du, hala nola, sozietateen irabazien zergei %25 igoz edo Ondarearen zerga ezarriz.

Xabi Zalaba Azterketa Bulegoko kideak aletu ditu proposamen horiek, eta zerga sistema aldatzeko unea dela aipatu du: «Borondate politikoa besterik ez da». Leire Estevez sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradunak, bestetik, zergaren erreforma «elkartasun» eta «justizia» auzia ere badela adierazi du, eta zerga igoera gizarteko desberdinkeriarekin amaitzeko baliatu behar dela ziur da.

Ostiral honetan, ekainaren 4an, Iruñean egingo du beste ekitaldi bat ELAk, Errekoleten plazan, Fiskalitatearen kanpainaren baitan. Eta ekainaren 15ean Gasteizen eta 17an Donostian ere antolatu ditu ekitaldi bana, zerga sistemaren erreforma eskatzeko.