NAIZ

June Loidik prest ikusten du orain bere burua Bera Berarako «jauzia» emateko

Elgoibarko jokalariak «kirolari bezala hazteko» aukera polit bat bezala ikusten du Donostiako taldean aritzea eta ilusio handiz hartu du umetan ikusten zuen taldean aritzeko eman dioten egokiera.

Barakaldo utzi eta Donostian arituko da June Loidi elgoibartarra. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Barakaldo utzi eta Donostian arituko da June Loidi elgoibartarra. (Monika DEL VALLE/FOKU)

21 urte bete berri, bere kirol ibilbidean jauzi bat eman nahi izan du June Loidi elgoibartarrak, azken urteetako bere taldea, Zuazo, utzi eta Bera Berarekin fitxatuta. Aurrerapauso hau, ordea, ondo neurtuta eman nahi izan du lehen lerroko jokalariak, duela bi urte ere izan baitzuen Donostiako taldean jokatzeko aukera, baina nahiago izan zuen eskailerak banaka igo eta, behin bere burua prest ikusi duenean ekingo dio erronkari.

«Bai, deitu zidaten lehenengo aldian ez nuen nire burua prest ikusten prest horrelako jauzi bat emateko. Bigarren Maila zapaldu gabe nengoen eta zuzenean Ohorezko Mailara egin nuen jauzi, eta Bera Bera Bera Bera da eta niretzako are jauzi handiagoa suposatzen zuen», azaldu du Loidik bere aurkezpenean. 

Barakaldon maila bikaina erakutsi ostean, bereziki defentsan da trebea elgoibartarra, «erabaki dut orain dela momentua, kirolari moduan hazteko gogoa daukat eta aukera polita iruditu zait Donostiara etortzea». Aurretik etorkizun oparoa izaki, hazten jarraitzeko leku gutxi Bere Bera baino hobeak elgoibartarrarentzat. «Oso pozik nago, aukera oso ona da kirol arloan aurrerapauso bat emateko eta nire ibilbidean gehienbat. Egia da uste dudala jauzi handia dela eta hasieran esfortzu handia egin beharko dudala. Uste dut leku onera etorri naizela ikasteko, taldekide onak ditudala beraietaz ikasteko», gaineratu du.

Kirol erronkak

Gipuzkoarra izanda, gainera, herrialdeko talderik indartsuenean aritzeak ere ilusio berezia egiten dio. «Txikia nintzenean Bera Bera ikustera etortzen ginen eta sekula ez nuen pentsatuko kamiseta hau defendatuko nuenik. Horrek ere motibatzen nau», adierazi du.

Baina kirol alorrean aurrean dituen erronkak ere ez dira makalak, tartean Europan aritzea edo Gipuzkoan bertan jokatuko den Kopa. «Egia da nik Kopa bakarra jokatu dudala, Barakaldon, eta oso esperientzia polita izan zen. Erronka bereziak dira, Kopa Gipuzkoan jokatzean giro polita lortuko da eta taldeak lana ondo eginez gero, ba uste dut emaitza onak lortuko ditugula. Ez dut inoiz Europan jokatu eta ikusita bakarrik erakargarria eta denboraldia ilusio gehiagorekin hartzeko arrazoi bat gehiago da», amaitu du Loidik. 

Bera Berak bi fitxaketen berri eman du aste honetan eta biak ala biak Zuazotik iritsi dira Donostiara. Asteartean, Maddi Aalla atezainaren fitxaketaren berri eman zuen.