NAIZ

Etxebarrieta oroitzeko ekitaldiak bertan behera utzi ditu Egiari Zor jazarpenaren ostean

Jasandako erasoen eta salaketen ondoren, Egiari Zor Fundazioak bertan behera utzi ditu ostiral honetan Bilbon eta igandean bertan zein Derion Txabi Etxebarrietaren omenez antolatutako ekitaldiak. Prentsaurrekoa deitu du iganderako.

Txabi Etxebarrietaren omenez egindako ekitaldi baten artxiboko irudia. (June PRIETO/FOKU)
Txabi Etxebarrietaren omenez egindako ekitaldi baten artxiboko irudia. (June PRIETO/FOKU)

Egiari Zor fundazioak bertan behera utzi ditu ostiral honetan Bilbon eta igandean Bizkaiko hiriburuan eta Derion Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen omenez antolatutako ekitaldiak.

Ohar batean, fundazioak «jasandako erasoei» egotzi die bi ekitaldiak bertan behera uztea, eta prentsaurrekoa deitu du iganderako, «Estatuaren biktimok jasaten dugun diskriminazioa salatzeko, eta memoriarako eta egia jakiteko dugun eskubidea» aldarrikatzeko.

Ostiral arratsaldean 'Txabi Etxebarrietaren heriozta 1968ko Euskal Herrian/La muerte de Txabi Etxebarrieta en la Euskal Herria de 1968' hitzaldia egitekoa zen Bilbon. Hasiera batean, ‘La Bolsa’ eraikin publikoan izango zen baina Dignidad y Justicia elkarteak salaketa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean eta Villacisneros Fundazioak esan zuen Bilboko alkatea salatuko zuela, ekitaldiak egitea baimentzen bazuen.

Horren ostean, Bilboko Udalak ‘La Bolsa’ ekitaldi horretarako erabiltzea ukatu zuen. Egiari Zor-ek ekimena beste toki batean egitea pentsatu zuen, baina azkenean, jasandako jazarpena dela eta, antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du.

Horrenbestez, igandean Bilbon egingo zen ekitaldia eta Derioko hilerrian egingo zen lore eskaintza bertan behera geratu dira ere bai.

Egiari Zorrek hau jakinarazi ostean, «terrorismoa goratzea» leporatuta Dignidad y Justiciak jarritako salaketaren aurrean, Auzitegi Nazionalak esan du ez zegoela deliturik ekitaldi hauetan. Ordurako, ordea, trabak pilatuak ziren.