Aspaldiko lagunak, urrats berriak

Realeko eta Eibarko beteranoen arteko lehen partida hartu du Zubietak, Tximist Cupen 5. edizioaren barnean.

Realeko jokalari-ohiek dantzatu dute aurreskua Tximisten familia omentzeko. (Jon Urbe/Foku)
Realeko jokalari-ohiek dantzatu dute aurreskua Tximisten familia omentzeko. (Jon URBE/FOKU)

Askotan jokatu dute elkarren kontra, kamiseta berbera defendatu ere hainbat kasutan, baina estreinaldiko arratsaldea bizi izan dute gaur. Realeko eta Eibarko beteranoen arteko lehen partida hartu du Zubietak, asteburuan zehar jokatzen ari den Tximist Cupen 5. edizioaren egitarauaren barnean.

Berritasun bikoitza, etxekoen kasuan, lehen aldia baita hainbeste urtetan defendatu zuten kamiseta berriro «ofizialki» janzten dutela. Tximist Cup antolatzearen ardurarekin konformatu ez eta Aintzane Encinasek Realeko jokalari-ohien elkarteari ateak emakumezkoei ere zabaltzea eskatu zion. Prozesua martxan dago eta donostiarraren taldekideak izandakoak pozez hartu dute lehen urrats publikoa emateko erantzunkizuna.

Pozez eta emozioz, hunkigarria izan baita Zubietan bizi izandako arratsaldea. Hogei jokalari-ohiek ekin diote erronkari, urteak aurrera joan arren, kalitatea eta maiten dituzten kirolarekiko eta koloreekiko pasioa bizi-bizirik mantentzen direla erakutsiz. Aurrekoak ez dira atzean geratu. Bada bi urte Eibarko beteranoek urrats berbera eman zutela, Donosti Cupen izena eman eta irabaziz. Oraingoan aurkari gogorragoa izan dute -eta gazteagoa, armagin bat edo batek azpimarratu duen bezela– eta markagailuan isladatu da, Tximist Cupen beteranoen mailako lehen trofeoa etxean geratu baita, Maite Lizasok, Guru del Amak eta Ainara Herrerok sartutako golei esker.

Golak, jokaldi politak, geldiketaren bat –Realaren atea Oihana Galdonak defendatu behar izan duen arren– eta, batez ere, jai-giroa eta une berezi bat bizitzen izatearen sentsazioa. Txapelketari izena ematen dion Realeko prestatzaile fisikoa izandako Juan Carlos Samaniego «Tximist»en familiak omenaldi ederra jaso du partida hasi aurretik, Realeko zortzi jokalari-ohiek beraiek dantzatutako aurreskuarekin, lankide eta laguna izan zutena oroitzeko. Baina omenaldia beraientzat izan da ere, orain dela hamabost urte Realeko kamiseta Lehen mailara eraman zutenentzat –gaur Olympiquek emandako baimenari esker aulkian berriro jarri den Iñigo Domínguezek berak zuzenduta–, denbora guzti honetan taldearen, eta orokorrean emakumezkoen futbolaren, hazkundea gauzatu dutenentzat eta gaur ere berdintasunaren aldeko urratsa eman dutenentzat, emakume beteranoek ere euren koloreak defendatzen jarraitu dezaketela erakutsiz.

Batzuk ezin izan dira etorri eta etorritakoen artean, batzuk ezin izan dute jokatu. Zubietan Oihane Galdona, Esti Bajo, Ainhoa Mateos, Eguzkiñe Peña, Maialen Zelaia, Ainara Manterola, Guru del Ama, Maite Lizaso, Larraitz Lucas, Idoia Agirre, Aintzane Encinas, Marina Agoües, Anne Mugarza, Ainara Herrero, Evelyn Santos, Naiara Elorriaga, Nagore Lizardi, Eli Enciso, Laura Gómez, Maider Egea, Uxue Garmendia, Nerea Gabirondo, Itsaso Nabaskues eta Iñigo Domínguez entrenatzailea bildu dira gaur. (Jon URBE/FOKU)

Bada pare bat urte Eibarko jokalari-ohiak bildu zirela beteranoen taldea martxan jartzeko. Gaur Zubietan María Luque, Itziar Pobes, Maialen Delgado Oihane Chico, Amaia Maiztegi, Maitane Roa, Andrea Bebois, Aitziber Valladares, Lauri Olmo, Laura Albistegi, Miriam Rodríguez, Alane Berrondo, Irati Batez, Ainhoa San Martín, Aizea Lomba, Lara Blas, Ane Zendoia, Yolanda Mateos –gaur zelairatu den beteranoena 49 urtekin– eta, entrenatzaile lanetan, Arantxa Mata. (Jon URBE/FOKU)