Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bidasoa-Irun Asobal Kopatik kanporatuta geratu da Sinfinen aurka galdu ostean (33-28)

Amaitu da Bidasoa-Irunen ibilbidea aurtengo Asobal Kopan, Santanderren, Cantabria Sinfin etxeko taldearen aurka galdu baitu finalerdian (33-28). Ernesto Sanchez atezaina irundarren amesgaizto bihurtu da –17 geldiketa egin ditu–. De la Salud, Crowley, Bonanno eta Serranoren azken neurketa izan da.

Bidasoa-Irungo jokalariak, Santanderren beroketa egiten, partida hasi aurretik. (CD BIDASOA)
Bidasoa-Irungo jokalariak, Santanderren beroketa egiten, partida hasi aurretik. (CD BIDASOA)

Agur esan dio Bidasoa-Irunek Asobal Kopari eta denboraldiari. Gainera, zenbait jokalarik –De la Salud, Crowley, Bonanno eta Iker Serrano– azken partida jokatu dute kamiseta horiarekin. Azken titulua zegoen jokoan Santandarren, baina etxeko taldea hobea izan da 60 minutuetan zehar eta garaipena lortu du, finalerako txartela eskuratuz. Bertan, igande honetan (20.30), Barça izango dute aurkari, katalanek Bada Huescari 43-27 irabazi eta gero.

Lehen zatiaren amaieran Bidasoa-Irunek kalteak txikiagotzea lortu du, baina egia esateko, asko sufritu behar izan dute Jacobo Cuetararen jokalariek partida osoan zehar.

Arrazoiak, bat baino gehiago izan dira. Hasteko, eta garrantzitsuena, Ernesto Sanchez Cantabria Sinfineko atezaina bikain aritu da. Lehen zatia 11 geldiketekin amaitu du –17rekin amaitu du partida–. Beste arrazoietako bat, zutoinak eta langak izan dira. Hau da, bidasotarrek bost aldiz jo dute baloia Sinfineko atearen kontra: De la Salud, Rodrigo Salinas, Crowley eta Racoteak ez dute asmatu azken metroetan.

Eta beste arrazoi bat aipatzearren, etxeko taldearen ilusioa izan daiteke. Kantabriarrentzat bere historiako lehen Asobal Kopa da aurtengoa, eta irudi ona eman nahi izan dute hasiera-hasieratik.

Indar gehigarri honek lau goleko aldea eman dio Cantabria Sinfini (5-1, 6-2, 7-3, 8-4, 9-5, 10-6, 11-7, 12-8 eta 13-9) lehen zatiko minutu gehienetan. Baina Julen Aginagalde eskarmentu handiko jokalariak bere taldea eutsi du bi golekin eta etxekoek baLoiren bat ere galdu dute. Hortik etorri da, alegia, 13-11koa. Azkuek sartu du, kontraerasoan, baloia lapurtu ondoren. Sinfineko jokalari batek zutoinera bidali du ondoren baloia, eta Bidasoak azken segundoetan gola sartu badu ere, epaileek jaurtiketa librea adierazi dute lehen zatia 13-11 amaitzeko.

Bigarren zatia, berdintsu

Bigarren zatia partidaren hasiera bezala hasi da, berdin-berdin. Hiru gol jaso dituzte bidasotarrek lehen hiru minutuetan (16-11). Ez hori bakarrik, etxeko atezainak bereak egiten jarraitu baitu.

Zortzi goleko aldea izan du gehienez Cantabria Sinfinek (26-18). Etsi-Etsian 4-2ko defentsa batekin ipini da Bidasoa momentu horretan, eta ondo atera zaio, etxekoek baloia galdu eta 0-2ko partzial bat lortu baitute irundarrek, Tesoriere eta Zabalaren golei esker (26-20).

Baina kantabriarrei dena atera zaie, eta dena izan dute alde. Jaurtiketa gehienak sartu dituzte, atezaina bikain aritu da eta Bidasoa-Irunek ezin izan dio buelta eman markagailuari, Asobal Kopari eta denboraldi bikainari agur esanez.

PARTIDAKO FITXA:

33 - Liberbank Cantabria Sinfin: Ernesto  Sanchez (p)(1), Pla (3), Ostroushko (4), Valles (4+2p), Diego, Zungri (7) eta Barco (6) –hasierako zazpikoa–, Elcio (p), Postigo, Lastra, Basualdo, Lon (5), Castro (1), Rubio eta L. Pla.

28 - Bidasoa-Irun: Sierra (p), Crowley, Azkue (6), Serrano (1), De la Salud (2), Salinas (5) eta Cavero (3+2p) –hasierako zazpikoa–, Ledo (p)(1), Da Silva, Zabala (3), Aginagalde (2), Racotea (2), Tesoriere (1) eta Bonanno.

Epaileak: Javier Alvarez Mata eta Yon Bustamante Lopez. Bi minutu kaleratu dituzte Zungri eta Ostroushko; eta Racotea eta Aginagalde.

Partzialak bost minuturo: 1-1, 5-2, 7-3, 10-6, 12-8 13-11 (atsedenaldia), 16-12, 19-14, 22-16, 26-19, 29-24 eta 33-28 (amaiera).