Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Arbizuarren agurra Baldari: «Zenbat borroka kabitzen den zu bezalako hutsune batean»

Agur eta omenaldi goxo, alai eta hunkigarria eskaini diote Arbizuko herritarrek duela bi hilabete istripu batean zendu zen Fran Balda herrikideari.

Omenaldia egin diote Fran Baldari Arbizun. (Endika PORTILLO / FOKU)
Omenaldia egin diote Fran Baldari Arbizun. (Endika PORTILLO / FOKU)

Joaldun, momotxorro eta irrintzi festa batek iragarri du hasiera. Arbizuko herria prest zegoen Fran Balda herrikideari azken agurra emateko. Martxoaren 14an zendu zen ezker abertzaleko militante ezaguna, istripu batean kotxe batek harrapatu eta gero. Txalo artean iritsi den argazki erraldoi batean eta bertaratutakoengan, gaur ere Fran Balda Arbizun izan da.

«Heriotzak konbokatu gaitu. Hemen gaude minari hitzak jarri nahiean», hasi da ekitaldia. «Badu minak samurretik ere, euskaraz bederen. Horregatik, agur lagun maite, agur lagun min». Honela izan dituzte hizpide Baldak aurrera eraman zituen hamaika borrokak.

Dantzariak, musikariak, herriko koroa eta baita Porrotx ere izan dira Sakanako herrian. Eta nola ez, Baldarekin hamaika borroka horiek konpartitutako herritarrak izan ere, «nekez uzten du herria herria egin duenak».

Hitza hartzen lehena Amaia Izko abokatua izan da, arbizuarrarekin eta beste 45 euskal herritarrekin batera, 2019an, euskal presoen eskubideen denfentsan egindako lanagatik espainiar Auzitegi Nazionalean epaitua izan zena. «Ez genituzke hitz hauek esan nahi. Ez genuke hemen egon nahi. Zurekin lanean egon nahiko genuke. Borrokan jarraitu nahiko genuke. Burkideak garelako». Konpartituako uneak izan ditu gogoan Izkok. Presoen eskubideen alde lanean, Auzitegi Nazionaleko kalabozoetan «eta berriz lanean eta berriz kalabozoetan. Nork esan behar zizun zuri ezin zenuela lanik egin?». Eta baita parrandan ere, gogoratu du. «Zurekin bide hau konpartitzea plazera izan da. Orain egizu egan libre, asko eman zaitugu eta. Eskerrik asko eta beti arte Fran».

Azken Sustraiak talde beasaindarrak hartu dio lekukoa, ‘Hilezkorrak’ abestia plazaratuz, baita Palestinatik iritsitako gutuna ere izan da eszenatoki gainean. Izan ere Baldak, zinegotzi zenean, Marda herriarekin lotu zuen Arbizu: «Ez dugu Fran ahaztuko, lagun izan genuelako gure herriak sufritzen duen okupazio sionista eta arrazista honetan. Adiorik ez. Betiko bizia». Han brigadista gisa berarekin izan zen Porrotx, eta bertako oroitzapenak ekarri ditu, baita Pupu eta Lorek egindako eskulan batzuk ere. «Eguzkia egunero ateratzen da. Bere goxotasuna eta berotasuna ematen digu denoi. Daukagun generoa daukagula, daukagun kolorea daukagula. Eta Franek horrela nahi zuen mundua. Mundu berri bat denontzat. Triste gaude ez dagoelako gurekin, baina pozik gaude ezagutu genuelako».

«Hik eta hik bezalakoek argituko zigutek bidea»

Sareko ordezkariak ere izan dira bertan eta Mikel Mundiñanok hartu du hitza. Gogora ekarri du heriotzaren eguna, zeinetan preso baten irteera ospatu berri zuten Etxarri Aranatzen eta Balda ere bertan izan zen. «Argi zuen zein zen bidea. Eta argi zuen arduraz jokatzea zegokigula. Garaia dela espetxeak hustutzeko eta ez genuela eztabaida antzuetan indarrik galdu nahi, gehiago bagara urrutira iritsiko garela. Laster konturatu ginen Franen utzitako hutsuneaz, baina batez ere egindako guztiaz. Hiregatik ere eginen dugu aurrera. Orain guri zegokiguk aurrera egitea. Irakaspen handi bat izan da hikin lan egitea. Hik eta hik bezalakoek argituko zigutek bidea. Beti arte Fran».

Haren ostean herrikide eta lagunek hartu dute hitza zeintzuek utzitako «hutsunea» nabarmendu duten. «Elkarrenganako aterpe izan gaituk trumoiak gogor astintzen gintuenean eta orain hire memoriaren gotorleku. Hartzak gerreroaren atsedena, guk ‘Mala vida’ jarri ta dantzatuko dugu».

Hutsune handia utzi du Arbizun, Sakanan, Nafarroan eta Euskal Herrian. «Zenbat borroka kabitzen den zu bezalako hutsune batean», nabarmendu dute omenaldiaren antolatzaileek.

«Ezinbesteko horietako bat»

Ernai eta Sorturen izenean, Ane Zalduak eta Iker Araguasek hartu dute hitza. «Gazte izaten erakutsi diguzu. Ez da bakarrik bizitako urte kopurua. Nola ez zinen ba zu gazte izanen egunero borrokatzen bazenuen? Beti laguntzeko prest, beti alboan», nabarmendu du Zalduak. Araguasek, «Beriaini begira» egin nahi izan dio omenaldia. «Bertolt Brechtek esaten zuen ezinbesteko horietako bat. Ez osasun arazoek ez errepresioak ez zuten bere konpromisoa gelditua. Zailtasunetan beti aurrera, hain kutsakorra zuen grinarekin. Bere Beriain kuttunetik Euskal Herri osoari begira. Bere ereduak blai dezala guztia».

Pello Reparaz musikari arbizuarrak, Gorka Pastor lagun zuela, ere jarri du bere alea ekitaldiari amaieran Vendetta taldearen ‘Hemen’ abestiarekin, Balda beraren hainbat audio entzun eta topa egin aurretik.

Indarraren eredu zara.
Denon harribitxia.
Irrifarre hura piztean
eta hortzak estutzean.

Herri honek batu gaittu bidean,
gaztetako ametsekin borrokan.

Hitz hauek idatzi dittut zuretzat,
zurekin batera dauden bihotz urratuentzat

Hemen gaittuzu betiko
Hemen gaittuzu betiko
Hemen gaittuzu eztarrietatik eskutara
ta hemen gaittuzu betiko

Gogor ekin herria hirekin,
gogor ekin kaleetan ikusi
begitako disdira hori