Andres Osa «Sakona»

Xabier Orbegozo «Arria V.ak» sekulako marka ezarri du Ibarran: 6:05:52

Harri jasotzea, mendi lasterketa eta aizkora sei ordu baino lehen egiteko erronka jarri eta minutu gutxi batzuk pasa bada ere, bukatu arte aritu da lanean.

Arria V.a, lanak burutu ondoren txapela buruan duela. (Andres OSA «SAKONA»)
Arria V.a, lanak burutu ondoren txapela buruan duela. (Andres OSA «SAKONA»)

Igande honetan goizean, Ibarra eta inguruetan Xabier Orbegozo Arria V.a izan da protagonista herri kirol alorrean marka izugarria egin duelarik. Goizean-goiz Ibarrako plazan jende mordoa bildu da bertan bizi den kirolariaren lana ikusteko. 100 kiloko harria 10 biderrez leporatu. Jarraian 43 kilometro mendi maratoian, tartean Tolosaldeko hiru tontor mendean hartuz eta azkenik Ibarrako plazan 10 pago enbor kanaerdikoak moztu.

Xabierrek berak jarri zuen 6 ordu azpitik baietz egin, bai ala bai. Ez zen urruti ibili. Lan ikaragarria aurrean eta goizean, zortziretan puntuan eman dio hasiera probari. 100 kiloko harria 10 aldiz jasotzea izan da bere eginkizuna. Oso ongi egin du lana, 2 minutu eta 21 segundotan burutu baitu. Jarraian 43 kilometro gora eta behera mendi eta herriak pasatu ditu. Ernio tontorretik markatua zuenez baino hiru minutu azkarrago igaro da. Uzturre tontorretik  lau minutu atzetik eta Erroizpeko menditik, 5 ordu eta minutu bat eginaz pasatu da. Bide bazterretan jende asko animatzen egon da.

Itzuleran Herriko plaza beterik zain noiz agertuko korrikalaria. 5 ordu eta 26 minutu agortu dituenean sartu da Ibarrako plazan. 10 kanaerdiko plaza erdian. Aizkoran 5 ordu 27 minutu eta 26 segundu bete direnean hasi da. Xabierrek sekulako prestakuntza egina zuela garbi frogatu du. Leher leher, jota egon arren, barruan zuen guztia emanaz 6 ordu, 5 minutu eta 52 segundutan burutu du lana. Bere asmoa tantare bategatik ez da bete, baina marka izugarria hor gelditu da nahi duenak aproba egin dezan.