Asier Aiestaran

Van der Poelek beste erakustaldi bat eman du Suitzako bigarren etapa bereganatzeko

Alpecin taldeko herbeheretarra larri ibili da eguneko azken mendatean oilar nagusien erritmoari eusteko, baina aurrean sartzea lortu du eta azken kilometroetako eraso jokoan nagusi izan da beste behin. Stefan Kung suitzarrak lider jarraituko du, baina segundo bakarrera ipini zaio Julian Alaphilippe.

Van der Poel, helmugan bere garaipena ospatzen (ALPECIN)
Van der Poel, helmugan bere garaipena ospatzen (ALPECIN)

Mathieu Van der Poel herbeheretarrak irabazi du Suitzako itzuliaren bigarren etapa, 173 kilometro Neuhausen am Rheinfall eta Lachen artean. Alpecin Fenix taldeko txirrindularia izan da indartsuena azken kilometroetan faborito nagusien artean izandako jazarpen proban, eta aurrea hartu die bigarren izan den Max Schachmann-i (Bora) eta hirugarren sartu den Wout Poels-i (Bahrain).

Aurreko taldetxoan sartu ez den arren, Stefan Kung suitzarrak (Groupama) lider jarraitzen du, baina orain segundo bakarreko aldea ateratzen dio bigarren ipini den Julian Alaphilippe-i (Deceuninck). Schachmann da hirugarren 2 segundora.

Etaparen borroka eguneko azken mendatean lehertu da: Litschstrasse. Oso luzea izan ez arren, aldapa oso gogorrak zituen eta hainbat eraso egon dira oilarren artean. Julian Alaphilippe izan da erritmoa azkartu duen lehena, eta bere atzetik saiatu dira tartea irekitzen Vuillermoz (Total), Dunbar (Ineos), Woods (Israel) edota Schachmann bera.

Van der Poel une batzuetan atzean geratzeko zorian egon den arren, azkenean mendatea aurrekoekin batera pasatzea lortu du eta jaitsiera arriskutsua amaitu bezain laister, lasterketa Lachen herriko kaleetan sartzearekin batera sekulako erasoa jo du, hiru kilometroren faltan.

Fuglsang (Astana) eta Poels saiatu dira herbeheretarra harrapatzen, baina ezinezkoa izan zaie hark ordekan ipinitako erritmoari eustea. Azkenean Schachmann izan da Van der Poel harrapatzea lortu duen bakarra, baina esprintean ez da kolorerik egon eta Alpecinekoak aise lortu du denboraldiko bere bosgarren garaipena.

Tarteak ez dira handiak izan, eta horri esker Stefan Kung-ek maillot horiari eustea lortu du, baina argi ikusi da zein diren lasterketako gizonik indartsuenak.

Lauko ihesaldia euripean

Bigarren etapa euriak baldintzatu du kilometro asko eta askoan. Txirrindulariek sekulako euri zaparradak jasan behar izan dituzte eta euripe horretan eguneko ihesaldia osatu dutenak lau ziklista izan dira: Imhof (Suitza), Bohli (Cofidis), Zukowski eta Dal-Cin (Rally).

Rally taldeak ihesaldian bi ordezkari izan arren, biak atzean geratu dira erasoak hasi direnean, eta Imhof eta Bohli suitzarrak izan dira aurrera egin dutenak. Eta azken-aurreko mendatean Imhof geratu da bakarrik lasterketa buruan.

Tropelari dagokionez ere izan dira gora-beherak, eguneko mendateetako batean hainbat izen esanguratsu atzeko talde batean moztuta geratu baitira, De la Cruz (UAE), Mathias Frank (Ag2r) edota Pozzovivo (Qhubeka), esaterako.

Azken kilometroetan, ordea, atzekoek tropelarekin bat egitea lortu dute, eta Imhof iheslaria Litschstrasse igotzen hasi bezain laister harrapatu dute, helmugarako zortzi kilometroren faltan. Juxtu azken borroka erabakigarria lehertu aurretik.

Suitza - Bigarren etapa
1. Mathieu Van der Poel (Alpecin)     4:12:30
2. Max. Schachmann (Bora)     1era
3. Wout Poels (Bahrain)    4ra
4. Ivan Garcia Cortina (Movistar)    d.b.
5. Marc Hirschi (UAE)    d.b.
6. Richard Carapaz (Ineos)    d.b.
7. Michael Woods (Israel)    d.b.
8. Julian Alaphilippe (Deceuninck)    d.b.
40. Omar Fraile (Astana)    1:06ra
44. Victor de la Parte (Total)    1:10era

Suitza - Nagusia
1. Stefan Kung (Groupama)     4:24:52
2. Julian Alaphilippe (Deceuninck)     1era
3. Max. Schachmann (Bora)    2ra
4. Mathieu Van der Poel (Alpecin)    6ra
5. Ivan Garcia Cortina (Movistar)    12ra
6. Richard Carapaz (Ineos)    d.b.
7. Mattia Cattaneo ( Deceuninck)    d.b.
8. Neilson Powless (EF)    25era
34. Omar Fraile (Astana)    1:26ra
42. Victor de la Parte (Total)    1:48ra