Asier Aiestaran

Ez dago Van der Poel geldituko duenik Suitzan: bigarren garaipena eta maillot horia

Alpecin taldeko herbeheretarra indartsuena izan da hirugarren etapa erabaki duen esprintean eta gainsariei esker sailkapen nagusiko lehen postura igo da. Mont Ventoux Challenge proban, bestalde, Miguel Angel Lopez nagusitu da eta Oscar Rodriguez nafarra bigarren izan da.

Van der Poel nagusi izan da Suitzako hirugarren etapan ere (ALPECIN)
Van der Poel nagusi izan da Suitzako hirugarren etapan ere (ALPECIN)

Mathieu Van der Poel (Alpecin) geldituko duenik ez da. Mendiko bizikletan prestatu eta lehiatzeko tarte bat hartu ostean –Tokioko Jokoak ditu jomugan– errepideko probetara itzuli da Suitzan, eta orain arte korritu diren hiru etapetatik bi irabazi ditu. Gaurko garaipenak, gainera, maillot horia janzteko aukera eman dio.

Hirugarren etapak 182 kilometro izan ditu Lachen eta Pfaffnau artean, eta irabazlea esprintean erabaki den arren borroka gogorra izan da hainbat kilometrotan. Oilar nagusiak ere jo eta ke aritu dira azken kilometroetan.

Eguneko ihesaldia lau txirrindularik osatu dute: Frank (Ag2r), Rochas (Cofidis), King (Rally) eta Imhof (Suitzako selekzioa). Baina tropelean faboritoen taldeak ez zeuden inolako aukerarik emateko prest.

Van der Poel bera eta Julian Alaphilippe (Deceuninck) izan dira, adibidez, urrunetik erasoa jo eta beste faborito guztiak jokoz kanpo uzten saiatu direnak, baina Ineos indartsu agertu da uneoro eta ez die sokarik askatu horretarako.

Ivan Garcia Cortina (Movistar) ere saiatu da azken kilometroetan tropela ezustean harrapatzen, eta lortzeko zorian izan da, baina azken mila metroen faltan harrapatu dute maila bikaina ematen ari den asturiarra.

Horrela, etapa garaipena esprintean jokatu da, eta Mathieu Van der Poel oso indartsu agertu da berriz ere. Urrutitik abiatu du esprinta eta beste gizon azkarrek ezin izan dute menderatu. Christophe Laporte izan da bigarren, Julian Alaphilippe hirugarren, Michael Matthews (BikeExchange) laugarren eta Maximiliam Schachmann (Bora) bosgarren.

Aipagarria Omar Fraileren zortzigarren postua. Astanako bizkaitarra aurreko postuetan adi ikusi dugu egunotan eta hirugarren etapan esprintean sartu eta ohorezko postuak borrokatzera ausartu da. Astanako beste euskal ziklistak nola dabiltzan ikusita, Fraile ere saiatuko da protagonista izaten.

Sailkapen nagusiari dagokionez, gainsariak tarteko, Van der Poel lider jarri da, Alaphilippe bigarren dago segundo bakarrera, Stefan Kung (Groupama) hirugarren da orain laura eta Schachmann laugarren seira.

Suitza - Hirugarren etapa
1. Mathieu Van der Poel (Alpecin)     4:24:26
2. Christophe Laporte (Cofidis)     d.b.
3. Julian Alaphilippe (Deceuninck)    d.b.
4. Michael Matthews (BikeEx.)    d.b.
5. Max. Schachmann (Bora)    d.b.
6. Alexander Kamp (Trek)    d.b.
7. Tiesj Benoot (DSM)    d.b.
8. Omar Fraile (Astana)    d.b.
9. Anthony Turgis (Total)    d.b.
44. Victor de la Parte (Total)    d.b.

Suitza - Nagusia
1. Mathieu Van der Poel (Alpecin)     8:49:14
2. Julian Alaphilippe (Deceuninck)     1era
3. Stefan Kung (Groupama)    4ra
4. Max. Schachmann (Bora)    6ra
5. Mattia Cattaneo ( Deceuninck)    13ra
6. Ivan Garcia Cortina (Movistar)    16ra
7. Richard Carapaz (Ineos)    17ra
8. Neilson Powless (EF)    29ra
29. Omar Fraile (Astana)    1:30era
35. Victor de la Parte (Total)    1:52ra

Mont Ventoux Challenge

Mont Ventoux Denivele Challenge eskalatzaileentzako egun bakarreko proba ere gaur jokatu da, eta garaipena Miguel Angel Lopez kolonbiarrarentzat izan da. Movistar taldeko igotzaileak 12 kilometroren faltan jo du erasoa eta sekulako aldeak atera ditu aurkariekiko.

Aurkari horien artean, Oscar Rodriguez nafarra izan da bigarren sailkatua, irabazlearengandik 2:26ra. Astana taldeko burlatarra Dauphine korritzetik zetorren eta bertan beste munduko mailarik eman ez arren, argi ikusi da sasoi puntu onean dagoela, eta World Tourretik Kontinental mailara koxka bat jaistean bere buruaren berri emateko aukera izan du.

Eguneko ihesaldian Roger Adriá (Kern Pharma) eta Quentin Pacher (B&B) izan dira gehien iraun dutenak, baina argi zegoen irabazlea atzean zegoela. Enric Mas izan da hirugarren sailkatua Movistarren lana borobilduz.

«Bagenekien irteeratik gu ginela gaur irabazteko faborito nagusiak, baina taldeak lan bikaina egin du eta oso pozik nago», aitortu du amaieran “Superman” Lopezek, garaipena erraza ez dela izan nabarmenduz.

Mont Ventoux Challenge
1. Miguel Angel Lopez (Movistar)     4:30:04
2. Oscar Rodriguez (Astana)     2:26ra
3. Enric Mas (Movistar)    2:33ra
4. Ben O’Connor (Ag2r)    3:30era
5. Cristian Rodriguez (Total)    d.b.
6. Kenny Elissonde (Trek)    4:02ra
7. Michel Ries (Trek)    4:45era
8. Simon Carr (EF)    5:41era
9. Carlos Verona (Movistar)    5:48ra
10. Geoffrey Bouchard (Ag2r)    6:10era
11. Maxime Chevalier (B&B)    6:17ra
12. Julien Bernard (Trek)    6:32ra
13. Clement Berthet (Delko)    6:50era
14. Merhawi Kudus (Astana)    7:38ra
15. Mikel Iturria (Euskaltel)    7:53ra
16. Ander Okamika (Burgos)    8:58ra
22. Garikoitz Bravo (Euskaltel)    10:37ra
23. Julen Amezketa (C. Rural)    10:45era
24. Jokin Murgialday (C. Rural)    11:06ra
45. Mikel Bizkarra (Euskaltel)    19:32ra
53. Jon Agirre (C. Rural)    22:00ra
71. Txomin Juaristi (Euskaltel)    25:31ra