Iraide Ibarrondo

Komuneko eskuilen borroka

Xaboizko burbuila, komuneko eskuila eta fregona artean aurkeztu dira Bizkaiko garbitzaileak Cebek patronalaren eraikinaren aurrean. «Soldata arrakala garbitzeko», eraikinaren fatxada garbituz performance baketsu bat antolatu dute. Guztira, 50 behargin inguru elkartu dira Bilbon ELAk deituta.

Garbitzaileak Cebek aurrean protestan (Iraide Ibarrondo)
Garbitzaileak Cebek aurrean protestan (Iraide Ibarrondo)

Patronalaren aurrean batu diren garbitzaileak, salbuespenak-salbuespen, orokorrean emakumeak izan dira. Ozenki abestu dituzte dantza artean beraien aldarrikapen eta leloak: «Garbikuntza borrokan!».

Gasteiz eta Donostian ere mobilizazioak deitu dira. Donostian La Bretxa merkatalgunean batu dira eta Gasteizen, ordea, Emakunderen egoitzaren aurrean. Ane Zelaia, zerbitzuak federazioko ELAko arduradunaren esanetan, «Emakundek hitz polit asko dituelako baina praktikan ezer gutxi egiten duelako sektore honen alde».

Izan ere, erabat feminizatua den sektorea da garbiketarena. Emakumeek lantaldeen %90 osatzen baitute. Aldiz, egoera erabat desberdina da kale-garbitzaileen edota zabor-bilketaren sektorearekin alderatuz gero. Garbiketaren azpi sektore horretan, gehienak gizonezkoak dira eta urtero emakumeek baino ia 8.000 euro gehiago kobratzen dituzte. Maite Leizegik, Bizkaiko garbitzaileen ELAko arduradunak, bozgorailua soinean, garbikuntza sektoreko soldaten diskriminazioa salatu du ia ahotsik gabe gelditu arte: «Lehenik eta behin diskriminazioa errekonozitzea nahi dugu eta gero soldata-eskaintzak igotzea arrakala honekin amaitzeko». Garbitzaileen artean, gutxi dira lanaldi osoko kontratuak dituzten langileak. Askok jardunaldi erdiko kontratuak dituzte eta horrekin ez dira hilean 600 eurotara iristen.

Nahiz eta Cebek aurreko performancera enpresa guztietako garbitzaileak deituta egon, egoera kritikoenean dauden langileak izan dira nagusi. Hau da, beraien zentroetan jada greban egon diren garbitzaileak. Hala nola, Bermeoko eta Ermuko udaletakoak, Guggenheim museokoak- zeinak ostiralean hasiko duten 11 eguneko greba bat- Petronorrekoak eta Gueñesekoak. Borrokan diharduten garbitzaileek, esentzialtasuna gogoan izan dute. Izan ere, pandemiren une gogorrenetan horrenbeste goraipatu ziren garbitzaileak orain erabat ahaztuta daudela salatu dute. 

Hurrengo mobilizazioak

Ekainaren 15erako ELAk greba deialdia egin du EAEko garbiketa sektore guztirako. Lurralde bakoitzean mobilizazio desberdinak egongo dira. Bilbon, 11:00etan hasiko da manifestazioa.