Amaia U. Lasagabaster
Elkarrizketa
Ion Zabaleta
Eibarko emakumezkoen futboleko koordinatzailea

«Talde hau ondoen definitzen duen hitza ’nortasuna’ da»

Logroñon EDFren aurkako norgehiagokari buelta emanez lortu zuen Eibarrek, igandean, denboraldiko helburua eskuratzeko behar zuen behin betiko garaipena. Liga amaitzeko bi jardunaldi falta direla, armaginek badakite datorren denboraldian ere «primerakoak» izango direla.

Zabaleta pozik dago egindako denboraldiarekin (Gorka RUBIO / FOKU)
Zabaleta pozik dago egindako denboraldiarekin (Gorka RUBIO / FOKU)

Mantsotu dira taupadak?

Badoaz moteltzen. Egia da sufritu genuela; hasieratik gertatzen joan ziren gauzekin ezinezkoa zirudien irabazteak. Txartel gorria, lesioa, gola kontra bigarren zatiko lehen jokaldian... Baina talde honek nortasuna dauka, une zailenetan aurrera egiteko gaitasuna dauka.

Sufritu, bigarren itzulian orokorrean dezente sufritu duzue; batez ere, lehen itzuliarekin konparatuta.

Ez nuke horrelakorik esango. Agian, puntu gutxiago lortu ditugu, baina uste dut lan ona  egin dugula hor ere. Egutegia hartzean ikusi genuen bigarren itzuliko hasiera exijentzia handikoa zela eta bolada txar hori normaltasunez hartu genuen. Gogoratzen dut lagunen mezu asko jasotzen nituela lasai egoteko esanez. Eta nik pentsatzen nuen... ‘ni lasai nago, baina!’. Pasatu zena normalena zen. Zer nahi dugu? Atleticori eta Real Madrili irabazi? Ba egiten badugu, zoragarri, baina guk hasieratik genekien zein zen gure lekua, zein zen gure helburua eta amaieraraino sufritu beharko genuela.

Egia da deigarriagoa egin zitzaigula lehen itzuliko ibilbidea bigarren itzuliko estutasunak baino.

Bai eta ez. Egia da berriak ginela, jokalari askok debuta egin zutela mailan, eta, beraz, beti dago zalantza bat; ez dakizu erantzuna zein izango den zehazki. Baina konfiantza geneukan eta asteak pasatu ahala ikusi zen arrazoia geneukala. Izan ere, lehen itzulian agian puntu gehiago merezi izan genuela pentsatzen dut eta Koparako ez sailkatzearen penarekin ere geratu nintzen, oso urrun ez baikinen ibili.

Non egon da gakoa?

Hitz bakarra erabili beharko banu, ‘nortasuna’ litzateke. Gero hori islatzen da konpromisoan, sakrifizioan, lehiakortasunean... Eibarko betiko balioak. Eta oso ‘gurea’ dela esango nuke, astero-astero ikusi baitugu, une zailenetan ere, talde honek sinesten duela, ia partida guztietan; galdu duenean ere bizirik heldu da azken minutuetara. Eta ez dut ikusi beste talde bat hori, gu bezala, denboraldi osoan zehar egiteko gai izan denik, gorabeherak eduki barik. Gure indarra hor dago.

Blokea mantentzea garrantzitsua izan zen horretarako.

Dudarik ez. Eta asmoa orain berbera da. Izan ere, aurreko urteotan urtebeteko kontratuak egiten genituen gehienbat eta iaz bi urterako kontratu eta berritze asko sinatu genituen.

Zaila izango da, hala ere, jokalari batzuk berriro gorri-urdinez ikustea. Thembi, esaterako.

Bueno, ikusiko da. Pozik gaude jokalari asko ditugulako kontratuarekin. Hutsuneak badaude, kontratazioekin asmatzen saiatuko gara; hori da gure lana.

Hurrengo denboraldiari begira, hainbat berritasun ditugu: lau euskal talde Lehen Mailan, Liga profesionala eta gizonezkoen Eibar Bigarren Mailan.

Zatika joan gaitezen. Hasteko, oso albiste ona da Alavesen igoera. Eta Osasuna datorren urtean igotzen bada, askoz hobeto. Hemen urte askotan egiten ari den lanaren isla da eta, euskal futbolarientzat batez ere, albiste ona da, Lehen mailan jokatzeko aukera gehiago izango baitute.

Liga profesionalari dagokionez... galdera zaila da benetan. Askotan hitz egin da horretaz eta urrats garrantzitsuena badator, baina inork ez daki entzuten ditugun hitz horiek, «Liga profesionala», paperean zer esango duten. Zer da Liga profesional bat? Hori da gehien kezkatzen nauena, baina aldaketa onerako izango dela pentsatu nahi dut; batez ere, jokalarientzat.

Eta jaitsierari dagokionez, argi dago klubaren aurrekontua txikituko dela. Baina eduki ditugun elkarrizketetan lasaitasuna transmititu didate, apustuak aurrera jarraitzen duela.